Asier Martinez. Atleta

«Lanari eta entrenamenduei esker iritsi naiz honaino»

110 metroko hesidunetan Europako txapelketan urrea lortuta, uneaz «gozatu» nahi du Martinezek. Mailari eutsi eta «gutxinaka hobetzea» du helburu. Bi aste barru bukatuko du sasoia.

Europako txapeldunak etxean. Josu Arzotz eskubaloi jokalariari eta Asier Martinez atletari harrera ekitaldia egin zieten atzo, haien sorterrian, Zizur Nagusian (Nafarroa). Udalbatzak eta bizilagunek txalo artean egin zieten ongietorria Europan lortutako garaipenengatik. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Zizur Nagusia<YLG>
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Europan lortutako garaipenen eztia oraindik ahoan dutela, etxean dira dagoeneko Asier Martinez atleta (Zizur Nagusia, Nafarroa, 2000) eta Josu Arzotz eskubaloi jokalaria (Zizur Nagusia, 2004). Biek lortu dute Europako garaikurra, bakoitzak bere kirolean. Biak dira Zizur Nagusikoak. «Egunero ez ditugu bi zizurtar Europako txapeldun», gogorarazi zuen atzo Jon Goldan herriko alkateak. Izan ere, udalbatzak eta herritarrek harrera egin zieten bikirolari gazteei. Are, irailaren 14an herriko bestetako txupinazoa botatzeko eskaintza onartu zuten jendaurrean.

Adin guzietako zizurtarrak agertu ziren bi gazteei txalo egitera. Lehenbizi, udaleko liburuan sinatu zuten Martinezek eta Arzotzek, eta, ondoren, karrikara atera ziren hitz batzuk esan eta jendearekin egoteko. Argazkiak ezker-eskuin, sinadurak haurrek eramandako paperetan, zorionak han eta hemen, eta musuak eta besarkadak nahi beste.

Martinezek agenda nahiko estu dauka, eta entrenamendutik zuzenean joan zen ekitaldira, horretarako baliatzen dituen jantziak soinean. Horri egin zion erreferentzia bere hitzaldiaren hasieran: «Barkatu janzkeragatik; entrenamendutik etorri naiz, eta agian ez da egokiena».

Eskerrak, ondotik, herritarrei:«Niretzat oso garrantzitsua da bertakoen babesa; niretzat hau da babesik identitarioena. Eskerrik asko Europan lortu ditugun arrakasta guziak zuenak egiteagatik». Ekitaldia bukatuta, eta plaza hustuta, udaletxeko atarian eseri da, atzera begiratu eta 110 metroko hesidunean lortutako urreari buruz aritzeko.

Nola hartu duzu herrikoen omenaldia?

Herriaren babesak berebiziko garrantzia du niretzat; nire herriko babesa eta hemen egoteko laguntza sentitzeak berebiziko garrantzia du, eta oso pozik nago. Badakit herritarrek bere sentitzen dutela nire lana. Badakit asko estimatzen dutela nire lana, nire ondoan daudelako.

Txupinazoa botatzeko proposamena egin dizute.

Saiatuko naiz hemen egoten; ez dakit, agenda kontuan hartuta, hemen egongo naizen, baina behintzat, pozik nago orain hemen egoteagatik, eta momentua disfrutatzeagatik, eta saiatuko naiz hemen egoten egun horretan ere.

Zer sentsazio dituzu orain etxean egonda?

Etxean beti ondo nago; ni, behintzat, etxean beti sentitzen naiz gozo. Atzerrian zaila da ondo bazkaltzea, ondo deskantsatzea, eta ni neu beti hobeto nago etxean.

Nola hartu zenuen Munichen urrezko domina irabaztea?

Azkenean lanaren emaitza da: honaino iritsi gara lanari eta entrenamenduei esker. Eta hori da nire kasuan gakoa, eta hori da ere bidea. Lanarengatik nago hor, eta lanaren emaitza da.

Nola bizi izan zenuen egun hori pistan?

Ba oso ondo. Estadioa oso beteta zegoen; jende ugari ari zen animatzen, eta oso giro ona zegoen, nahiz eta presioa ere banuen. Baina, azkenean, txapelketen ohiko ezaugarri bat da.

Urreak pisatzen du orain?

Orain ez. Orain dena polita da. Ez naiz ezberdina sentitzen horregatik, ezta berezia ere. Azkenean, ez naiz aldatu.

Nola ikusten duzu zeure burua aurrera begira?

Zaila da imajinatzea zer etorriko den hurrengo hilabeteetan, hurrengo urteetan, baina maila honi eustea da nire asmoa, baita gutxinaka hobetzea ere, ahal bada. Baina egia esanda, orain pentsatzen dudana da gozatu nahi dudala, momentuari balioa eman; eta hori da nire hurrengo pausoa.

Erronka zehatzik baduzu orain?

Oraingoz, ez. Bi aste luzatu dugu denboraldia, batez ere Diamond Ligaren finalari begira. Baina bi aste barru bukatuko dugu, hurrengo denboraldiari begira plangintza guztia egiteko.

Atletismoa ez da lehen lerroan egoten den kirol bat, baina orain bazara erreferente bat.

Hori ere lortu dugu. Erdietsi dugu bizpahiru egunetan atletismoa aldizkarietan eta egunerokoetan agertzea. Eta asko baloratzen dut kazetarien eta kirol arloko jendearen lana eta arreta.

Kirol txikia da zurea, eta zer esanen zenieke hasteko asmoz, edo zalantzatan direnei?

Egin ditzatela umeek atletismoa eta kirol txikiak, beharra dugulako hazten jarraitu ahal izateko. Hala ere, garbi utzi behar da kirol gogorrak direla.

Garaipenetan lagunak ondoan izan dituzu. Garrantzitsua da hori?

Guztiz, guztiz. Nire kuadrillaren babesa, atletismoko kideen babesa, niretzat dena da. Nire motorra dira. Han [Munichen] haiek egoteak niretzat berebiziko garrantzia dauka. Oso pozik nago haiek beti egon direlako ondoan; asko estimatzen dut hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.