Siriako hainbat «gune militar» bonbardatu ditu Israelgo armadak

Damaskok baieztatu du hiru soldadu siriar hil direla erasoan. Trumpen ostean ere erasokor jokatzeko prest dagoela erakutsi du Tel Avivek. Pompeo Israelen da, bisitan

Israelen gune militar bat, Golango gainetan, okupatutako lurralde siriarrean. ATEF SAFADI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Etxe Zuriko maizter aldaketak ez ditu Israelen erabaki militarrak baldintzatuko. Benjamin Netanyahuren gobernuak mezu hori eman zuen atzo goizaldean Siriari egindako erasoarekin. Israelgo armadak hainbat gune bonbardatu zituen Siriako lurretan; haren esanetan, herrialde horretako armadaren eta Irango indarren azpiegitura militarrak suntsitzeko. Damaskok baieztatu zuen Israelek hiru soldadu siriar hil eta beste bat zauritu dituela.

Israelen esanetan, Irango Quds Indarren eta Siriako armadaren hainbat «bilketarako eraikin, agintaritza zentro eta eremu militar sekretu» bonbardatu ditu, baita Siriaren lur-aireko zenbait misil sorta suntsitu ere.

Erasoa justifikatu du, erantzun bat izan dela argudiatuta. Salatu duenez, lehergailuak atzeman ditu Golango gainetan, eta ziurtzat jo du «eskuadroi siriar» batek jarri dituela, «Irango indarrek zuzenduta». Siriako Gobernua egin du «bere lurraldetik egindako ekintza ororen arduradun».

Bonbardaketen ostean, Israelgo armadak nabarmendu du «beharrezkoa den moduan» jokatuko duela Irango indarrak Siriatik kanporatuak izan daitezen, Iranen presentzia militarrak «eskualdearen egonkortasuna arriskuan» jartzen duela iritzita.

Israelek hainbatetan egin dio eraso Siriari azken urteetan, baina ez da ohikoa horien berri ematea. Oraingoan, erasoari buruzko azalpenak eman dituela-eta, Israelek mezu bat bidali nahi izan du: prest dago mugaz gaindiko erasoekin jarraitzeko AEBetan Donald Trumpek bere agintea amaitu ondoren ere, Ekialde Hurbilean bere interesak defendatze aldera. Joe Biden presidente hautatu berriak hartuko du Trumpen tokia, eta hark hartua du Iranekin akordio nuklearra berreskuratzeko konpromisoa.

AEBen bisita

Hain justu, hiru eguneko bisita hasi zuen atzo Mike PompeoAEBetako Estatu idazkariak Israelen. Hango hainbat hedabidek aurreratu dutenez, Israelek Palestinaren lurralde okupatuetan eraikitako kokagune bat bisitatuko duen AEBetako lehenengo goi agintaria izango da Pompeo, baina iturri ofizialek ez dute halakorik baieztatu oraindik.

Pompeo Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu zen arratsaldean, Iranekiko politikak eta Israelen eta herrialde arabiarren arteko harremanak aztertzeko. Abdullatif bin Raxid al-Zayani Bahraingo Atzerri ministroak ere parte hartu zuen bilkura horretan. Persiar golkoko herrialdeak Israelera egin duen lehen bisitan, enbaxadak irekitzea adostu zuten bi estatuek. Irailean, «harremanak normalizatzeko» ituna sinatu zuten, eta Palestinak traiziotzat jo zuen.

Israel Palestinarekin «negoziazioak berrabiarazteko prest» dagoela adierazi zuen atzo Gabriel Ashkenazi Israelgo Atzerri ministroak, PAN Palestinako Aginte Nazionalak Tel Avivekin harremanak berreskuratzeko erabakia hartu ostean. PANek harremanak eten zituen maiatzean, Israelek Zisjordania anexionatzeko plana aurkeztu zuenean. Ashkenazik Palestinari dei egin zion «aurretiko baldintzarik jarri gabe» negoziatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.