'Sorionekuak' aurkeztu dute, «euskara ez baita museoko pieza»

Euskararen aldeko manifestua sinatu dute Nafarroa osoko 19 eragilek. Manifestazioa iragarri dute ekainaren 10erako, Iruñean

'Sorionekuak' manifestuaren sinatzaileak, atzo, Iruñeko Ziudadela parkean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Zorioneko izan nahi dute. Euskaraz bizi, aparteko ahaleginik egin behar izan gabe. Konturatu gabe, kasik. Erosketak egitean, hedabideak kontsumitzean, lagunartean edo administrazioaren aurrean «kezkarik, beldurrik nahiz lotsarik gabe» egin nahi dute euskaraz. Uste dute euskarak ez duela «misteriorik» behar, «etorkizunarekiko ikusmira» baizik. Ez baita museoko pieza bat, egunerokoan erabiltzeko hizkuntza baizik. Hori guztia aldarrikatzeko, Sorionekuak izeneko manifestua aurkeztu zuten atzo Iruñeko Ziudadelan, eta manifestazioa iragarri dute heldu den ekainaren 10erako, hizkuntza eskubideen alde.

Kulturaren, hezkuntzaren, euskalgintzaren, kirolaren eta kazetaritzaren esparruko hogei bat pertsonak sinatu dute manifestua. «Euskaraz ikasi, jolastu, mintzatu, barre egin, fikzioa ikusi eta amets egin nahi dugun herritarrak gara», adierazi zuten atzo, agiriaren aurkezpenean. Castillo Suarez idazleak irakurri zuen manifestua euskaraz, eta Tania Gonzalez Agirrek, Union Tutera taldeko jokalariak, gaztelaniaz. «Ager landetan ekimenak antolatzen ditugu, euskaraz idazten dugu, euskara irakasten dugu, kultura egiten dugu, kirola euskaraz sustatzen dugu, injustiziei hordagoa botatzen diegu... Nafarroa osoko hainbat eremutatik eta bidetatik datozen herritarrak gara, gaurtik hasita euskaraz bizi nahi dutenak».

Nafarroan euskaraz bizitzeko, baina, «hamaika traba» daudela salatu dute: «Euskara ikastea ez da guztion eskura dagoen zerbait; kulturaren ozeanoan tanta txiki bat da euskaraz ekoitzi eta zabaltzen dena; administrazioan zerbitzuak euskaraz jasotzea ez da erraza izaten, eta hiztun moduan eskubide desberdinak ditugu Nafarroan, gure posta kodeak definitzen baititu geure hizkuntza eskubideak; atzerriko hizkuntzen azpitik puntuatzen da euskara ehunka lanpostutan; paisaia linguistiko elebiduna izateak, maiz, esfortzu, borroka eta lan handia eskatzen du».

Nafarroa hiru eremutan banatzen duen zonifikazioa eta administrazioak euskal hiztunei eskaintzen dien tratua ere hizpide ditu manifestuak. «Ardura politikoak exijitzeko garaia da, ez bazterketa betikotzeko garaia; ez dugu bigarren mailako herritar izan nahi», azpimarratu du Suarezek, aurkezpenean. Are: exijitu dute eskubide guztiak «herritar orori bermatuak» izan daitezela, «fikziozko mugarik gabe». Euskararentzat, berriz, dagozkion «lekua eta prestigioa» eskatu dute. «Izan ere, euskarak hiztunak behar ditu, eta hiztunok, eskubideak. Bereizkeria eta bazterketa ez dira aukera bat: pertsona guztiontzako eskubide guztiak nahi eta behar ditugu. Herritarrok egiten ari garen moduan, har dezala administrazioak erantzukizuna bere gain».

Manifestazioa, ekainean

Oztopo horiek guztiak onartuta ere, Sorionekuak manifestuaren sinatzaileek azaldu dute ez dutela euskara kezkarekin edo ahaleginarekin soilik lotu nahi. «Telebista piztu, eta konturatu gabe geure burua euskaraz gozatzen harrapatu nahi dugu. Erosketak egitera joan, eta kezkarik, beldurrik nahiz lotsarik gabe euskaraz mintzatu nahi dugu parekoarekin. Euskaraz blaituta bizi nahi dugu, akaso, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe. Zorioneko izan nahi dugu, 2023ko sorionekuak, etorkizunari segida eman nahi diogulako».

Hori lortzeko bidean, «pauso bat aurrera» eman nahi dute, eta Sorioneku manifestuarekin bat egiteko deia egin diete eragile sozial eta politiko orori, «euskara ez baita museoetan gordetzeko harribitxia: euskara etorkizuneko hizkuntza da, Nafarroakoa, nafar guztiona, denona». Horrez gain, manifestazioa ere eginen dute ekainean, manifestuan jasotako printzipioak kalean aldarrikatzeko. Ekainaren 10ean izanen da, larunbata, Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.