Donostiako 71. Zinemaldia. Zinemira. Amat Vallmajor Del Pozo. Zinemagilea

«Eguneroko gaiak lantzen dituen pelikula familiar bat da»

Euskal Herri post-apokaliptiko batean kokatu du Vallmajorrek bere lehen film luzea: 'Misión a Marte'. Kamera analogikoarekin filmatu du, eta zuri-beltzean. Besteak beste, heriotzaz aritu da.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasle ohia da Amat Vallmajor Del Pozo (Girona, Katalunia, 1996), eta bere aurreneko lan luzea du Misión a Marte pelikula. Zinemaldian izango da ikusgai egunotan, Zinemira atalean. Donostiara iritsi berritan eman dio elkarrizketa BERRIAri.

Nola otu zitzaizun ideia?

Elias Kerejeta Zine Eskolako masterra ikastera etorri nintzen hona, eta Euskal Herritik Kataluniarako bidaia egin nuen, umetan hainbeste aldiz egina nuena. Kataluniakoa naiz, baina nire familia, amaren aldetik, Eibarkoa da [Gipuzkoa]. Elias Kerejeta Eskolan, proiektu ideia bat aurkezteko eskatu zidaten, eta zera pentsatu nuen: nitaz hitz egitea, nire jatorriaz. Orduan, Euskal Herritik Kataluniarako bidaia horretaz aritzea okurritu zitzaidan.

Road movie generoa erabili duzu. Zergatik?

Beti gustatu izan zaidan generoa da, eta nire familian beti dago presente bidaiaren eta autoaren inportantzia. Nire osabari beti gustatu izan zaio gidatzea, eta, ikasten ari nintzenean, askotan eramaten ninduen gurasoak ikustera. Nolabait, bidaia horietan inspiratu nintzen. Pelikula bat egitekotan, errepidean girotutakoa izatea nahi nuen.

Hain zuzen, pelikulako aktoreak eta protagonistak zure osabak dira.

Bidaia izan zen pelikula egiteko arrazoia, baina ez edozein; nire osabekin egindakoa baizik. Protagonistak haiek izatea nahi nuen. Oso pertsonaia interesgarriak iruditzen zaizkit, eta iruditzen zitzaidan bazituztela gauza interesgarriak esateko. Espazio hori eman nahi nien.

Kamera analogikoarekin filmatutako pelikula da. Zer transmititu nahi zenuen? Zergatik erabili zenuen teknika hori?

Arrazoi asko daude. Bartzelonan ikasi nuenean, zinemarekiko maitasuna piztu zidan irakasle batek 16 mm-ko formatuan filmatzen erakutsi zidan, eta asko gustatu zitzaidan. 16 mm-ko formatuan filmatzeak mugak ditu, eta, gainera, aurrekontu txikia nuen. Dirua duen produkzio sistema batean digitalean edo analogikoan filmatu, berdina da. Hartualdia errepikatu behar baduzu, egingo duzu. Baina aurrekontu txikiarekin filmatzen duzunean, mugak dituzu materialarekin; eszena baterako hiru edo bi hartualdi soilik egin ditzakezu, eta irteten dena irtengo da. Filmatzean tentsio giro hori sortzen da, baina estutzen ez duena. Tentsioa badago, baina magia moduko bat da. Gustatzen zait, eta harrapatu egin ninduen. Digitalean zerbait egiten ere disfrutatu dezaket, baina analogikoan egiteko aukera badago, gustatzen zaidan metodologia da.

Gero, gainera, pelikulako generazioarekin eta estetikarekin bat zetorren. Apur bat zahartuta dauden pertsonaiak dira, formatua ere zaharkitua da, 16 mm, ia inork ez du erabiltzen, eta, gainera, badu zarata hori, irudia apur bat zikintzen duena. Punkagoa. Hori da pelikularen izpiritua.

Eta zuri-beltzean dago.

Bai. Zuri-beltzean izateak, azkenean, pelikulari mesede egin dio. Testuinguruarekin eta estetikarekin funtzionatzen du. Baina izatez, zuri-beltzean dago eskolan makinak zuri-beltzean soilik errebelatzen zuelako.

Elkarrizketa duten plano luzeak daude pelikulan. Zer nahi zenuen horrekin?

Plano luzeekin errealismoa sortu nahi nuen. Eta, hala ere, laburrak dira niretzat. Pelikulak bere muntatze lan eta mozketak ditu, baina gustatzen zitzaidan hizketan, haien saltsan, erakustearen ideia.

Inprobisazioa ere badago, hortaz?

Bai, denetarik dago. Gidoian ez zegoen hizketaldirik idatzita. Norabide batzuk zeuden markatuta, eta adierazten nien: orain honetaz hitz egin behar dugu, gero hartaz... Baina beti haien adierazteko moduarekin.

Elkarrizketei dagokienez, hainbat gaiez hitz egiten da filmean: holokaustoaz, Euskal Herriko polizia indarkeriaz...

Atera ziren elkarrizketak dira, eta aukeraketa bat egin behar izan nuen nik. Testuingurutik ateratako hizketaldiak dira, baina nahi nuen eztabaidagarriak izan daitezkeen gai batzuk egotea, haien errealitateari justizia egiten diolako. Uste dut ondo azaltzen duela nolako pertsonaiak diren: mundu post-apokaliptiko batean bizi dira, niretzat, haien barne munduaren isla dena. Gas toxiko bat dago, baina ez ditu hiltzen. Guztiaren instituzionalizazioa dago, baina hor daude, kasu askorik egin gabe. Uste nuen inportantea zela gai horiek ateratzea, beraiek nortzuk diren esplikatzen duelako, eta zein izan zen haien errealitatea 80ko hamarkadan.

Heriotza ere presente dago pelikulan. Gasaren aurkako maskarak daude, laino toxiko bat... Film iluna dela esango zenuke?

Baditu momentu ilun batzuk; pelikularen testuingurua bera, esaterako: mundu distopiko edo post-apokaliptiko bat da, eta badago halako etsaitasun giro bat. Eta heriotza; zaharkituta dagoen belaunaldi bat da, hiltzen ari dena, eta pelikularen zati batzuetan landu eta aurre egin behar diote gai horri. Baina pentsatu nahi dut argitasuna ere baduela.

Hor dago Hertzainak-en soinu banda.

Bai, 1983ko maketa bat da. Nire osaba taldeko kide baten laguna zen, eta kantu-hitz batzuk idatzi zituen. Hori horrela izanda, Hertzainak-ek izan behar zuen pelikularen soinu banda.

Nola aurkeztuko zenuke zure pelikula?

Eguneroko gaiak lantzen dituen pelikula familiar bat da; batez ere, heriotza eta anaien arteko harremana. Gainera, osagarri distopikoa du.

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Pelikula bat idazten ari naiz, baina guztiz bestelakoa da. Bartzelonan bizi diren gazteen ingurukoa da, eta etxebizitzaren krisiaren auzia lantzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.