Lur Epelde. Neiker-Tecnaliako ikertzailea

«Klima aldaketaren aktore printzipalak dira mikroorganismoak»

Mikrobioak ezinbestekoak dira lurzoruetako karbonoa gehitzeko, nekazaritza jasangarriago bat lortzeko eta kutsatzaileei aurre egiteko; haiei buruzko ikerketak ugaritu egin dira azken urteetan.

jokin sagarzazu
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Neiker-Tecnalia Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko ikertzailea da Lur Epelde (Markina-Xemein, Bizkaia, 1981). Lurzoruetako Mikroorganismoen Ekologia taldeko partaidea da, eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak klima aldaketari buruz atzo Bilbon antolatu zuen ikastaroan izan zen.

Zer harreman dago mikroorganismoen eta klima aldaketaren artean?

Lurzoruak klima aldaketaren aktore printzipalak dira. Lurzoru eskukada batean dauden bakterioak gehiago dira planeta guztian dauden pertsonak baino: milioika bakterio, milaka espezietakoak... Mikroorganismoak dira lurzoruak funtzionatzearen arduradunak, eta klima aldaketak funtzionamendu horretan eragingo du. Gainera, ozeanoen ondoren, lurzoruak dira karbono gehien metatzen duten konpartimentuak. Eta aukera dago lurzoruaren karbono kantitatea handituz klima aldaketa arintzeko, teknologia sofistikatuak erabili gabe.

Zer neurritan lor daiteke hori mundu mailako arazo batean?

2015eko Parisko klima aldaketaren bilkuraren (COP 21) ondoren, proposamen bat egin zen ezagun: urtean lurzoruen materia organikoaren kantitatea %0,4 igoz lor daitekeela atmosferako CO2 ez handitzea. Erronka moduan planteatu zuten, eta hein batean lorgarria iruditzen zait.

Nola?

Lurzoruaren erabileraren arabera, ez baita gauza bera baso bat ala soro bat: baso batek karbono gehiago metatzen du. Soroetan, berriz, ongarri organikoak erabiltzen badira, pixkanaka-pixkanaka handitzen joango da materia organikoa. Lurzoruetako mikroorganismoak garrantzitsuak dira hor, materia organikoa jaso eta mineralizatu egiten dutelako. Kontua da zer mikroorganismo komunitate dagoen lur horretan. Horren arabera izango da azkarragoa ala geldoagoa mineralizazio prozesua, eta bueltatuko da karbonoa atmosferara kantitate handiagoetan ala txikiagoetan, eta lehenago ala geroago.

Eta basoei dagokienez: bestela kudeatu beharko lirateke?

Zuricheko ETH unibertsitatean egin berri duten ikerketa bat zeresan handia ematen ari da. Horren arabera, tropikoetan bizi diren zuhaitzek azkarrago bueltatzen dute karbonoa atmosferara, eta hori gertatzen da zuhaitz horietan dauden onddoen metabolismoagatik. Basoak kudeatzeko orduan hori kontuan hartu beharko litzatekeela uste dut: karbonoa metatzeko joera duten onddoak dituzten zuhaitzak landatuz, adibidez.

Klima aldaketaren eraginez mikrobio espezie berriak edota mutazioak agertzen ari al dira?

Pirinioetan egin genuen ikerketa batean ikusi genuen altuerarekin, eta, ondorioz, baldintza klimatiko ezberdinekin, mikrobio komunitateen konposizioa desberdina zela. Horri lotutako beste gai bat antibiotikoekiko erresistente bihurtzen ari diren superbakterioena da, antibiotikoak gehiegi eta txarto erabili ditugulako. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, osasunerako mehatxu handienetako bat da hori, eta, ikerketa batzuek diotenez, klima aldaketak mehatxu hori areagotuko du, tenperatura altuko inguruneetan erresistentzia geneen hedapena handiagoa delako.

Euskal Herrian, zertan da mikrobiologiaren erabilera klima aldaketaren alorrean?

Neikerren ari gara mikroorganismoekin lanean nekazaritzaren alorrean, landareen hazkuntzan lagundu eta pestizida eta ongarri kimiko gutxiago erabil daitezen, litekeena baita klima aldaketarekin izurriak ugaritzea. Lurzoru kutsatuen kasuan, berriz, saiatzen ari gara teknologia biologikoak garatzen lurzoruak garbitu eta soroen osasuna berreskuratzeko; mikroorganismoak erabiltzen ditugu horretarako, horietako batzuk gai baitira kutsatzaile mota batzuk degradatzeko.

Oro har, nolakoa izaten ari da erakundeen inplikazioa?

Lurzoruek eta mikroorganismoek duten garrantzia gizarteratzea oso garrantzitsua da. Airearen eta uren kalitatea neurtzen den moduan, lurzoruenak ere neurtzea ezinbestekoa da; eta ez da egiten. Aurten hasiko gara Ihobe ingurumen agentziarekin monitorizazio sare bat diseinatzen. Horrela, Euskal Herriko lurzoruen hainbat propietate aztertu ahal izango ditugu; tartean, mikroorganismoak. Zientzialariok klima aldaketarekin dugun beste arazo bat epeak dira. Proiektuen arabera egiten dugu lan, eta klima aldaketa luzera begira antzematen den zerbait da. Luzera begirako finantzaketak oso-oso urriak dira. Instituzioek ulertu behar dute datu fidagarriak lortzeko denbora behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.