Akusazioak helegitea jarri dio Cabezudoren epaiari

Mario Diez abokatuak hamahiru kasazio errekurtso aurkeztu ditu Espainiako Auzitegi Gorenean Kote Cabezudoren zigorraren aurka

Martxoaren 7tik apirilaren 13ra bitartean epaitu zuten Cabezudo. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako salaketa jarri zuten emakumeen abokatu Mario Diezek errekurtsoa jarri dio Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ezarritako epaiari. Abokatuak sare sozialetan jakinarazi duenez, ostiralean hamahiru kasazio errekurtso aurkeztu zituen Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean, ekainaren 27an Gipuzkoako Auzitegiko 1. Sekzioak Cabezudori ezarritako zigorraren aurka.

Gipuzkoako Auzitegiak 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra jarri zion Kote Cabezudo argazkilariari, bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei eta bi iruzur delitu egitea egotzita. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak zehaztu zuen haren espetxealdiak ezingo duela hogei urte baino gehiago iraun, eta betetzat jo zituen Cabezudok behin-behineko espetxealdian egin dituen lau urteak. Beste 217 delitu ere egotzi zizkioten akusazioek, baina horien gaineko absoluzioa eman zuten sententzian. Hori kontuan harturik, zigorrak apalak izan ziren akusazioek egindako eskeekin alderatuta. Fiskalak 250 kartzela urte eskatu zituen; akusazio partikularrak, 2.627.

Ekainean, epaia kaleratu zenean, akusazio partikularreko abokatuek esan zuten «iraingarria» zela eta helegitea jarriko zutela.

Ebazpenean, epaileek haur pornografiatzat jo zuten biktimetako seiren kasua. Horietako lauri dagokienez, haur pornografiako webgune batzuetan hedatu zuela ebatzi zuten, eta beste baten kasuan, irudiak hedatzeko asmoz zeuzkala gordeta. Haur pornografia prestatzeko delitu bat egiteagatik ere zigortu zuten Cabezudo. Biktima helduei dagokienez, berriz, epaileek ebatzi zuten horiei ez zitzaiela «iruzur egin» irudiak eskuratzeko orduan, eta ez zegoela intimitatearen aurkako deliturik ere. Aldiz, frogatutzat jo zuten bi iruzur delitu egin zituelaargazkiak eskuratu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.