Hegoaldeko lan merkatuan urtarrila ez da ohi bezain beltza izan

Abenduan baino 1.890 langabe gehiago daude. Gizarte Segurantzak 8.910 afiliatu galdu ditu: kopururik txikiena mendea hasi zenetik. Kontratu mugagabeak %11,1 izan dira

Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Urtarrila hilabete txarra izan ohi da Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat, urteko txarrena.2022koa ez da, ziur aski, salbuespena izango, gora egin baitu langabeziak, eta behera, berriz, langile kopuruak. Baina, aldagai batean zein bestean, datu txarrak aurreko urteetakoak baino arinagoak dira. Gainera, kontratu mugagabeen kopuruak %10en langa gainditu du; azken lan erreformak aldi baterako kontratazioa zailtzen duelako izan dela baieztatu dute haren bultzatzaileek.

SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren arabera, abenduan 148.761 lagun zeuden erregistratuta langabe gisa Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan, iazko urtarrilean baino 1.890 gehiago. Igoera ez da txikia, baina bai aurreko urteetako urtarril gehienetan baino txikiagoa. 2021eko urtarrilean, esaterako, 2.578 langabe gehiago izan ziren, eta 2020an, 4.161 gehiago. Urte askoz txarragoak izan dira, urrutira joan gabe: 2012ko urtarrilean 13.676 langabe gehiago zenbatu zituzten.

Eguberrietan merkataritzan eta ostalaritzan egiten diren kontratazioen amaierarekin lotuta dago urtarrileko beherakada, eta haren eragina askoz gehiago antzematen da Gizarte Segurantzako afiliazioan. Aurreko hilean, 1.266.771 lagunek kotizatu dute batez beste Gizarte Segurantzan: abenduan baino 8.916 gutxiagok.

Eroriko handia da hori ere. Hala eta guztiz ere, mende honetako txikiena da. Esaterako, 2021eko urtarrilean, 10.924 afiliatu galdu zituen Gizarte Segurantzak, eta 13.543 afiliatu 2020koan.

Eguberrietako kanpainaren eragina ikusten da langabeziaren sektorekako bilakaeran ere. Horrela, zerbitzuetan 2.518 langabe gehiago daude orain Lanbiden eta Nafar Lansaren. Industrian 547 langabe gutxiago daude, eta eraikuntzan, berriz, 205 gutxiago.

Zerbitzuetan emakume gehiago daudenez, haien artean handitu egin da langabezia (+2.186) eta langabe erregistratuen %56,7 dira dagoeneko. Gizon langabeak abenduan baino 296 gutxiago dira, eta langabeak %9,1 dira.

Nabarmentzekoa da SEPEren datuak INEren biztanleria aktiboaren inkestarekin erkatuz gero %10,9ko langabezia tasa irteten dela, INEk 2022ko azken hiruhilekorako emandako tasaren oso gainetik (%8,8).

Aldi baterako erregulazioan daudenen kopurua ere pixka bat igo da: urtarrilaren 31n 5.532 ziren, hilabete lehenago baino 1.139 gehiago.

Mugagabe gehiago

Kontratazio moldeari dagokionez, behin-behineko kontratuak izan dira gehienak, baina kontratu mugagabeek gainditu egin dute %10eko muga, eta hori ez da ohikoa: azken hamabost urteetan, bi hilabetetan soilik izan dira mugagabeak %10 baino gehiago: iazko martxoan eta azaroan, Lan Ikuskaritzak kontratu iruzurti asko atzeman zituelako eta mugagabe bihurrarazi.

Zehazki, sinatutako 102.623 kontratuetatik 11.428 izan dira mugagabeak: %11,14. Espainian %15ekoa izan da kopuru hori, eta lan erreformaren ondorio izan dela nabarmendu du Yolanda Diaz Lan ministroak, erreforma horrek mugak jartzen baitizkio aldi baterako kontratazioari. CCOOk eta UGTk ere erreformaren garaipentzat jo dute kontratu mugagabeak ugaritu izana. ELAk eta LABek, berriz, ez dute aldaketa handirik ikusi Hegoaldeko lan merkatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.