Lanera itzuli dira Gamesan, akordiorako oinarria lortuta

Asteasuko plantako txandakako beharginek greba mugagabea utzi dute, zuzendaritzaren lan hitzarmen proposamena onartu ondoren

Siemens Gamesako beharginen batzarra atzo, Asteasuko plantan. BERRIA.
xabier martin
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako salbuespen egoeran, greba mugagabe baten aldeko erabakia hartzen lehenak izan ziren Asteasuko (Gipuzkoa) Siemens Gamesako ekoizpen esparruko beharginak. Joan den astean lanuztera itzuli ziren, alarma egoerak ezarritako enpresa itxiera amaitu eta gero. Martxoaren 9an abiarazi zuten grebak bi asteko etenaldi hori izan zuen, alegia; atzo, berriz, akordioa lortu zuten zuzendaritzarekin greba utzi eta lan itun berri bat egiteko bidean. Eguerdian egindako langile batzarrak ia aho batez onartu zuen mahai gainean zegoen proposamena, eta, ondorioz, greba bertan behera uztea deliberatu zuen. 22:00etan sartu zen beharrera greban egondako lehen langile talde bat; koronabirusak ezarritako normaltasunera itzuli ziren, maskarekin eta protokolo zorrotz baten menpe.

Beraz, beharginek datozen urteetan lan hitzarmen berria izateko urrats handia egin dute. Birusak eragin duen krisi garaian enpresek itunak zorrotz beteko ote dituzten kezka ere badago langile askoren artean gaur egun. Edonola ere, Asteasuko beharginek enplegu berme bat eskatu zuten duela hilabete batzuk, eta lanuzteekin hasi ziren berme hori lortze aldera. Hau da, eskatu zuten multinazionalak agintzea ez duela langilerik kaleratuko. Alemaniako langileek badute berme hori. Aspaldian lortu zuten hori, baina lan ituna berritzea oso zaila gertatu da, ondoren, eta ia hilabeteko greba mugagabearen ondoren oztopo nagusiak gainditu dira.

Lau urterako ituna

Asteasuko txandakako langileek2019-2022 itunaren beren baldintzei dagokien proposamena onartu dute, eta soldata igoerak jaso ditu horrek, beste hainbat hobekuntzaren artean. Lehen bi urteetan mailaketaren araberako igoerak aplikatu dizkiete soldata apalenak gertura daitezen soldata handienetara—iazkoa, atzerako eraginez—. Beste era batera esanda, soldata batzuen artean gero eta zabalagoa egin den arrakala txikitzeko helburua dute. 2021ean eta 2022an, berriz, igoera orokorrak aplikatuko dituzte, %2,3 eta %2,1ekoak hurrenez hurren. Txandaka aritzeagatik eta gauez lanean aritzeagatik jasotzen dituzten plusetan ere izango dute igoera. Halaber, lanaldia zertxobait murriztuko da.

2018an amaitu zen enpresako ituna. Soldatak eguneratzeaz gain —izoztuta zeuden—, azken urteetan lantegiaren barruan sortu diren langileen arteko «diskriminazioak» eta soldata arrakala txikitzeko neurriak nahi zituzten langileek, eta lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.