Fernando Velazquezek gidatuko du EOS Zinemaldian

Hamar filmetako soinu bandetako piezekin osatuko dute saioa, Belodromoan, irailaren 22an. Velazquezenak berarenak dira erdiak

Fernando Velazquez musikagilea. ROMAN RIOS / EFE.
gorka erostarbe leunda
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostiako Zinemaldian. Aurten ere, Zinemaldiko lehen larunbatean (irailak 22), eguerdian irekiko da Belodromoa melomano, zinemazale eta oro har ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako. Sarrera doakoa izango da.

Aurtengoan, Fernando Velazquezmusikagile eta orkestra zuzendariak (Getxo, Bizkaia, 1976) gidatuko du saioa. Hain zuzen ere, berari esker itzuli zen EOS Zinemaldiko egitaraura 2011n; osoki estreinatu zen The impossible (Juan Antonio Bayona) filmaren soinu-banda, zuzenean. Pasealdia zinemanbarrena izenburua izango du aurtengoak, eta hamar bat filmarentzat ondutako musikaren egokitzapenak bilduko ditu. Emango dituen musika piezen erdiak Velazquezek berak konposatu ditu. Bereak dira ondorengo filmen soinu bandak: Gernika (Koldo Serra), Zipi y Zape y la isla del capitán (Oskar Santos), Marrowbone (Sergio G. Sanchez), Contratiempo (Oriol Paulo) —Zahara kantautorearekin batera konposatua— eta A monster calls (J.A. Bayona). Euskadiko Orkestra sinfonikoak grabatu zuen A monster calls filmaren soinu banda.

Beste bost egokitzapen

Errepertorioa beste bost filmetarako musiken egokitzapenarekin osatuko da: Locura de amor (Juan de Orduña), Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas (Enrique Gato eta David Alonso), El elegido (Antonio Chavarrias), Todos los hombres sois iguales (Manuel Gomez Pereira) eta Go!azen (Jabier Elortegi eta Aitor Aranguren).

Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Kup Taldea abesbatza gonbidatu du: haiek arituko dira Zipi y Zape, Gernika eta Contratiempo filmetan. Gainera, Zahara kantautoreak ere Contratiempo-n parte hartuko du, eta Go!Azen pelikulako hiru kantari ere ariko dira (Iholdi Beristain, Ainhoa Larrañaga eta Aritz Mendiola).

Iaz bezala, pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da musika kontzertuan, 400 metro karratuko pantailan; Carlos Rodriguezek egin du muntaketa hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.