Jaurlaritzaren apustua: mugikortasuna, datuak eta terapia berritzaileak

Europako funtsak banatzeko lehentasunezko hiru proiektuen entresaka bidali dio Espainiako Gobernuari. 648 milioi euro erakarri nahi ditu. Nafarroak ez du eman bere aukeraketaren berri

Erakunde ezberdinetako agintariak, Mubil Tolosako mugikortasun zentrora eginiko bisitan. ERREDEHIERRO / IREKIA.
Irune Lasa.
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Mugikortasuna, datuak eta osasun terapia aurreratuak. Ardatz horietan oinarritutako hiru proiektu zabal aurkeztuko ditu Eusko Jaurlaritzak Madrilen, Europako funtsetatik 648 milioi euro erakartzeko asmoz, eta Espainiako Ekonomia ministro Nadia Calviñoren eskariari erantzunez. Hiru proiektu estrategikoetarako 1.854 milioi euroko inbertsioak aurreikusi ditu Jaurlaritzak. Nafarroako Gobernuakoraindik ez du jakinarazi zein izango den bere galbahea.

Espainiako Gobernuak hainbat bide ditu zabalik Europako funtsak banatzeko, eta orain gutxi eskualde mailako proiektuentzako nolabaiteko beste leihatila bat zabaldu zuen Calviñok. Erkidegoei gutun bat bidali zien, bi edo hiru proiektu estrategiko lehenetsi zitzaten eskatuz, traktoreak izan daitezkeenak haien lurraldeko ekonomiarentzat.

Berez, Eusko Jaurlaritzak eskualde mailako bederatzi proiektu estrategiko jada zehaztuta dauzka Next Euskadi programan. Baina orain, Calviñori aurkezteko entresaka bat egin du, neurri handi batean birdefinizio bat dena. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak hori azaldu du Gobernu Kontseilu osteko agerraldian. «Ez dira proiektu berriak», zehaztu du, «jada Euskadi Next programan bazeuden. Egin dugun bakarra haiek berriz biltzea izan da, integratzea. Eta saiatu gara koherentzia pixka bat ematen ekinbideei, kontuan izanda haiek enplegua eta enpresak sortzeko izan dezaketen trakzio ahalmena».

Sailburuak azpimarratu duenez, aukeraketa horrek ez du esan nahi Euskadi Nexteko beste proiektuak ez direnik garatuko edota Europako funtsik ez dutenik jasoko. «Lan egingo dugu guztiak aurrera eraman daitezen, bai ekimen publikoarekin, bai ekimen publiko-pribatuarekin; Next Generationeko deialdi guztietara aurkeztuko dira, eta izango dute Jaurlaritzaren eta aldundien finantzaketa propioa, eta baita oso beharrezkoa izango den finantzazio pribatua ere».

Calviñori aurkeztuko dizkioten hiru proiektuek Europako funtsik jasoko duten ala ez, eta jasotzekotan zenbat diru lor dezaketen noiz jakingo den galdetuta, Tapiak onartu du ez da dakiela. «Datarik ez dakigu, baina kontuan izanda Europatik datozen baliabide horiek jada jasota daudela estatuko aurrekontu orokorretan, espero dugu urtea bukatu aurretik seinaleren bat izatea». Sailburuak gaineratu du orain arte egindako bilera eta harremanetan, proiektuok harrera «oso positiboa» izan dutela Madrilen.

Hauek dira Jaurlaritzak aurkeztu dituen hiru proiektuak:

BASQUE MOBILITY

750 milioi euroko inbertsioarekin, proiektu estrategiko horren helburua daindustria mugikortasun berri, autonomo, konektatu eta jasangarrian kokatzea, bi ikuspegi landuz. Batetik, digitalizazioa eta mugikortasun konektatua eta autonomoa garatzea da asmoa, BasqueCCAM LABen koordinaziopean. Hor, garapen industrialez gain, mugikortasun berriari lotutako produktuak eta zerbitzuak probatzeko eta balioztatzeko moduak landu nahi dira.

Horretan, gainera, lurralde bakoitzak espezializazio bat eskaini dezake. Gipuzkoako errepide sarea, adibidez, mugaz gaindiko mugikortasuna lantzeko laborategia izan daiteke. Bizkaiak, berriz, jada abian duen simulazio sistema hobetu dezake, 5G-an oinarritutako teknologia.

Bestetik, erkidegoaren proiektu izarretako bat dago Madrilen aurkezteko proiektu estrategiko honetan: bigarren belaunaldiko bateriak egiteko Basquevolt gigafaktoria. Europako handiena izatea nahi du Jaurlaritzak. Araban egongo da, eta 237 milioiko aurrekontua du.

DATUAREN EKOSISTEMA

Trantsizio digitalaren inguruko egitasmo nagusiak bildu ditu Jaurlaritzak proiektu estrategiko honetan, eta 405 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du horietarako. Hemen doaz Industriarako Adimen Artifizialeko Europako Zentroaren egitasmoa (165 milioi euro); Data Centerra (117 milioi euro), industria zibersegurtasun zentroen garapena (49 milioi euro), eta konputazio kuantikoaren potentzialtasuna lantzeko asmoak (74 milioi euro).

BASQUE ADVANCED THERAPIES

462 milioi euroko inbertsioarekin, proiektu estrategiko honetan lau egitasmo doaz zerrendatuta, osasun terapia berritzaileen ingurukoak guztiak. Batetik, asmoa dago genetika eta biomedikuntzako laborategien azpiegitura handitzea. Bestetik, Osasunberri proiektua dago, COVID-19aren pandemia eta etorkizuneko pandemiak kudeatzeko diagnostiko-soluzioak eta terapiak bilatzen dituen proiektu integrala. Osasunberri partzuergo gisa antolatu da, eta Nafarroako Gobernuak ere parte hartzen du egitasmoan. Hirugarren asmoa Arabako nodo farmazeutikoa garatzea da; eta laugarrena Gipuzkoa Advanced New Therapies bultzatzea. Horretan, besteak beste, terapia genikoa, zelularra eta tisularra ikertzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.