Albistea entzun

Erkorekak dio ez dela ertzainen jarduera desegokien frogarik

Gorroto gertakarien 2020ko txostena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. Jaurlaritzak Ernairen kontra egindako salaketa eta Ertzaintzaren jokamoldea ere hizpide izan dituzte
Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean aurkeztu zuten txostena, atzo, Gasteizen.
Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean aurkeztu zuten txostena, atzo, Gasteizen. JOSU TXABARRI / IREKIA Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2021eko ekainak 1

Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak gorroto gertakarien inguruan egindako azterketa aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. 2020. urtean izandako gorroto gertakariak biltzen ditu ikerketak, eta Jon Mirena Landa katedraren zuzendariak eman ditu horri buruzko argibideak, baina azalpenaren osteko hitzaldietan eztabaida beste gai batzuetara lerratu da. Talde parlamentarioen bozeramaileek hizpide izan dituzte Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Ernairen kontra egindako salaketa eta Ertzaintzaren jarduera. Azken horri dagokionez, Segurtasun sailburu Josu Erkorekak esan du Ertzaintzari jarrera diskriminatzaileak izatea leporatzen diotenek «gertaera argiak» aurkeztu behar dituztela, eta orain arte ez dagoela horren inguruko «frogarik».

Eusko Legebiltzarraren Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean aurkeztu dute txostena. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Iñigo Martinezek gogora ekarri ditu azken asteetan gorroto delituen eta Ertzaintzaren jokabidearen inguruko polemikak, eta galdetu du ea «kasualitatea» ote den polemika horiek orain hauspotu izana, txostena aurkeztu behar zenean. «Tamalgarria da hain lan ona eta adostasuna biltzen duen gai bat distortsionatu nahi izatea, Polizia gorroto delituak paira ditzakeen talde zaurgarri gisa aurkeztuz, adibidez», esan du.

Martinezen ustez, «errealitatea» da indar polizialek zenbaitetan «tratu diskriminatzaile eta iraingarria» erabiltzen dutela kolektibo batzuekin aritzen direnean, eta Legebiltzarrean bertan zenbait elkartek egindako salaketak ekarri ditu gogora. Adibidez, esan du norbaitek Ertzaintzaren kontra salaketaren bat jartzen duenean, «sistematikoki» Ertzaintzak beste salaketa bat jartzen duela haren aurka eta «aginteari atentatua» leporatzen diola.

EH Bilduko Julen Arzuagak ere galdetu du ea ertzainei leporatutako gorroto delituak agertzen ote diren txostenean. Landak azaldu du ikerketa poliziek emandako informazioarekin egin dutela, «eta horrek baditu bere mugak, noski», baina, osagarri gisa, gobernuz kanpoko elkarteek osatutako Era Berean sarearen datuak ere sartu dituztela txostenean.

Horren aurrean, Erkorekak esan du legea oso argia dela, eta poliziei agintzen diela «diskriminaziorik gabe» jarduteko herritarrekin aritzen direnean. Salaketen inguruan, esan du «frogarik» ez dagoela: «Ni prest nago esku hartzeko norbaitek egitate jakin baten inguruan froga argiak aurkezten baditu, baina, frogarik ezean, zuzenbide estatu batean nola jokatu behar dugu?». Nabarmendu du Era Berean sarearen salaketetatik %5 baino ez direla Poliziaren jardueren ingurukoak.

«Suarekin jolastu»

Segurtasun Sailak Ernai gazte erakundearen kanpaina bati buruzko informazioa bidali dio fiskaltzari «gorroto deliturik» ba ote dagoen iker dezan, eta hori ere eztabaidagai izan dute batzordean. Arzuagak «harria botatzea eta eskua ezkutatzea» eta «suarekin jolastea» leporatu dio Erkorekari: «Oraindik ere justizia aparatuan txertatuta dauden estatu sakonaren eragileek zuen salaketa baliatzen badute gazte gehiago espetxeratzeko, hori benetako tragedia izango da», azaldu du.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, «Ertzaintza jokabide oldarkorrago batean murgilduta dago, eta, horren aurrean, lobby batzuek inpunitatea bilatzen dute». Talde horien presioari men egin izana leporatu dio Erkorekari.

Erkorekak, berriz, ukatu du Ernairi gorroto deliturik egotzi dionik: «Ernaik gorroto mezuak hedatu dituela soilik esan dut nik, eta hori begien bistakoa da, gorroto hitza erabili dutelako beren kanpainan; hori delitua ote den, horretaz ez dut ezer esan, eta ez dagokit niri esatea; fiskaltzak esango du zer irizten dion». Edonola ere, bere salaketak eragina izan duela uste du Erkorekak: «Azken aste honetan, kanpaina desagertu da».

PPko kide bati erasoa

PPko zinegotzi ohi Iñaki Garcia Calvok salatu du joan den larunbatean berari eta bere lagun taldeari eraso egin zietela Gasteizen. Hori ere hizpide izan dute Eusko Legebiltzarraren batzordean, eta talde parlamentario guztietako eledunek gertatutakoa gaitzetsi dute, eta elkartasuna helarazi diete kaltetutakoei.

Gasteizko Udalak ere txarretsi du erasoa, baina han ez da adostasunik egon. EAJk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Podemos-IUk agiri bat plazaratu dute «gaitzespenik irmoena» adierazteko, eta EH Bilduk, «eraso intolerante hori gogor salatu» duen arren, ez du agiriarekin bat egin, «baztertzailea» eta «lehiakide politikoaren higadurara bideratua» dela pentsatzen duelako.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek esan du ezker abertzalean badaudela «gazteak horrelakoak egitera bultzatzen dituzten pertsona nagusiak».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jende andanak parte hartu zuen Zemmourren kontrako mobilizazio antifaxistan, atzo arratsaldean, Miarritzen. ©GUILLAUME FAUVEAU

Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren aurka bildu dira

Ekhi Erremundegi Beloki

Protesta askotarikoa egin dute Miarritzen, besteak beste, EH Baik, LABek eta Les Bascosek deituta
Bakartxo Ruiz, parlamentuan, eta atzean Maria Txibite gobernuko lehendakaria, ekainean. ©Idoia Zabaleta / Foku

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk akordioa lortu dute aurrekontuei buruz

Joxerra Senar

Oraindik ere ez da erabateko akordioa, eta zerga neurrien inguruan ados jartzea falta dela azpimarratu du Bakartxo Ruizek. Haren esanetan, «akordioa osoa izan arte» ez dute xehetasunen berri emango. Gobernua baikor azaldu da 2022an aurrekontuak izateko bidean.

 ©EH BILDU

EH Bilduk estatutuaren «agortzea» nabarmendu du; PSE-EEk, ekarpenak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Urkulluk azaldu du «bete gabe» dagoela eta 30 eskumen lekualdatzeke daudela oraindik ere. PPk estatutuaren «deuseztatze» nahia salatu du

Zemmourren kanpaineko afixa bat, Angelun (Lapurdi). ©Guiilaume Faveau

Jende andana bildu da Miarritzen Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren aurka

Ekhi Erremundegi

Besteak beste, LAB sindikatuak, EH Baik eta Les Bascos LGBT kolektiboak egin dute deialdia. Oraindik ofizialki deklaratu ez bada ere, Frantziako presidentetzarako hautagaitza prestatzen ari da Zemmour, 2022ko bozetarako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.