'Baietz da baietz' legearen aurretiko kondenei eutsiko diete Nafarroan

Nafarroako Auzitegiak ez du murriztuko zigorra, hura lege berriaren parametroetan sartzen bada. Gipuzkoako Auzitegiak etzi ebatziko du

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Soilik baietz da baietz legearen aplikazioa metxa luzeko kandela da. Legea nola interpretatzen den, epaileek aukera dute sexu erasoengatik espetxeratutakoen zigorrak berrikusteko eta, kasu batzuetan, baita murrizteko ere. Bide hori hartu dute zenbait auzitegik dagoeneko, bai Espainian, bai Euskal Herrian. Iragan ostiralean, esaterako, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak erabaki zuen legeak eragina izan dezakeen espediente guztiak «banan-banan» berrikusiko dituela, fiskaltzaren irizpidearen aurka. Nafarroako Auzitegiak, aldiz, beste bide bat hartuko du: sexu indarkeriagatiko sententziak ez ditu berrikusiko, ezta zigorrak murriztuko ere, baldintza batekin: kondena horiek aplikagarriak izatea lege berriarekin ere.

Zer esan nahi du horrek? Funtsean, espedienteak ez dituztela automatikoki berraztertuko. Hala, sexu-indarkeria delituren batengatik espetxeratutako baten zigorra soilik baietz da baietz legearen parametroetan badago, epaileek ez dute espedientea berriz zabalduko. Aldiz, kondena are luzeagoa bada lege berriak ezarritako zigor gogorrenak baino, Nafarroako Auzitegiak berriz aztertuko du kasua.

Beraz, epaileek ez lukete aintzat hartuko Iruñeko talde bortxaketako zigortu baten eskaera, eta hamabost urteko kartzela zigorra betetzen jarraitu beharko luke. Angel Bozaren abokatua da harentzat urte eta erdiko murriztea eskatu duena, baina Nafarroako Auzitegiak galarazi egingo luke apaltze hori.

Auzitegiko bi sekzioek azaroaren 24an eginiko bilkuran adostu zuten erabakia. Dena den, zehaztu dute irizpide hori indarrean izanen dela Espainiako Auzitegi Gorenak «jurisprudentzia doktrina» ezarri arte lege berriaren atzerako eraginezko aplikazioaren inguruan.

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak aurreko astean erabaki zuen espediente guztiak berrikusiko dituela. Gipuzkoako Auzitegiak, berriz, ez du oraindik irizpiderik finkatu: abenduaren 1ean eginen dute hori zehazteko bilera. Arabakoak, azkenik, zigor areto bakarra du; hortaz, ez du irizpideak bateratzeko bilerarik egin beharrik: kasuan-kasuan aztertuko dute auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.