Gema Varona. Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlaria

«Elizarentzat, abusuek bekatu izaera dute, delitu izaera baino gehiago»

Gaur hasiko dira 'Zentro erlijiosoak eta pederastia' izeneko jardunaldiak, Iruñean. Sexu abusu kasuetan Elizak izandako jokabidea aztertuko du Gema Varonak, NUPek eta Abusuen Biktimen Elkarteak gonbidatuta.

GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Zazpi urte daramatza eskola erlijiosoetako sexu abusuak ikertzen. Denbora horretan, hamaika biktimarekin hitz egin du Gema Varona Martinez EHUko eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlariak (Donostia, 1969). Jasotako testigantzei esker, ondorioztatu du abusuena fenomeno «globala, orokortua eta kulturala» dela.

Zertan datza EHUren eta Kriminologia Institutuaren lanak Elizaren sexu abusuen auzian?

Uneotan, ikerketa proiektu bat garatzen ari gara Euskal Herriko Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitatea eta Kataluniako Unibertsitate Irekia elkarlanean. Hiru urteko proiektua da, eta aurten gara bukatzekoak. Lantaldeak arloka ari dira ikertzen: biktimen testigantzak biltzen ditu talde batek, abusuen eragina neurtzeko; beste talde bat, berriz, elizgizonak elkarrizketatzeaz arduratzen da... Nik, batez ere, Elizaren antolakuntza eta salaketen aurrean daukaten jarrera ikertu ditut.

Ondoriorik atera duzu?

Elizak duen barne antolakuntzarako kulturak erraztu egiten duela, batetik, sexu abusuak gertatzea eta, bestetik, gertatutakoa isilpean gordetzea. Kirol klubetan, ikastetxeetan eta antolaketa maila handia duten bestelako elkarteetan ere antzeman daiteke halakorik: testuinguru instituzional itxiek sustatu egiten dute opakutasun eta gardentasun falta. Giro horrek eragin handia du bigarren mailako biktimizazioan.

Zer da bigarren mailako biktimizazioa, zehazki?

Erakunde itxi horietan sexu abusu bat salatzen denean, arduradunen erantzuna oso makurra izan ohi da. Kasu batzuetan, delitua estaltzera ere irits daitezke —eta delitua litzateke hori bera ere—, baina, gehienetan, beste prozedura sotilago batzuk hobesten dituzte: salaketak isilaraztea, informazio osoa ez ematea, gertatutakoa gutxiestea, biktimak erruduntzat jotzea... Bigarren eraso bat da hori, abusuak sufritu dituen pertsonarentzat.

Eskola erlijiosoetako sexu abusuak fenomeno «globala eta kulturala» direla esan izan duzu. Zergatik?

Biktima adina bizipen subjektibo daude, eta delituak nahiz biktimizazio prozesuak ere forma ugari har ditzakete, kasuan-kasuan. Hortaz, non daude ezaugarri komunak? Bada, erasotzailearen instituzioak emaniko erantzunean. Patroi bertsuak antzeman daitezke kasu gehienetan, kongregazioa edo herrialdea edozein izanda ere.

Adibidez?

Gertatutakoa alfonbra azpian ezkutatzeko nahia, esate baterako. Beste ezeren gainetik, instituzioaren izen ona gordetzeko beharra, justiziaren lana oztopatu eta erasotzailea babesteraino. Herrialde askotan ikusi izan ditugu jokabide eta prozedura horiek, Elizaren aldetik. Hortaz, arazo globala da, edonon gertatzen den heinean; eta arazo kulturala da, auzia ulertzeko moduagatik. Izan ere, Elizak bekatu gisara ulertzen du sexu abusua, eta ez delitu gisara. Itzalpean gorde beharreko zerbait da, instituzioaren ospea laidoztatua izan ez dadin.

Zer eragin du jokabide horrek biktimengan?

Birrintzailea, erabat. Konfiantza espiritualari traizioa izena eman diogu ikerketan. Oso kalte sakona da. Zaindu beharko zintuzkeen erakundeak eraso egin eta, gainera, traizionatzen zaituenean, kalte psikologikoa itzela da. Fededunen kasuan, gainera, instituzio hori da, hain zuzen, jaungoikoaren ordezkaria, eta horrek are mingarriago egiten du zauria. Askotan, bizi osorako. Muturreko kasuetan, konfiantzaren galera horrek zenbait biktima suizidiora bultzatu ditu.

Zenbateraino dago gaitza Elizan errotua?

Azken estimazioen arabera, elizgizonen %4 inguru izan litezke abusatzaileak. Kontuan izan behar dugu gardentasun falta izugarria dagoela auzi honetan, baina datu horiek ontzat ematen baditugu, izugarria da pentsatzea zenbat biktima egon daitezkeen. Izan ere, erasotzaile bakar batek biktima ugari izan ohi ditu, eta, garai batean behintzat, erasoak jarraituak ziren. Bestalde, sexu abusuak azaleratzen direnean, Elizak historikoki hartu izan duen neurri bakarrenetakoa da abusatzailea beste eliza batera eramatea, edota misioetara bidaltzea.

Saiatu zara Elizako arduradunen batekin auziaz hitz egiten?

Askotan, 2013. urtean sexu abusuak ikertzen hasi nintzenetik. Elizak dituen artxiboak ere eskatu izan ditut, baina oraingoz ez dut zorterik izan: artxiboak desagertuak direla, existitzen ez direla, delituak preskribatuta daudela... denetarik esan izan didate. Eta pena da, aukera paregabea dutelako auzi ilun honi argi apur bat emateko. Auzia konpontze aldera, beharrezkoak dira prebentzioa, arreta, erasotzaileentzako programa eta tratamenduak, aitortza, erreparazioa... Eta, horretarako, oso ongi legoke Elizaren kolaborazioa. Gaur-gaurkoz, ordea, ez dugu jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.