«Pandemia osteko» lehen Ibilaldi «normalizatua»

Abusu ikastola ari da antolatzen, eta maiatzaren 29an ospatuko da, 'Erro, harri, har' leloarekin, Bilbon. Musika, dantza eta tailerrak izango dituzte

Atzo egin zuten aurkezpena, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Guztira 4,2 kilometro eta lau gune izango ditu Bizkaiko ikastolen 40. jaiak. Seigarrenez egingo da Bilbon, eta hirugarrenez Abusu ikastolak antolatuta. Atzo eman zituzten egunaren nondik norakoak, Euskaltzaindiaren egoitzan egindako aurkezpenean, eta, antolatzaileek adierazi dutenez, egitarau «herritarra, parekidea eta parte hartzailea» landu dute. Itziarren Semeak, Afrika Bibang, STR eta Kai Nakai izango dira eguneko kontzertuetako batzuk, eta Aiko, Bolintxu Dantza Taldea eta Disko Txantxa dantzaren arloko ikuskizun eta tailerrak. Umeentzat ipuin kontalaria, magoa eta zirku tailerra ere egongo dira, besteak beste, eta arratsaldean, Go!azen.

Abusuko ikastola 1977an sortu zen, eta bi bider antolatu du Ibilaldia orain arte. Gaur egun, 700 ikasletik gora dauzka ikastolak, eta 500 familiak eta 60 langilek osatzen dute kooperatiba elkartea. Hainbat gauza adierazi nahi izan dituzte leloarekin: Erro, «sustraiak zaintzen» ari direlako; harri, «harria bezain gogor jardungo dutelako» euskararen eta ikastolen alde, eta har, «harrera herria» izan nahi dutelako, «herrian zein kanpoan jaiotakoei zabalik».

Ekaitzaren osteko barealdia

Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak sortu du aurtengo Ibilaldiaren abestia, eta adierazi dute bideoklipean «euskal hezkuntza eredu kooperatiboa» goraipatu nahi izan dutela, ikasleei eta gurasoei protagonismoa emanez. Revolta Permanent eta STRko Iker Villak, La Basuk eta Afrika Bibangek abestu dute kanta.

Sopelan egin zuten Ibilaldia iaz, eta pandemiara egokitu behar izan zuten. Ez zuen ez ibilbiderik, ez kontzertu handirik, ez janari eta edari zerbitzurik izan. Gainera, hara bildu zirenek izena eman behar izan zuten aurretik. Abusukoek aurtengo helburuen artean dute «pandemia osteko» lehen Ibilaldi «handi» eta «normalizatua» izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.