Sarek eta Bilboko konpartsek manifestazioa egingo dute 26an

Mobilizazioak 'Etxera bidea gertu' izango du goiburu. APAVT elkarteak debekatzeko eskatu du, xedea «ETA gorestea» delakoan

Konpartsetako kideak, atzo Bilbon egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Urtero legez, Sarek eta Bilboko konpartsek manifestazioa egingo dute abuztuaren 26an, 13:00etan, Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuta, euskal preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko. Mobilizazioak Etxera bidea gertu izango du goiburu. Konpartsek azaldu dutenez, oraindik deialdia egin beharra dago, «pauso asko» falta direlako «presoen eta iheslarien egoera normalizatzeko».

Konpartsek esan dutenez, «salbuespenezko neurri guztiak amaitzeko bidean» egoerak hobera egin du azken urteotan: «Atzean utzi ditugu lehen gradua, bakartzea eta urrutien dauden kartzelak». Baina oraindik badaude egin beharreko urratsak, eta horietatik lehena, konpartsen iritziz, preso guztiak Euskal Herrira ekartzea da: «Oraindik 58 preso daude Espainiako eta Frantziako kartzeletan, eta denek Euskal Herrian egon beharko lukete, hori baita senide eta lagunen sufrikarioa amaitzeko pausorik garrantzitsuena».

Baimenei eta hirugarren graduari dagokienez, presoei «dagokien ibilbidea oztoporik gabe» egiten uzteko eskatu dute konpartsek. Haien ustez, gainontzeko presoei ezartzen zaizkien baldintza berak eskatu behar zaizkie euskal presoei ere, «legez kanpo dauden eskaerak» gehitu gabe. Pixkanaka iheslari eta deportatuen kasuak konpontzeko ere eskatuko dute.

Manifestazioa iragarri eta berehala, APAVT Terrorismoaren Biktimen aldeko Plataformak eskaera egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalari, mobilizazioa debeka dezan. Eskaeran azaldu dutenez, manifestazio hori bat dator garai batean Herrira eta Askatasuna elkarteek antolatzen zituztenekin: «Litekeena da Sareren atzean legez kanpoko erakunde bat egotea, legezko plataforma bat erabiltzen ari dena bere jarduerak egiten jarraitu ahal izateko». APAVTren ustez, manifestazioaren helburua «ETAko kideak gorestea» da.

Hirugarren gradua

Abuztuan, Eusko Jaurlaritzak sei presori eman die hirugarren gradura pasatzeko baimena. Hil hasieran, hirugarren gradua eman zien Zigor Orbe, Santiago Vicente, Aitor Herrera, Igor Martínez de Osaba eta Lierni Armendaritz presoei, eta orain jakinarazi dute Juan Carlos Subijanari ere eman diotela hirugarren gradura pasatzeko oniritzia.

Europa Press agentziak jakinarazi duenez, Jaurlaritzak orotara 23 presori eman die hirugarren gradua, 2021eko urriaren 1ean espetxeen kudeaketaren eskumena bere gain hartu zuenetik.

Graduen progresioari buruzko erabakia hartzean, Jaurlaritzak aintzat hartu ohi du presoek ez dutela loturarik ETArekin, indarkeria alboratu dutela eta eragindako mina aitortu dutela.

Edonola ere, Jaurlaritzak ez du azken hitza horretan, Fiskaltzak aukera baitu helegitea aurkezteko. Hala gertatu zen Jose Maria Arregi presoaren kasuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.