Koronabirusa

Nafarroan, proba egin zaienen ia erdiak positibo

7.765 PCR eta antigeno test egin ziren ostiralean, eta horietatik 3.350ek eman zuten positibo: %43k. Lau heriotzaren berri eman du gobernuak

Erizain bat PCR proba bat egiten, Iruñean. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Izurri bat kontrolpean izateko faktore garrantzitsuenetako bat da diagnostikoa, aukera ematen duelako birusa hesitu, transmisio kateak eten eta gaitzaren hedatzea oztopatzeko. Uneotan, baina, COVID-19a kontrolik gabe ari da hedatzen Euskal Herrian. Transmisio komunitario horren adibide da positibo tasa: egunean egiten diren proba diagnostikoetatik zenbat diren positibo. Adituen arabera, izurria kontrolpean izateko, ehuneko hori ezin da izan %5 baino handiagoa. Nafarroan, %43,1ekoa da orain. Osasunbideak gaur emaniko datuen arabera, 7.765 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo herrialdean, eta horietatik ia erdiak positibo izan ziren: 3.350.

Horrez gain, diagnostikatzen diren positiboen erdiak baino gehiago (%54) «jatorri ezezagunekoak» dira jada, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak argitaratutako azken txosten epidemiologikoaren arabera. Zer esan nahi du horrek? Bada, Nafarroako osasun zerbitzuek ez dakitela non ari den jendea koronabirusarekin kutsatzen, eta, uneotan, ez duela gaitasunik gaitzari arrastoa segitzeko.

Hau, baina, ez da Nafarroari soilik eragiten dion arazo bat: Eusko Jaurlaritzaren azken buletin epidemiologikoaren arabera, abenduaren 29an positibo tasa %35,1ekoa izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 33.388 proba diagnostiko egin zituen Osakidetzak, eta horien herenak (11.712) positibo izan ziren.

Bestalde, COVID-19ak jota hildako beste lau pertsonaren berri eman du Nafarroako Gobernuak. Astea hasi zenetik, 13 lagun hil dira herrialdean koronabirusagatik. Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 15 paziente erietxeratu zituzten Nafarroako ospitaleetan; horietatik bi, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Uneotan, 160 pertsona daude COVID-19agatik ospitaleratuak Nafarroan, eta 26 paziente larri daude ZIUetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.