Etxebizitzen etorkizunak kezkatzen ditu gazteak

'Gurea Geroa' Hego Euskal Herriko 4.500 gazteri egindako inkesta bat da. «Gazteei entzutea» izan da dokumentuaren helburua

Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen erranetan, «gazteei entzutea» izan da Gurea Geroa txostenaren helburua. Dokumentuak Hego Euskal Herriko lau probintzietako 4.500 gazte ingururen «iritziak, ideiak, interesak eta etorkizuneko erronkak» baititu oinarri. Inkestatuak hamasei eta 31 urte bitarteko gazteak izan dira.

El futuro es ahora (Etorkizuna orain da) proiektuaren barruan egindako hirugarren inkesta da, eta atzo aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean. Tejeriaz gain, aurkezpenean izan ziren Xabi Murua proiektuaren bultzatzaileetako bat, Maria Caso El futuro es ahora (Etorkizuna orain da) proiektuaren zuzendaria, Maialen Olabe Euskadiko Gazte Kontseiluko presidentea, eta Uxue Izko eta Xabier Contreras gazte adituak.

Olabe, Izko eta Contreras izan ziren txostenaren emaitza esanguratsuenak azaldu zituztenak. Zehazki, nabarmendu zuten gazteek zer jarrera duten arlo hauen inguruan: etxebizitzaren, kulturaren, lanaren eta norberaren etorkizuna, gizarte harremanak, Europako Batasunaren inguruan duten jarrera, kontsumo ereduak eta hezkuntza.

Hala nola Olabek nabarmendu zuen «gazteek euren bizitza proiektuetan aurrera egiten badute ere, gurasoekin bizitzen jarraitzen» dutela, eta hori lotuta dagoela «lan arloko ezegonkortasunarekin». Azaldu zuenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez bertze, 30 urterekin emantzipatzen dira gazteak. Eta, normalean, etxebizitza partekatzen dute.

Horrekin lotuta, eta arrazoi ekonomikoak direla medio, Contrerasek azaldu zuenez, inkestan parte hartu duten gazteen %53k «ezkortasunez» ikusten dute beren etorkizuna. Batez ere, emakumeek, pertsona ez bitarrek, 26 eta 30 urte bitarte dutenek eta gizarte harreman onak ez dituztenek. Harremanekin jarraituz, Contrerasen erranetan, gazte aunitz «integratuago sentitzen da ingurune digitalean», bizitza errealean baino. Inkestatuen %54, zehazki, noizbait horrela sentitu da.

Europara begira, Izkok adierazi zuen inkestatutako gazteak Europako Batasunaren «alde» badaude ere ez dutela haren erabakiekin bat egiten. Euren arabera, erakundeak bere politiken inguruan zabaltzen duen informazioa. Hala, inkestatuek uste dute garrantzitsua dela honako gai hauek jorratzea: klima, ekologia eta immigrazioa.

Eskariak

Egoera ikusita, gazteen bizitza hobetzea helburu duten hamar eskari egin zituzten bozeramaileek: Europak «gehiago eta hobekiago» informa dezala, «eredu iraunkorrago baten buru izango den Europa», politika arloan «ustelkeriari eta iruzurrari» aurre egin diezaiotela, «etxebizitza duinetan» bizitzeko aukera izan dezatela, gizarte edo ingurumen erronketan parte hartzeko «informazio gehiago eta hobea» izatea, hezkuntza sistemak «bizitza errealerako» eta «etorkizuneko beharrei hobekiago erantzuteko» prestatu ditzala gazteak, lan «duinak eta kalitatezkoak», «klima larrialdiaren aldeko ekintza ausartagoa»izan dadila, «kontsumo eta ekonomia ereduak aldatzea»klima larrialdiari begira, eta «hizkuntza, ohiturekin eta balioekin» bat egiten duen lurralde bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.