Albistea entzun

Joseba Gabilondo. Gizarte hezitzailea

«Tratu onen kultura sortu behar da Interneten»

UEUren eta Nafarroako Gobernuaren eskutik, sare sozial digitaletako indarkeria eta sexismoa identifikatu eta genero berdintasuna sustatuko duen ikastaro bat abiatuko du eskoriatzarrak.
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maria Ortega Zubiate -

2020ko urriak 2

Herrigintzan eta LGTB mugimenduan aritua eta gizarte hezkuntzan aditua da Joseba Gabilondo Marques (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1984). Sare sozial digitalak genero berdintasunetik aztertzen ikastaroa eskainiko die ikastetxeei, gazteek erabiltzen dituzten sare sozial digitalen bidez tratu onen erabilera sustatzeko asmoz.

Sare sozialen eragina nabarmena da bizitza errealeko harremanetan?

Noski. Poltsikoan smartphone bat sartu genuenetik, gure atentzioa hor dago, eta beste edonora bideratzea kostatu egiten zaigu. Etengabe konektatuta egon beharra, besteen onespena jaso beharra: guztiz aldatu zaigu harremanak izateko era.

Dena den, guk, Hiruki Larroxa kolektiboan, ikusten dugu sare sozialak beti egon direla, mundu digitala etorri aurretik ere bagenituela. Horregatik, iruditzen zaigu digital horrek menpekoa izan behar duela, guretzat garrantzitsuak baitira betidanik egon diren sare sozialak.

Sare sozial digitalek bizitza errealeko harremanen errealitatea islatzen dute? Edo distortsionatu?

Interesgarria iruditzen zait errealitatea bera zer den eztabaidatzea; izan ere, sare sozial digitalak gaur egun errealitatearen parte dira.

Hala ere, uste dut itxurakeria garaietan bizi garela, eta, nire ustez behintzat, egia da beste errealitate bat erakusten dutela; ez direlako harremantzeko era berdinak, badagoelako itxura saltze hori.

Gainera, sare sozial digitalen munduan murgiltzeak badu bertan bakartzeko arriskua; harremantzeko era hori zure bizitzan zentrala bihurtzekoa, eta aurrez aurreko harremanetan horrela aritzekoa. Errealitatetik urruntzeko gaitasuna izan dezakete, zalantzarik gabe.

Zer arrisku izan ditzakete sare sozial digitalek?

Sare sozial digitaletan askoz errazagoa da norbaiti jazartzea parez pareko harremanetan baino, pantaila baten atzetik egin daitekeelako, anonimoki.

Bestalde, pribatutasunaren galera dago. Sare sozial digitalak erabiltzerakoan ulertu behar dugu han sortzen dugun guztia publikoa dela, eta, Interneten dagoen momentutik, edonoiz etor daitekeela gure kontrara.

Askotan jazarpenak hortik etortzen dira, material bat zabaltzen dugunean eta gero gure kontra erabiltzen dutenean. Lehen, intimitatea babesteko joera zegoen; orain, ordea, badago termino berri bat, extimitatea, justu kontrakoa: sare sozial digitaletan gure bizitza etengabe erakustea, ez izatea intimitaterik. Eta hori behar bilakatzea nahiko arriskutsua dela iruditzen zait, gure nortasuna askatasunean eraikitzeko orduan intimitatea behar dugulako.

Gazteak dira zaurgarrienak arrisku horiekiko?

Nik esango nuke denok garela zaurgarri, denok ditugula sare sozial digitalekin harremantzeko modu desegokiak, orokorrean; helduok ere bai.

Nerabeen zaurgarritasun horrekin gabiltza beti. Baina beraiek horrekin jaio dira, txikitatik erabiltzen dituzte sare sozial digitalak; helduok baino hobeto kontrolatzen dituzte. Halere, askotan, nerabe edo gaztetxoen artean jazarpen nahikotxo izaten dira, ikastetxean edo kalean izaten diren bezala; eta, pantaila baten atzetik errazagoa denez norbaiti jazartzea, baliteke gazteak zaurgarriagoak izatea.

Beraz, harreman horietan genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da?

Bai, zalantzarik barik. Argi dago sare sozial digitalak ez direla zisheteropatriarkatutik eta indarkeriatik kanpo geratzen, eta, harremantzeko balio duten heinean, hor izaten diren harremanak aztertu behar ditugu. Genero bereizketa bat dago sareetan, eta badago, tamalez, indarkeria oso bortitza ere.

Feminismoak erakutsi digu harremanak genero ikuspegian oinarrituta aztertu behar direla, eta sare sozial digitaletan ere hori egin behar dugu.

Uste duzu posible dela errealitate horri buelta ematea eta genero ikuspegia zabaltzeko bozgorailu bilakatzea sare sozial digitalak?

Bai, zergatik ez? Ziberaktibismo feminista asko dago sarean, eta iruditzen zait tresna erabilgarri eta egokia izan daitekeela.

Bestalde, interesgarria iruditzen zait sare sozial digitalak sorkuntzarako erabiltzea: gaur egun, gero eta gehiago, Tiktoken gisako aplikazioak adibidez, sorkuntza lantzeko sekulako erreminta izan daitezke. Betiere, tratu onen ikuspegitik begiratuta; izan ere, sorkuntza izan daiteke indarkeriarako ere.

Aztertu egin behar dira bertan izaten diren botere harremanen asimetria guztiak, eta horiek eraldatu; tratu txar horiek tratu on bihurtu. Horregatik uste dugu dela garrantzitsua bide laguntza hori ematea.

Zer bide-laguntza mota proposatzen duzu? Zein izango da zure esku hartzea?

Helburua tresna batzuk ematea da, batez ere ikastetxeei, hori nola landu dezaketen aztertzeko. Batetik, nerabeen kritikotasuna landuta:betaurreko more horiek ikasleekin batera jantzi eta sare sozial digitaletan izaten den sexismoa eta indarkeria matxista identifikatuz, eta horri alternatibak sortuz, tratu onen kultura zabalduz. Horretarako, ezinbestekoa da hezkidetza, ez bakarrik sare sozial digitalei dagokienez, baita ikastetxean bertan ere. Eta gero, nola ez, LGTB errealitateei begiratzea, gizontasun hegemonikoan izaten diren hainbat praktika toxiko eta bortitz gelditzeko.

Ikuspegi hori ere badator indarkeria matxistaren lanketatik. Lehen, asko hitz egiten zen tratu txarrez, baina inoiz ez onez. Urteak dira saiatzen gabiltzala tratu onez hitz egiten; hau da, goazen ohitura onak hartzera. Txarrak seinalatzen jarraitu behar dugu, noski, baina dauzkagun onak ere azpimarratu behar dira; tratu onen kultura bat sortzeko, garrantzitsua izan daiteke dauden aukerak eta jada badauden tratu onak ere mahai gainean jartzea. Eta hori dena aplikagarria izan daiteke sare sozial digitalen kasuan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Zigorrik txikiena jartzeko joera ez da berria: hortik gatoz»

Maite Asensio Lozano

'Soilik baietz da baietz' legea irmo defendatu du, zigor asko fiskaltzaren irizpideen aurka murrizten ari direlakoan. Arauak biktimentzako laguntzak areagotu dituela nabarmendu du.
Administrazioan euskararen erabilera sustatzearen aldeko ikur bat, artxiboko irudi batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste epai bat hizkuntza klausulen kontra: ebatzi dute «inposizio bat» direla

Arantxa Iraola

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak esan du arlo publikoan ari diren enpresetako langileei ezin zaiela euskara eskatu administrazioarekin erlazionatzeko. Kontrako epaiak izan dira aurrez; halako mezurik ez
Manuel Lezertua EAEko arartekoa bere lantaldearekin batera, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Osakidetzari lotutako kexak %220 ugaritu dira 2020aren aldean

Edurne Begiristain

EAEko Arartekoak salatu du hainbat erakundek ez dietela erantzuten bere informazio eskaerei
Bi haur, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Zaintzarako baimen gehiago ematen dituen legea onartu du Madrilek

Irati Urdalleta Lete

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak onartu du Familien Legea. 8 urte baino gutxiagoko umeen gurasoek zortzi asteko baimena izango dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.