Albistea entzun

Gotzon Barandiaran. Sormene jaialdiko zuzendari artistikoa

«Euskarazkoa ez dena maite eta transmititzen dugu batez ere»

Euskal kulturgintzaren erronka nabarmenetako bat kulturazale falta dela uste du Barandiaranek, eta hor eragin nahi du Sormenek. Atzo abiatu zen jaialdia, hilaren 21era bitarte, Galdakaon.
JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko azaroak 17

Gotzon Barandiaranek argi du luzerako begiradarekin egin behar dela lan euskal kulturgintzaren erronkei erantzuteko. Horretarako zaleak sortzea ezinbestekoa dela dio, eta hori du helburuetan helburu Sormenek, aurten bigarrenez egingo den Galdakaoko (Bizkaiko) egitasmoak. Atzo hasita eta igandera bitartean, diziplina askotako hainbat emanaldi eskainiko ditu jaialdiak, baita ikasleak eta sortzaileak elkartuko dituzten hainbat saio paralelo ere. Formol laborategiak, Gari Otamendik, Ines Osinagak eta Eider Eibarrek hartuko dute parte horietan.

Plaza berriek behar izaten dute denbora bat lekua bilatzeko. Zer irakaspen utzi zizuen iazko estreinako aldiak?

Pandemian egindako jaialdia izan zen, birtuala ia dena, eta pandemiak berak asko atzeratu zuena. Ereite urte bat izan zen, eta urte batzuetan hala izango da. Galdakaon 30.000 pertsona bizi dira. Duela bi urtetik kultur programazio oparoa dauka, baina 40 urtean oso gutxi egin da, eta oso nabarmena da. Eta Galdakao ez da oasi bat; haren ezaugarriak Euskal Herriko beste leku askok dituzte: kulturazaleak falta dira. Eta horiek lortzen dira modu iraunkorrean lan eginez, luzera begira eta ekosistema moduan: zaleak, sortzaileak, antolatzaileak, hedabideak... elkarrekin. Sormene ez da emanaldien errenkada bat. Hori oso ondo egiten du udaleko kultura zerbitzuak. Kulturazaleak sortzeko egitasmo bat da Sormene, bere eszenaratze publikoa aurten azaroaren 16tik 21era edukiko duena, datorren urtean bi txandatan, udaberrian eta udazkenean, baina bitartean lan iraunkor bat egingo duena Galdakaoko eragileekin. Luzerako helburutzat daukagu hori, eta beste lasaitasun bat ere ematen du horrek.

Transmisioan jarri duzue aurten azpimarra. Bada alarma bat kulturgintzako eragile askoren ahotan ozen joka ari dena azken urteetan. Badator erantzunik?

Apurka-apurka uste dut baietz. Sormene antolatzen dugu deialdi publiko baten bitartez, Alboka kooperatibarekin, baina hor beste asko gurutzatzen gara. Digitalitatea dago atzean, baina jende askorekin ari gara lanean. Eta ez orain, ari gara lanean urte askoan elkarrekin eragile asko, Euskal Herri osokoak sinergian, ekitaldi asko egiten: Literaturia, Ahotsenea, llbeltza, Loraldia... uste dut ezagutzen dugula ondo euskal kulturgintzaren ekosistema nortzuek osatzen duten, eta transmisioaren gaia etengabe atera da aspaldiko urteetan. 2019an antolatu genituen honi buruzko jardunaldi batzuk; 150 bat lagun bildu ginen, eta oso nabarmen gelditu zen hezkuntza arautuan Euskal Herri osoan ez dagoela bermatuta euskarazko kulturgintzaren transmisioa. Jendea ari da gauza pila bat egiten, baina ez da nahikoa. Gure kulturari bizkarra emanda bizi gara; euskarazkoa ez dena kontsumitzen dugu eta maite dugu eta transmititzen dugu batez ere. Sormene marko horretan dago pentsatuta.

Emakumezko sortzaileei zentralitate bat ematea ere hasieratik jarri duzue printzipiotzat. Zer gogoeta dago horren atzean?

Urtetako esperientzian ikusi duguna. Sortzaileak.eus katalogoa egitean datu batzuk erauzi genituen, adibidez, eta oso argigarriak ziren. Iritzi publikoan asko zabalduta dago, askotan entzuten da, gero eta emakume gehiago dagoela, baina arrakala izugarria da oraindik; gizonak askoz gehiago dira. Erabaki genuen Sormeneren ezaugarri nabarmenetako bat emakume sortzaileen lanak nabarmendu eta haiei prestigioa ematea izango zela, plaza gehienetan ez delako behar besteko ahaleginik egiten ere. Etorriko da normaltasun bat eta ez dugu nabarmendu beharrik izango, baina oraindik esan behar dugula uste dut. Feminismoak izugarri eragin du gure eguneroko bizimoduan, eta hori kulturgintzara ere ekarri behar dugu. Antolatzaile modura badaukagu hor eragiteko boteregune txiki bat, eta ezinbestekoa zaigu erabiltzea.

Musika, dantza eta bertsoa uztartuko dituen sokadantzak itxiko du egitaraua. Komunitatea ordezkatzen duen irudia da.

Bai, iaztik dator hori. Pandemia betean ikusten genuen burua zurrunduta genuela, gorputza are gehiago, eta orain ere hala gaudela iruditzen zait, badagoela askatzeko gogo bat, eta dantza oso bitarteko aproposa da horretarako. Eta bai, sokadantza da herria batu izan duen dantza bat, sexuari begiratu gabe, adinari begiratu gabe, guztioi zabalik egon dena, komunitatea, herria asko bildu, trinkotu duena. Sinbolikoki oso emanaldi indartsua iruditzen zitzaigun, ikusi genuen nola egin zuten Otxandion [Bizkaia], eta hango antolatzaileekin jarri ginen berehala harremanetan. Iruditzen zait biltzen duela Sormeneren izaera bera, zer izan nahi duen.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Ikasleak, goizean, sartzeko zain. / ©Iñigo Astiz

Martxan da Durangoko 57. Azoka

Paulo Ostolaza

Ireki ditu ateak Landako guneak. Ikasleak izango dira goizeko protagonistak, eta 14:30ean hasiko dira Ahotseneako ekitaldiak.

Langileak Durangoko Landako guneko salamahaietako bat prestatzen, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eztanda baten esperantzan

Iñigo Astiz

Gaur hasiko da Durangoko 57. Azoka, eta, azken bi urteetako gorabeheren ondoren, pandemia aurreko itxura berreskuratzeko erronka izango du aurrez aurre igandera bitarte. Musikaren euskarri fisikoen krisiak eta prezioen igoerak eragindako ziurgabetasunari ere erantzun beharko dio.

 ©Aritz Loiola, FOKU
San Agustin kulturgunea, Szenatokiaren egoitza. / ©Aritz Loiola, FOKU

Durangon dena ez da Landako

Maria Ortega Zubiate - Jone Bastida Alzuru

Zazpi espaziok osatzen dute Durangoko 56. Azoka: Ahotsenea, Irudienea, Talaia, Kabi@, Saguganbara, Azoka TB eta Szenatokia. Ahotsenean egiten diren aurkezpenak zuzenean emango ditu Azoka TBk.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Itziar Ugarte Irizar

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.