Lan eskaintza duingabeei ezetz esatea erraztuko du Enplegu Legeak

Langabe guztien soslai profesional zehatza egin beharko du Lanbidek. Udalek ere ardurak izango dituzte enplegu politiketan. Euskal enplegu sare eraginkor bat diseinatzeko helburua du legeak

Emakume bat zain, Lanbideren bulego baten aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Enpleguaren Euskal Legeak tramiteen bidea hasi du onartua izateko. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen aurreproiektua. Lan eta Enplegu Sailaren arabera, lege horrek «Lanbide zerbitzu berri bat» sortuko du, langabeen eta enpresen beharrak «modu eraginkorrean» beteko dituena. Enplegu Sailak langabeengandik gertuago egon nahi du, eta leihatila bakar bat sortuko du prozesu burokratikoak errazteko. Era berean, administrazio publikoaren maila guztiak murgiltzen saiatuko da; «udalak bereziki», zehaztu zuen Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak. Haientzako diru laguntzak iragarri zituen.

Hausnarketa prozesu luze baten ondorio da lege proiektua. Mendiak azaldu zuenez, Jaurlaritzak enplegu politiko aktiboen eskuduntza jaso zuenean hasi zuen prozesu hori —2011n—, eta, azken urteetan zirriborro asko egon diren arren, oraingo hau da testurik landuena. Halaber, nabarmendu zuen «lege hutsune bat» beteko duela, eta Lanbide bilakatuko duela enplegua bilatzeko sistema guztiaren erpin. Horretarako, %15 handituko dute haren lantaldea, orientatzaile berri asko beharko baititu. Hona hemen legeak eragingo dituen berritasunetako batzuk.

LANBIDE BERRIA
Zuzenbide pribatuko erakunde publikoa

Lanbideren izaera juridikoa aldatu egingo da, eta aurrerantzean zuzenbide pribatuko erakunde publikoa izango da. Besteak beste, EITBk, Osakidetzak eta Energiaren Euskal Erakundeak duten izaera juridikoa da. Enplegu Sailaren arabera, barne erabakiak arinago hartu ahal izango ditu.

UDALAK TXERTATU
Enplegu planak, beharrezkoak

Jaurlaritzarekin eta aldundiekin batera, Enplegu Sailak udalak txertatu nahi ditu enplegu bilaketaren sarean. 10.000 biztanletik gorako udal guztiek enplegu planak egin beharko dituzte —bakarka edo beste batzuekin bateratuta—. Enpleguaren %75 halako udalerrietan dago. Udaletako gizarte zerbitzuen bulegoek bideratu beharko dituzte planak.

LAN DUINA
Muzin egiteko bakarrik

Legea diseinatzeko prozesuan zeresan handiena eman zuten ezaugarrietako bat izan zen. Legeak enplegu «duina» arautuko zuela aurreratu zuen Mendiak. Hori nola mamituko zen ikusteko zegoen, eta lan eskaintza bati muzin egiteko eskubide moduan arautuko du. Alegia, langabezia saria galdu gabe eskaintza bati ezetz esateko arrazoiak zerrendatuko ditu: lanpostutik oso urrun bizitzea, kontziliazioa ezinezkoa izatea... Horrek bilakatuko du eskaintza bat duin ala ez langabe jakin horrentzat. Sailak ez du ahalmenik zehazteko ea lanpostu bat langabe guztientzat duina den ala ez.

ENPLEGU SAREA
Enpresentzat, «borondatezkoa»

Lan eskaintza guztiak poltsa berean zentralizatu nahi ditu Lanbidek. Horretarako, enpleguaren euskal sarea delakoa josiko du. Lanbide izango du buru, eta erakunde publiko zein pribatuek egiten dituzten lan eskaintzak batuko dira hor. Hirurehun erakunderekin hasiko du bidea: tartean unibertsitateak eta hezkuntza zentroak egongo dira. Erakunde pribatuentzat eta enpresentzat, baina, borondatezkoa izango da sarean sartzea. Lanbideren erabiltzaile direnak behartu ahal izango dituzte bakarrik. Enpresa asko batzea espero dute, enpresen elkarteen ohiko kexa baita ondo trebaturiko langileak falta zaizkiela.

ARRETA PERTSONALIZATUA
Langabeen soslaia

Lana bilatzeko politika aktiboen eskubidea aitortzen zaie langabeei. Lanbidek soslai zehatz bat egin beharko die hiru hilabetean. Langabe bakoitzaren gaitasunen diagnosi bat egingo da, eta haren beharren araberako formakuntza plan bat diseinatuko dute. Informazio horrekin langile bila dabiltzan enpresen eskaerei hobeto erantzun dakiekeela uste du Jaurlaritzak. Eskatu eta hiru hilabetera eginda egon beharko luke. Lanbidek uste du 2024ko uztailerako —legea indarrean sartu eta urtebetera— Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langabe guztiek azterketa hori eginda edukiko dutela. Horretarako, zerbitzuaren langile kopurua %15 handituko du, 373tik 430era.

EPEAK
Udazkenean onartu

Lan eta Enplegu sailburuak atzo bertan egin zuen legebiltzarrean agertzeko eskaera, gobernu kontseilua amaitu berritan. Mendiaren asmoa da agerraldia apirilaren 19an egitea. Ondoren, hilabeteko epea irekiko da alderdiek adituen agerraldietara dei dezaten. Zuzenketak egiteko tartea egongo da gero. Mendiaren ustez, litekeena da udazken amaieran iristea behin betiko testua legebiltzarrera. Gaur egun, EAJren eta PSEren babesa du, baina gobernuko alderdiek «kontsentsu hori handitu» nahi dute. Legea onartuta, Lanbide berriko arduradunak izendatzen hasiko lirateke, eta udarako martxan legoke makineria berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.