Hobeki-k errefusa murrizteko «plan zehatzak» galdegin ditu

Hamar udalek osatzen dute elkartea; salatu dute euskal erakundeek ez dituztela betetzen Europako Batasunak ezarritako helburuak

Hondakin poltsak, Lapatxeko zabortegian (Azpeitia, Gipuzkoa). G. RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Herenegun, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen jada lortu duela Europako Batasunak 2020rako jarritako birziklatze tasa. Hobeki elkartearen arabera, aldiz, soilik Nafarroan egongo lirateke 2020rako eta aurreragoko xedeak betetzeko moduan. Salatu du Gipuzkoan eta Araban «egun tramitatzen ari diren» plan estrategikoek ez dutela «zehaztasun askorik» jasotzen xede horiek lortzeari begira. Eta azpimarratu du Bizkaiak plan bat behar duela, «zaharkitua luzatzen ari baita». Ipar Euskal Herriari buruz ez du baloraziorik egin, Akitania Berriko eskualdeko datuetatik bereizteko zailtasunengatik. Elkarteak uste du «ezinbestekoa» dela nazio mailako hondakinen behatoki bat sortzea.

Hobeki-ko kideek Larrabetzuko Udaletxean (Bizkaia) egin zuten agerraldia, atzo. Iazko ekainean aurkeztu zuten elkartea, eta honako hamar udalek osatzen dute, bederatzi EH Bildukoak: Bizkaiko Larrabetzu eta Berriatua; Gipuzkoako Berastegi, Hernani, Leintz Gatzaga, Oiartzun, Segura, Usurbil eta Zaldibia; eta Arabako Donemiliaga. Batu egin dira «hondakinen kudeaketa arduratsu eta iraunkorraren alde» egiteko. Nabarmendu dute horretarako «lehenetsi» egin behar dela «herritarren osasuna eta ingurumenaren zaintza».

Hegoaldeko gobernuek Bruselak zehaztutako helburuak oro har zergatik ez dituzten betetzen azaldu du Hobeki-k. Batetik, nabarmendu du errefusarekin batera material birziklagarria asko jasotzen dutela, eta, gainera, errefusa murrizteko politika zehatzak «zeharka» baino ez dituztela aipatzen euren planetan.

Errefusarekin batera botatzen diren hondakin berreskuragarrien portzentajea aztertu du elkarteak, bilketa sistemaren arabera eta 2016ko datuetan oinarrituta. Hala, atez ateko sistema duten herrietan %63 dela dio; bosgarren edukiontzi txarteldunarekin, %68; bosgarren edukiontziarekin, %73; eta lau edukiontzi dituzten herrietan, %84.

Bestetik, azaldu du gobernuek ez dutela material organikoa modu «bereizi eta egoki batean kudeatzen». Adierazi du soilik Gipuzkoan eta Nafarroan egin dutela hautu hori. Hobeki-ren arabera, Bizkaian biztanleko 5,8 kilo organiko jasotzen dituzte urtean; Araban, 6,4; Nafarroan, 37,5, eta Gipuzkoan, 65,6.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.