Euskal erretromania

Erretromania fenomeno zaharra dela azaldu dute Marino Goñi ekoizleak, Jerry Corral musika kazetariak eta Mari Luz Esteban antropologoak Leioan.

Leioa. Javier Corral Jerry, Marino Goñi, Josu Larrinaga eta Mari Luz Esteban, atzoko saioan. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU.
Inigo Astiz
Leioa
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
«Hemen gauden azkenak desagertzen garenean desagertuko da gaur egun hainbeste kezkatzen gaituen erretromania hori». Marino Goñi musikari, ekoizle eta Gor diskoetxeko buru ohiaren hitzetan, iraungitze data bera daukate belaunaldiek eta belaunaldi horietako bakoitzak mito bilakatutako musika taldeen inguruko nostalgiak ere, eta eman ditu adibide zehatzak ere. «La Polla Recordsen erretromania amaituko da La Polla Records gurtu zuen belaunaldia amaitzen denean, eta, Berri Txarrak-en zaleei hau esaten badiet akaso jipoitu egingo naute, baina erabat konbentzituta nago Berri Txarrak-ekin ere gauza bera gertatuko dela». Goñirekin batera, iraganaren mira musikal hori izan zuten mintzagai, atzo, Javier Corral Jerry musika kazetari eta Izar & Star proiektuaren koordinatzaileak eta Mari Luz Esteban antropologoak ere, Euskal Herriko Unibertsitateak Leioako (Bizkaia) Arte Ederren Fakultatean antolatutako mahai inguruan. Aurrera begiratzen duen Erretro Herria izendatu zuten saioa, eta harekin itxi zuten musikagintza, soziologia eta politika uztartuta aste osoan egin den Kantatzen duen herriak hitzaldi zikloa.

Goñirena ez da intuizio hutsa. Eta bi izen aipatu zituen bere tesia frogatzeko: Zumaian (Gipuzkoa) 1906an jaio eta Espainian nahiz Mexikon swing eta jazz doinuak joz arrakasta izan zuen Jose Azarola Piano Loco piano jotzailea bata, eta 1920ko hamarkadako Europa goitik behera irauli zuen Josephine Baker abeslari beltz iparramerikarra bestea. Biak izar, bakoitza bere garaian, eta biak ahanztura berak irentsita orain. Goñiren arabera, Baker Iruñean izan zen kontzertu bat ematen bere ibilbidearen gorenean, eta, hari boikot egiteko deiak ere egon ziren arren, inork ez zuen gogoratzen, eta artxibo lan orduak behar izan ditu saio hura benetan existitu zela ziurtatzeko.

Eta orduan gertatuak gertatuko dira orain ere. Horixe Goñiren susmoa.

Josu Larrinaga antropologoak gidatu zuen atzoko saioa, eta hark eman zuen erretromaniaren definizioa solasaldiaren hasiera-hasieran: «Pop kulturak bere iraganarekiko duen adikzioa». Baina abstrakziotik Euskal Herrira ekarri zuen gaia berehala. 2014an argitaratu zuen bere doktore tesiaren emaitza (Ttakun eta scratch. Euskal pop musikaren hotsak), eta, atzoko mahai inguruan azaldu zuenez, euskal musikagintzaren kasuan, galga moduko bat izan da 1985. urtearen bueltan Martxa eta borroka kanpainaren inguruan sortutako taldeek piztu duten mitomania. Haien itzalari lotuta egon baitira talde asko. «Oso markatuta egon da zer estetikari jarraitu, eta horrek kalte egin dio talde berrien sormenari. Halako proposamenek itxi egin dizkiete merkaturako ateak bestelako estetika batzuk dituzten taldeei». Baina erretromaniaren alde positiboak ere landu zituzten atzokoan.

Hitza da erretromaniaren fenomenoari buruz berri den bakarra, Jerry Corral kazetariaren hitzetan. «Beti existitu da, eta beti existituko da, baina belaunaldi bakoitzak berea izango du». Eta positiboa ere izan daiteke hori, haren ustez. «Historiari egindako aitortza bat izan daiteke erretromania hori, eta lagun gaitzake konturatzen gure belaunaldiaren aurretik ere egon zirela beste belaunaldi batzuk».

Baina erretromaniak badu alde negatiboa ere. «Nostalgia huts bilaka daiteke, eta musikan askotan gertatzen da hori. Printzipioz, mundu guztiari gustatzen zaio musika, baina bere bizitzaren hastapenekin lotuta egon ohi den zaletasun bat da: gehienetan, nerabezaroarekin. Eta, normalean, denborarekin, galdu egiten da hasierako sasoi horretan egin ohi den jarraipen sakon hori. Musikak garatzen jarraitzen du, eta jende gehiena, aldiz, gaztetan entzun ohi zuenaren oroiminean geratzen da».

Orainaldirik onena

Historikoki beti izan da, da eta izango da minoritarioa zahartuz joanda ere musika egarriz jarraitzen duen jende taldea. Corral: «Agian, gaur egun falta da zale masa handi batengana helduko den erreferentziazko talderen bat, baina musika mota hau itzuli da berriz ere beti izan den horretara: zerbait pixka bat alternatiboa, pixka bat undergrounda,eta gutxiengo batzuei zuzendua».

Bertatik bertara ezagutzen du euskal musikaren bilakaera Corralek. Hamar urte daramatza Bilbon Izar & Star zikloa antolatzen, eta 150 kontzertu baino gehiago antolatu ditu, beti Euskal Herriko musikariekin. «Beren musika beste inoren errepertorioarekin batera aurkezteko eskatzen diegu musikariei». Bada jatorrizko abestiei fidel jokatzea hautatzen duenik, eta baita bide guztiz heterodoxoa hartzen duenik ere.

Edonola ere, euskal musikak egun bizi duen momentua da berak ezagutu dituen sasoien artean interesgarriena. «40 urte daramatzat euskal artistei erreparatzen, eta azken urteetako maila infinituki da handiagoa 60ko hamarkadako taldeena baino».

Erresistentzia eta plazera

Zehazki, Donostiako Kantu Jiraren kasua aztertu zuen Mari Luz Esteban antropologoak, haren hitzetan etorkizunerako baliagarri ere izan daitekeelako iraganeko kantutegiak erreskatatzen dituen formatu hori. Erresistentzia eta politika egiteko modu bat da kalean kantuan aritzeko elkartzea Estebanen ustez, eta, gainera, erresistentzia hori elkarrekin kantatzearen plazeretik abiatzen dela gehitu zuen. «Kantu Jirak iraganari begiratzen dio, kantutegia babesten duelako, baina orainaldian ere badago, kantutegi hori berridatzi eta gizarte mugimendu moduko bat sortzen duelako. Eta etorkizunera begirako ariketa bat ere bada, Euskal Herrian orain arte asko baliatu ez dugun eredu bat ere proposatzen duelako gizartea sortzeko».

Hain zuzen ere, Egunkaria-ren itxieraren hurrengo egunean jarri zen abian Kantu Jira lehenengoz, gertatutakoaren aurkako protesta modura, baina, deialdiak izandako arrakasta ikusirik, hilabetean behin batzeko proposamena egin zuten antolatzaileek, eta, orain, egunaren arabera, 200 eta 300 abeslari ere biltzen dira zenbaitetan. Eta, Estebanen iritziz, ez da kasualitatea arrakasta hori ETA desegin osteko fasearekin batera etorri izana. «Nire hipotesia da egungo panorama politikoa lagungarri izan dela jendea kalean kantari hasteko».

Generoak, klaseak, etniak eta bestelako elementuek ere badute eraginik kantu taldeetan, Estebanen hitzetan. Adibidez, kalkulatu duenez, Donostian kantatzen dituzten 125 abestien artean, ez dago emakumeek sortutako bakar bat ere. Eta, halere, tentsio horiek ere iristen dira kantutegira. «Gero eta gehiago ari dira sortzen herri abestien hitzak berridazten dituzten talde feministak, eta gero eta egitasmo gehiago daude andrazko sortzaileen lana berreskuratzeko. Eta Kantu Jiran ere, era diskretuagoan, baina bestela kantatzen ditugu abestiak».

Belaunaldi kontu bat ere bada kaleko kantagintzarena, Estebanen ustez. «Ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean kantari hauekin, adin batezbestekoa zein den kontuan hartuta pentsatzekoa baita desagertu egingo direla. Zer egingo dute gazteek honekin?».

Musikaren, politikaren, eta ekonomiaren arteko korapiloak izan zituen mintzagai Goñik ere galdera erantzunen tartean. Haren hitzetan, diruak ere bai baitu pisurik musikaren zabalpenean. «Influencer-ak aipatzen dira orain, eta ni ez naiz fio haietaz. 40 urte eman ditut musikagintzan, eta influencer lanetan aritu diren kazetarietako asko eta asko erosita egon dira. Diskoetxeek beti erosi dituzte kazetariak eta disko jartzaileak, eta dirurik izan ez dugunok ez dugu ezer erosterik izan». Baina, euskal musikaren kasuan, ez da soilik dirua izan zabalpena zaildu duena. «ETA aktibo egon den denbora guztian, Espainian, ez ikusi egin digute; ez, barkatu, ez ikusi egin ez, zentsuratu egin gaituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.