Alejandra Pascual. ESCIA prebentzio programako teknikaria

«Mundu guztian egiten dira Internet bidezko sexu abusuak»

Haurren zein nerabeen sexu abusuen prebentziorako programa bateko arduraduna da Pascual, eta, haren esanetan, normalean biktimak neskak izaten badira ere, abusurik gogorrenak mutilezkoek jasaten dituzte.

Donostia
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Delitu sexualetan espezializatutako kriminologia ikasketak egin ditu Alejandra Pascualek, eta, batez ere, adingabeen pornografiarekin zerikusia dutenak. 2014. urteaz geroztik, Poliziarekin batera ari da; kolaboratzaile lanetan ibili da adingabeen sexu abusuen eta Interneteko pedofiliaren inguruko gaietan. Haurrekiko sexu gehiegikeriaren irudiak Interneten hitzaldia eman du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatutako Udako Ikastaroetan, eta Internet bidezko sexu abusuak nonahi egiten direla azpimarratu du.

Haur pornografiaz hitz egiten da sarri. Zer da?

Terminologian dago diferentzia.Haur pornografia izango litzateke haurrek helduekin nahiz haurrek haurrekin ekintza sexualak izatea inplikatuko lukeen argazki oro edota adingabeen sexu alderdietan fokua jartzen duen argazki oro. Eta beti izango da delitua, haurren onarpenik ez dagoelako. Arazoa batik bat, hitz egokiak ez erabiltzeagatik sortzen da. Haur pornografia terminoa eufemismo bat da, benetan adingabeen abusu sexualak baitira. Kamera batekin grabatuta dauden abusuak dira, eta badirudi eraso horiei haur pornografia izena ematean berez duten garrantzia kentzen diegula. Beste aldetik, birtuala den haur pornografia terminoa dago. Terminologia hori morfing deitutako teknikaren bitartez haurren irudiak birtualki eraldatzen direnean erabiltzen da.

Zer abusu mota da hori?

Morfing-a pertsona baten irudia eraldatzea da. Hainbat helburutarako erabil daiteke, baina kasu honetan helburu sexualetarako erabiltzen da. Adibidez, adingabe baten aurpegiaren irudia hartzea da eta beste batenean txertatzea; hau da, ekintza sexual batean parte hartzen ari ez den adingabe baten aurpegia hartu eta praktika horiek egiten ari den beste adingabe baten gorputzean txertatzea da.

Gaiari buruzko argibideak ematean azaltzen duzu irudiak bost maila ezberdinetan banatzen direla. Zein argazki mota sailkatuko litzateke maila bakoitzean?

Larritasun mailaren arabera sailkatzen dira. Zero mailan, haur pornografia gisa kontsideratzen ez diren argazki guztiak sartuko lirateke, hau da, inolako eduki sexualik ez dutenak eta kalitate txarreko argazkiak. Lehenengo mailan, haurren argazki erotikoak sartuko lirateke: pose erotikoak, bai eta adingabearen sexu alderdiak erakusten dituzten argazkiak ere. Bigarren mailan, haurren arteko ekintza sexualak erakusten dituzten argazkiak. Hirugarrenean, haurren eta helduen arteko sexu harremanak; laugarrenean, heldu batek haur bati egindako penetrazioak, eta, bosgarrenean, sexu abusu sadikoak sartuko lirateke: torturak, biolentzia fisikoa edota animaliekin sexua izatea.

Zeintzuk dira biktimak normalean?

Ikerketek diote normalean biktimak neskak izaten direla, baina kontua da gehienak neskak izan arren abusu gogorrenak mutilezkoek jasaten dituztela. Nesken kasuan, gehiago izaten dira ukituak eta argazkiak. Mutilen kasuan, berriz, penetrazioak.

Non eta nola egiten dira abusu klase horiek?

Mundu guztian egiten dira, Espainia eta Europako herrialdeak ez daude arazo horretatik kanpo. Kontua da era askotako abusuak gertatzen direla Filipinak, Kanbodia eta halako herrialdeetan, modu batean herrialde horietan bidaia turistikoetan esplotazio sexual gehiago dagoelako. Jendeak ez ikusiarena egiten du; legeak laxoagoak dira, eta pobrezia gehiago dago.

Azkenik, esplikatu dezakezu zertan datzan live streaming deitzen den eraso mota?

Sexu abusuak zuzenean egitean datza. Bezeroak eta erasotzaileak abusua zein egunetan eta ordutan izango den zehazten dute, eta orduan gertatzen da. Aurrez ordaindua izan daiteke, eta bezeroak eska dezake berak aukeratutako ume bati zein abusu mota egingo zaion. Geroago, lotura bat egon daiteke haur horren eta bezeroaren artean; bezeroak haurraren jatorrizko herrialdera bidaiatu dezakeelako haur horri abusuak egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.