Osakidetzak beste bi adar eten ditu oposizioen adjudikazioetan

Neurofisiologiako eta neurokirurgiako azterketak ikertu egingo dituzte. Zerbitzuburuek epailearen aurrean deklaratuko dute asteartean

Osakidetzako lan eskaintza publikoko azterketa bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Osakidetzak Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiaren baieztapen ofiziala jaso du. 2016. eta 2017. urteetako oposizioetako neurofisiologiako eta neurokirurgiako adarrak ikertuko ditu epaitegiak. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak ohartarazi duenez, epaitegiaren baieztapena jaso, eta jada abian jarri dute oposizioetako lan eskaintza publikoak eteteko prozesua, «kautela neurri gisa». Hain zuzen ere, joan den azaroaren 25ean ESK sindikatuak epaitegiari eskatu zion azter zitzala bi adar horietan egondako ustezko filtrazioak, eta, abenduan, epaitegiak onartu egin zuen eskaria; egun, hamahiru espezialitate daude ikerketapean. Jakinarazi dute datozen egunetan argitaratuko dutela erabakiaren gaineko informazioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldizkari ofizialean.

Jose Antonio Elexpuru Bilbo-Basurtuko ospitaleko neurologia zerbitzuetako buruak eta Eduvigis Alvarez Arabako neurofisiologia zerbitzuetako buruak deklaratu beharko dute epailean aurrean. Patxi Nicolau ESK-ko ordezkariak jakinarazi duenez, astearte goizean igaro beharko dute bi zerbitzuetako buruek epailearen aurretik, hilaren 21ean. Sindikatuak lekukotasunak jaso eta azterketetako emaitzak ikertu zituen bi adar horietako zerbitzuburuak salatzeko. Zigortuak izanez gero, hiru urte arteko kartzela zigorra eta hiru eta bost urteko inhabilitazioa ezar diezaiekete.

Nicolauk nabarmendu du «poztekoa» dela justiziak Osakidetzako 2016. eta 2017. urteetako lan eskaintza publikoko ustezko filtrazioen gainean egin duen ikerketa, eta gaineratu du hark erakutsiko duela sindikatua ez dagoela «oker». Aldi berean, Osakidetzak ia azken bi urteetan izan duen jarrera ere salatu du: «Osakidetzaren eta Osasun Sailaren ardura da gertaera hauen gaineko salaketak ikertzea; ez dute beren lana egin». Areago, oposizioetako «klientelismo sistema» amaitzera deitu ditu.

ESKren salaketa

Iazko azaroan aurkeztu zuen ESK sindikatuak salaketa epaitegian. Anonimoen lekukotasunak jaso zituen, eta azterketetako «ezohiko emaitzak» ikertu zituen Oviedoko Unibertsitateak (Espainia) eginiko analisi batean oinarrituta. Neurokirurgiako eta neurofisiologiako adarretan aurkitu zituen ustezko iruzur zantzuak.

Neurokirurgiako adarraren kasuan, ondorioztatu zuen Elexpuruk zuela azterketa egiteko ardura. Emaitzak ikertu ostean, berriz, salatu zuten espezialitate horretako bost emaitza onenetako lauk lotura zuzena zutela Bilbo-Basurtuko ospitalearekin. Hain zuzen ere, azaldu zutenez, hiru hautagaik ospitalean egiten zuten lan zerbitzuburuarekin batera; laugarrenak bertan egin zituen praktikak, Elexpururen ardurapean.

Neurofisiologian ere ustezko iruzurraren zantzuak aurkitu zituzten. Sindikatuko kideek adierazi zutenez, adar horretako azterketaren arduraduna Alvarez zerbitzuburua zen; eta, aldi berean, baita epaimahaiko kidea ere. Gainera, egin zituzten ikerketen ostean gaineratu zuten azterketa teorikoan hiru emaitza onenak lortu zituzten bi pertsonak Alvarezekin batera egiten dutela lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.