Emakumeek egindako ezkutuko lana, agerian

'Isildutako eskuak' liburuan, 11 lanbidetan aritutako hamalau emakumeren testigantzak bildu ditu Jon Abril Olaetxeak

Jon Abril Olaetxea, bere liburuarekin. JON URBE / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Jon Abrilen erranetan, Isildutako eskuak liburua«memoria ariketa» bat izan da, eta helburua da erakustea «frankismoak eta Elizak emakumeengan jarri zuen errepresioa». Horretarako, Euskal Herriko 11 lanbidetan aritutako hamalau emakume elkarrizketatu ditu Abrilek, eta haien bizipenak dira kontakizuna eraikitzen dutenak. Gerra garaitik 1980ko hamarkadara bitarte laneratu ziren emaztekiak dira guztiak. Abrilek atzo egin zuen liburuaren aurkezpena, Donostian.

Emakumeak etxeko lanetan soilik aritu direla pentsatu izan den arren, anitz kanpora irten ziren. Espartingile, unai edo irakasle lan egitera, adibidez. Ogibide horietan lan egin zutenen istorioen bidez, «ikusezina agerian» jarri nahi izan duela adierazi zuen Abrilek. «Protagonismo osoa eman nahi izan diet, errelatoan ahantzi direlako». Euskal Herri guztiko emakumeak elkarrizketatzen ahalegindu dela nabarmendu zuen Abrilek, geografiaren arabera lanbideak aldatu egiten baitira. Hala ere, adierazi zuen ezin izan zuela elkarrizketatu Bizkaiko ezkerraldean meatzari lanetan aritutako emakumerik.

Liburuaren lehenbiziko zatia 2016an egindako Neskatoak dokumentalean oinarritutakoa da. Hartan, Pakita Burgueteren bizipenak kontatzen dira. Bertze hamahiru testigantzen artean daude, adibidez, Libe Goñi Seaskako lehenbiziko irakaslearena eta Milagros Landarena, Otsagabian (Nafarroa) unai gisa aritu zen emaztekiarena.

Tene Mujika saria

Aritz Larrañaga Debako Udaleko zinegotzia eta Xabier Mendiguren liburuaren editorea ere izan ziren aurkezpenean. Larrañagak nabarmendu zuen gisa honetako liburuek Euskal Herriko «historiaren istorio berriak» ezagutarazten laguntzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.