Euskal Elkargoak turismorako bizitegiak gutxitu nahi ditu

Ekainetik aitzina konpentsazio neurria ezarriko zaie turismorako bizitegiei. 680 milioi euroko aurrekontua izango du Euskal Elkargoak

Baionako Lauga gelan egin zuten elkargoko batzarra, atzo goizean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Hirigune Elkargoko batzarra egin zuten, atzo goizean, Baionako Lauga gelan. 689 milioi euroko aurrekontua onartu zuten 2022. urterako, eta turismorako etxebizitzei konpentsazio neurria ezartzea erabaki zuten. Bi gaiek eztabaida biziak eragin zituzten.

Etxebizitzaren gaiak izan duen bilakaerak kezka eta ezinegona eragin ditu azken hilabeteetan. Azaroaren 20ean 8.000 pertsona mobilizatu ziren Baionan, eta eskaera zehatzak egin zizkieten Euskal Elkargoari eta Frantziako Estatuari. Atzo eman zuen lehen erantzun bat elkargoak turismorako bizitegiei konpentsazio neurria ezartzea erabakita. 220 hautetsik parte hartu zuten bozkan, eta horietarik 169k eman zuten aldeko bozka. Heldu den ekainetik aitzina, turismorako bizitegi bat alokagai duten jabeek urte osorako beste bizitegi bat eskaini beharko dute konpentsatzeko, hiri berean eta gutxi gorabehera ezaugarri berekoa. Etxebizitza nagusia urtean 120 egunez baino gehiagoz alokatzen duten jabeei dagokie neurria, baita bigarren etxebizitza aldi baterako alokairuan eskaintzen dutenei ere. Norbanakoei eta enpresei dagokie neurria.

Bi salbuespen ezarri dituzte. Urtean zehar bederatzi hilabetez ikasleei alokatzen dieten jabeek gainerako hiru hilabeteetan turismorako baliatu ahalko dute. Turismorako etxebizitza beraien etxebizitza nagusiaren eraikin berean duten jabeak ere salbuetsiak izanen dira. Etxebizitza «tentsioan» dagoen Lapurdi kostaldeko 24 herritan aplikatuko da neurria.

Daniel Olzomendi Turismo gaietarako Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariordeak aurkeztu zuen proposamena. «Azken 30 urteetan erabateko lerratzea izan da; ezin dugu horrela segitu». haren hitzetan, azken bost urteetan izan da gorakadarik handiena. Jabe anitzek alokairuan zituzten etxebizitzak berreskuratu dituzte, turismora bideratzeko.

Hautetsi andanak babestu zuen neurria, ezker zein eskuinekoek. Hala, Maider Arostegi Miarritzeko (Lapurdi) auzapez eta Errepublikanoetako auzapezak bere herriko adineko emazte baten adibidea eman zuen: bizitegia alokatzen zion jabeak etxebizitza berreskuratu nahi izan du, turismorako baliatzeko. Horrelako adibideak anitz direla baieztatu zuten batek baino gehiagok.

Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak BERRIAri errandakoaren arabera, neurria Administrazio Auzitegira eramateko mehatxua egin diote turismorako bizitegiak eskaintzen dituzten plataformek.

Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapeza izan zen kontrako ahotsa altxa zuen bakarrenetako bat. «Zinezko arazo bati» ematen zaion «erantzun okerra» da, adierazi zuen. Guillaume Barucq Miarritzeko hautetsiak ere kezkak agertu zituen neurriak eman ditzakeen emaitzei buruz, baita Donibane Lohitzuneko hautetsiek ere.Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapezak, bere aldetik, neurria babestu zuen, ezarri dituen salbuespenekin «oreka bat» lortu dutela ebatzita.

Aurrekontua, onartuta

2022 urterako aurrekontua ere bozkatu zuten atzoko batzarrean batu ziren hautetsiek. 689 milioi euroko diru partida onartu zuten: 407 milioi euro funtzionamendurakoeta 190 milioi euro inbertsiorako. Egindako proposamena gehiengo zabal batek bozkatu bazuen ere, hautetsiek kritika zorrotzak egin zituzten Euskal Elkargoaren finantza egoerari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.