Donostiako 79. Musika Hamabostaldia. Alicia Amo. Sopranoa

«Inoiz egin ez ditudan gauza asko egin ditut obra honetan»

Musikari lotutako ibilbide esanguratsua osatu du Alicia Amok. Sopranoa da, eta La Fura dels Baus konpainiaren ikuskizunean ariko da gaur kantuan. «Oso dibertigarria» izan dela esan du.

BERRIA.
Ane Eslava.
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Izen handiko sopranoa da egun, baina Alicia Amok biolinista gisa hasi zuen ibilbidea, Musikene eskolan. Urte batzuen ostean, kantuari aukera bat eman zion, eta gaur egun horretan dihardu buru-belarri. Europako hainbat orkestrarekin aritu da, eta talde bat ere badu: Musica Boscareccia. La Fura dels Baus konpainiaren Kreazioa ikuskizunean ariko da gaur Donostian, Kursaaleko auditoriumean.

Kreazioa munduaren sorreraren inguruan Haydnek sortutako unibertsoan dago oinarritua?

Hori da. Genesia da, baina La Fura dels Bausek bere interpretazio berezia egiten du, errefuxiatu batzuen istorioan oinarritua. Oso istorio bitalista eta baikorra da, eta ez da kreaziora mugatzen; beste gai batzuk ere jorratzen ditu.

Nolakoa da obra musikalki?

Nik bereziki gustuko dudan musika estilo bat da, eta, gainera, Haydnen obra onenetariko bat da. Hain zuzen, hark obra bikaina egin nahi izan zuen, etorkizunean oroituko zutena. Niretzat, sekulako gozamena da hori abestea.

La Fura dels Bausek ikuskizun bereziak egiten ditu: ikusgarriak, elementu askorekin... Obra hau ere horrelakoa da?

Bai, denbora osoan energia eta bizitasun handia dago taula gainean. Hala ere, obra honek berezitasun bat du beste batzuen aldean: une ikusgarriak ditu, baina, aldi berean, oso fina da. Momentu intimo eta delikatuak daude, hala nola Evaren eta Adamen jaiotza; eta kolore zuria gailentzen da.

Nolakoa izan da zuretzat obra prestatzeko esperientzia?

Gogo izugarria nuen obra hau egiteko. Ahots aldetik ezin hobe datorkit; halako errepertorioak egitea asko gustatzen zait. Bestalde, La Furaren produkzioa berezia da, eta nik inoiz egin ez ditudan gauza asko egin behar ditut: adibidez, igerileku batean apnean egon. Gainera, jantziek asko pisatzen dute, eta hori gaizki eraman nuen hasieran. Obrak asko eskatzen du fisikoki, baina horrek dibertigarri egiten du.

Zuk balleta ere egin zenuen; horrek lagundu dizu?

Aspaldi utzi nuen, baina egia da horrek agertokirako tresna pila bat eman dizkidala, kantuko karreran irakasten ez dituztenak.

Nolakoa da La Fura dels Bausekin lan egitea?

Izugarri gustatu zait; oso dibertigarria da. Gainera, zoragarriak dira arlo pertsonalean; ni liluratuta nago teknikariekin. Hasieran, zortzi metrora igo nindutenean, ikaratu egin nintzen. Baina haiek ezagutzean eta zein jatorrak eta profesionalak diren ikustean, beldurrak eta bertigoak joan egin zitzaizkidan.

Nola erantzuten dute ikus-entzuleek obra ikustean?

Nik soilik El Escorialen egin dut, baina jendea poz-pozik atera zen; erantzuna oso ona izan zen.

Donostian ikasi zenuen, Musikenen. Nola bizi duzu orain Musika Hamabostaldian izatea?

Sekulako ilusioa egiten dit. Jaialdiak duen ospeaz gain, niretzat Donostia hiri berezia da: horrenbeste gauza bizi izan ditut han... Han nengoenean, biolina jotzen, inola ere ez nuen pentsatuko soprano moduan abestera itzuliko nintzenik. Ez dakit zenbat aldiz joango nintzen garai hartan Kursaalera, iluntzea ikustera; eta orain, begira. Hori pentsatzen dudanean, esaten dut: «Bizitzak gauza zoragarriak ditu».

Hasieran, biolina ikasi zenuen, Burgosen eta Musikenen. Nola heldu zinen soprano izatera?

Musikenen egon ondoren, Grazen [Austria] jarraitu nuen. Han nengoela, kantu proba bat egitera animatu nintzen, eta hartu egin ninduten. Hango unibertsitatean sartu nintzen, baina ez zitzaidan gustatu; hortaz, Espainiara itzuli nintzen. Basileako [Suitza] irakasle bat ezagutu nuen, oso irakasle ona; beraz, kantuari aukera bat ematea erabaki nuen. Basileako Cantorum eskolan egon nintzen lau urtez. Han ikasitakoarekin eta nire kabuz bilatu nuenarekin, estilo asko neureganatzea lortu nuen.

Gaur egun, zein toki du zure bizitzan biolinak, eta zein kantuak?

Basilean nengoela, biolinak garrantzi handia izan zuen nire bizitzan. Gero, Espainiara itzuli nintzenean, biolinista gisa ezagutzen ninduten hemen, baina jarduera asko izan nituen abeslari moduan hasieratik. Beraz, gero eta denbora gutxiago nuen biolinarekin aritzeko. Orain, ahal dudanean jotzen dut, asko gustatzen baitzait, baina ez dut horretan aritzeko denborarik ez energiarik.

Baduzu etorkizuneko helbururik ?

Badago bete nahi dudan gauza bat: Mozarten opera rol guztiak egitea. Nire burua oso prestatua ikusten dut horretarako, baina aukerak azaldu behar dira. Oxala!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.