Langabeen kopurua pandemia aurrekora itzultzeko atarian dago

Irailean, beste 4.133 lagunek utzi dituzte langabeziaren zerrendak; jaitsierarik handiena 2004. urteaz geroztik. Abuztuan galdutako afiliazioen erdiak berreskuratu dira, hezkuntzaren eraginez

Iker Aranburu.
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriari kostatzen ari zaio pandemia aurretik zuen langabe kopurura ailegatzea. Irailean ez da iritsi, baina litekeena da urrian bai heltzea, mila langabe eskas falta baitzaizkio 2020ko otsaileko datuetara itzultzeko. Orduko hartan, 151.214 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta enplegu bulegoetan, eta 152.214 ziren irailaren amaieran. Berez, Nafar Lansarek 2020ko otsailean baino 1.300 langabe gutxiago ditu bere zerrendetan, baina Lanbiden 2.200 gehiago dira oraindik.

LANGABEZIA
Abuztuan baino 4.133 gutxiago


Aspaldiko irailik onena izan da Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan, 4.133 langabe desagertu baitira haien zerrendetatik. 1996az geroztik, 2004an baizik ez zen halako jaitsiera bat izan langabeen kopuruan (-4.527), baina egia da orduan orain baino 50.000 langabe gutxiago zeudela.

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan egin du behera langabeziak: 1.598 langabe gutxiago daude Bizkaian, 1.365 gutxiago Nafarroan, 603 gutxiago Gipuzkoan, eta 567 gutxiago Araban.

Sektoreka, langabezia soilik handitu da aurretik enplegua ez zutenen artean (+121). Batez ere zerbitzuetan jaitsi da (-3.077), eta hori ohikoa da, langile gehien dituen sektorea ez ezik, udan lanpostu gehien galtzen dituena baita hirugarren sektorea, batez ere hezkuntzari lotutako jardueretan. Apaltzea izan da industrian (-467), eraikuntzan (-419) eta lehen sektorean (-294) ere.

Langabeen %57,5 emakumeak dira (87.491), eta %42,5 gizonak (64.689). Ehuneko horiek ez dute aldaketa handirik izan COVID-19ak ekonomian ere triskantza eragin zuenetik: 2020ko otsailean langabeen %57 ziren emakumeak. Ondorioz, antzeratsu jarraitzen dute sexuen araberako langabezia tasek: lan egin nahi duten emakumeen %13,3 daude lanik gabe, eta gizonen %9,4.

ERREGULAZIOAK
1.255 langile gutxiago erregulazioan


Jarduera ekonomia sektore ekonomiko gehienetara itzuli eta jarduera batzuetarako mugak desagertu edo txikitu ahala, behera doa enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden langile kopurua. Irailaren amaieran 11.335 langile zeuden egoera horretan, eta horietatik 7.000 inguru baizik ez zeuden lanaldi osoko erregulazioan. Abuztuarekin alderatua, 1.255 gutxiago dira, eta kopururik apalena da 2020ko martxoaz geroztik. Urte horretako apirilean ia lau langiletik bat izan ziren egoera horretan, 250.000 langiletik gora. Pandemiak eragindako ABEE bereziak luzatzeko akordioa lortu zuten joan den astean Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek, eta, horri esker, 2022ko otsailera arte bederen bide hori erabili ahal izango dute enpresek enplegua ez suntsitzeko.

AFILIAZIOAK
Pandemian galdutakoen hiru laurden berreskuratu dira


Enplegua Gizarte Segurantzaren kotizatzaileen arabera neurtuz gero, ona izan da iraila, batez beste abuztuan baino 5.374 langile gehiago daudelako lege barruan lanean. Hori bai, datu on horri itzal egiten dio jakiteak abuztuan 10.916 afiliatu galdu zituela Gizarte Segurantzak, eta, ondorioz, erdia bakarrik berreskuratu direla.

Hein handi batean, hezkuntza sektorearen dinamikaren ondorioz da hori: uztailean eta abuztuan lanik gabe geratzen dira behin-behineko milaka irakasle, jangeletako langile, akademietako behargin eta halakoak, eta irailean eta urrian kontratatzen dituzte berriz.

Kotizatzaile kopuruari erreparatuta ere, Hego Euskal Herriko lan merkatuak ez du oraindik pandemia aurreko maila berreskuratu. Gertu izan zen ekainean. 2.800 kotizatzaile eskasera, baina abuztuko hondoratzeak eragin du orain 9.400 azpitik izatea.

Edonola ere, konfinamenduarekin galdutako 37.000 lanpostuetatik hiru laurden inguru dagoeneko berreskuratu dira. Ezin da baztertu udazkenean gainontzekoak ere berreskuratzea, urrian oso igoera handiak izan ohi dituelako Gizarte Segurantzaren afiliazioak; 2019an, 19.000 gehiago batu zituen, eta, 2020an, ia 15.000.

KONTRATUAK
Mugagabeak %8,6 dira


Kontratazioak bultzada handia izan du aurtengo irailean, iaz baino %10 handiagoa izan baita. Aldaketarik ez da, ordea, kontratu horien izaeran, gehiengo oso handia aldi baterakoa baita oraindik ere. Aurtengo irailean, kontratuen %8,6 izan dira mugagabeak, eta iazkoan, berriz, %8.

LANGABEZIA SARIAK
Bitik batek, ezer ez


Langabezia sariari buruzko datuak desitxuratu ditu pandemiak, hura jasotzeko eskubidea dutelako aldi baterako enplegu erregulazioan daudenak, nahiz eta ofizialki ez diren langabeak —haien kontratuak indarrean daude erregulazioak iraun bitartean—. Baina ABEEn daudenen kopurua apaldu ahala, agerian geratzen ari da pandemia aurretik zegoen egoera, hau da, langabeen zati handi batek ez duela inolako saririk jasotzen. Azken datuak abuztukoak dira, eta horietan ikusten da langabeen %30ek dutela langabezia sari arrunta, eta erdiek ez dutela sosik jasotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.