Adinari lotutako diskriminazioari aurre egingo dio Jaurlaritzak

Beatriz Artolazabalek Nagusi Agenda estrategia aurkeztu du; haren helburua da adinkeria desagerrarazteko neurriak hartzea

2022rako Nagusi Agenda aurkeztu dute. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
unai etxenausia
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak adinkeriari aurre egitea ezarri du lehentasuntzat 2022ko Nagusi Agenda estrategian, «adinarengatik diskriminazioa eragiten duten estereotipoak eta aurreiritziak» ezagutzeko eta ondoren aurre egiteko, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera. Nire begien distirak ez du adinik, ez ezazu itzali izenburupean jarriko dute martxan, eta parte hartzean oinarritutako programa bat da, «adinekoen errealitatearekin, balioekin eta gaitasunarekin bat etorriko den pertzepzio bat» sustatzeko.

Hain justu, pertsonak kategorizatu eta bereizteko adina erabiltzeak sortzen duen kaltea, desabantaila edo bidegabekeria da adinkeria, eta, era berean, belaunaldien arteko elkartasunari kalte egiten dion diskriminazioa. Horren berri emateko, datu batzuk eman ditu Artolazabalek, eta nabarmendu du 2020an egindako azterlan baten arabera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 55 urteko eta gehiagoko herritarren gaineko estereotipo negatiboak oso zabalduta daudela. Horrek, era berean, adinekoek beren «zahartze prozesuarekiko jarrera negatiboak» izatea eragiten du.

Gazteak ere bai

Bereziki adinekoei eragiten die adinkeriak, baina gazteak ere ez daude haren eraginetik kanpo. OME Osasunaren Mundu Erakundeak adinkeriari buruzko ikerketa bat egina du mundu osoan, eta, horren arabera, Europan hiru pertsonatik batek adierazi du adinkeria jasan duela, eta bitik batek aitortu du adinekoak diskriminatu dituela. Are, gazteek beste talde sozial batzuek baino diskriminazio handiagoa sufritzen dute adinagatik. Hori dela eta, hainbat gazte erakundek hartuko dute parte aurten Jaurlaritzak antolatutako kontraste eta gogoeta partekatuko foroetan.

Urteko lehen hiruhilekoan, gaiak proposatzeko, aukeratzeko, gidoiak lantzeko eta gogoeta foro espezifikoak eratzeko faseak egin dituzte. Aurrerantzean, eztabaidatzeko, kontrastatzeko, txostenak egiteko eta ebaluatzeko foroak antolatuko dituzte. «Fase horiei esker, adinkeriaren dimentsioari, ondorioei eta baldintzatzaileei buruzko datuak jendaurrean aurkeztuko dira urtearen amaieran», nabarmendu du Artolazabalek. Horrez gain, adinagatik diskriminazioa ezagutzeko eta hari aurrea hartzeko eta aurre egiteko «estrategiarik eraginkorrenen diseinua eta plangintza landuko da».

Hainbat esparrutako hogei profesional inguruz osatutako Adituen Aholkularitza Batzordea egongo da foroetan: besteak beste, psikologoek, hedabideetako profesionalek eta enpresek parte hartuko dute. Artolazabalek laburbildu duenez, «belaunaldien arteko kohesioa eta lankidetza indartuko ditu, ikasteko eta aurrera egiteko tresna gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.