Espetxeratu egin dute Curiako atxilotuetako bat

Aske daude atxilotutako besteak. Publiko egin den bideo batek erakusten du ukabilkada jaso zuen udaltzainak eman zuela lehen kolpea

Curia kaleko istiluak, aurreko ostegunean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Espetxera bidali zuten atzo iluntzean Iruñeko Curia kalean San Fermin egunez izandako istiluen harira atxilotuetako bat. Udaltzain bati ukabilkada bat ematea egozten diotena da espetxeratua, Nafarroako Auzitegi Nagusiak zehaztu zuenez. Desordena publikoak eragitea, autoritatearen aurkako atentatua, gorroto delitua eta lesioak egozten dizkiote. Epailearen autoaren arabera, egozten dizkiotenengatik urtebete eta lau urte arteko espetxe zigorra jaso dezake, isunaz gain.

Denera zortzi lagun zeuden atxilotuta, «udalbatzari eraso egitea» egotzita. Haietako hiru aske utzi zituzten herenegun, eta gainerakoek atzo deklaratu zuten Mari Paz Benito epailearen aurrean. Espetxeratu zutena ez beste laurak aske utzi zituen epaileak, baina auzitegira joan beharko dute astero.


Iruñeko Udalak prozesioan eraso egin zieten pertsonak ordezkatuko ditu epaiketan, eta herri akusazio gisa hartuko du parte. Haren eta Udaltzaingoaren bertsioaren arabera, udalbatzako zinegotziei, Elizako kideei eta poliziei zuzenean egin zieten eraso, baina Ahotsa.info hedabideak zabaldutako bideo batek erakusten du sudurra hautsi zioten udaltzaina izan zela kolpea ematen lehena. Huts egin ostean, sudurra hautsi zion ukabilkada eman zioten. Epaileak, hala ere, ukatu egin du ukabilkada hori izan zenik, eta, aitzitik, grabazioetan oinarrituta, adierazi zuen argi eta garbi ikusten dela ukabilkada bakarra espetxeratuak emandakoa izan zela.

Epailearen kontakizunaren arabera, prozesioako kideek irainak eta kontrako oihuak jaso zituzten Curia kalera iristean, eta, ondoren, «agresibitate» hori areagotu egin zen, hainbat udaltzain zauritzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.