Durangoko 53. Azoka. Azokako beteranoak. Olatz Salvador eta Peio Ospital. Musikariak

«Zure lana noraino iristen den erakusten dizu Durangoko Azokak»

Sortzaileak eta zaleak elkartu, eta harreman sareak harilkatzeko aukera ematen du Durangoko Azokak. Indargune horixe du, Olatz Salvador musikariaren arabera. Bat dator Peio Ospital abeslaria ere. Hamazazpi urte zituen lehen azoka egin zenean, eta gutxitan egin du huts.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Durango
2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Durangoko Andra Mari elizako atarian egiten zen azoka du gogoan Peio Ospital (Ezpeleta, Lapurdi, 1948) kantariak. Merkatu plazara, karpara eta Landako gunera jauzi nola egin duen ikusi du gertutik, ia urtero izan baita Durangoko Azokan. Geroago ezagutu du Olatz Salvador (Donostia, 1989) abeslariak, baina ezinbesteko plazatzat du, hala ere. Skakeitan taldeko partaide gisa lehen, eta bakarkako bidean orain, zale eta sortzaileekin sareak josten dihardu egunotan.

Nola oroitzen duzue azokara etorri zineten lehen aldia?

OLATZ SALVADOR: Ez dut oroitzapen garbirik. Baina gogoan dut Skakeitan musika taldearekin etorri ginen lehen urtea; haurtzarora bueltatzea bezala izan zen niretzat. Erakusmahai mordoa ikusi, eta zer erosi ez jakitearen sentipena etorri zitzaidan berriz. Gogoan dut diru gutxirekin etortzen ginela, eta azoka guztia ondo ikusi ondoren erabakitzen genuela zer erosi.

PEIO OSPITAL: Lehen oroitzapena? [Irriak] Historiaurrea da. Gogoan ditut Durangoko Andra Mari elizaren atarian egiten ziren lehen azokak; gure kantagintza ibilbidearen hasiera zen.

Zer da zuentzat Durangokoa, azoka bat ala elkargunea?

O.S.: Biak. Azoka bat baino gehiago dela uste dut. Jendearekin zuzenean egoteko aukera dugu hemen, eta garrantzitsua da guretzat. Badira egunotan sekulako betekada hartzen dutenak, baina, nire kasuan, publiko masiborik ez dudanez, asko eskertzen dut gertutasun hori.

P.O.: Pertsonalki, elkargunea da: euskal kulturaren urteko hitzordurik garrantzitsuena. Urtero etortzen naiz, jende zehatz batekin egotera edo espero ez dudanarekin topo egitera. Azoka ere bada, noski. Baina lagunekin egoteko egunak dira hauek niretzat.

Aisia ala lana da azoka?

O.S.: Ez nuke aisialditzat hartuko. Kultura eta aisialdia bereiziko nituzke, sarritan azkenerako uzten baititugu aisialdian ditugun jarduerak. Kultura, gure kasuan, nortasunarekin batera doa, eta horregatik uste dut ezin dugula aisiaren eremura mugatu. Garrantzia hartu beharko luke, lehen mailakoa. Lanari dagokionez, zoritxarrez, sorkuntza ez da gure ogibidea. Beste mota bateko lana da, beraz: auzolana.

P.O.: Aisia, lana baino gehiago. Erretiratuta nago; beraz, atera kontuak.

Zein da azokan izan duzun unerik bitxiena?

O.S.: Mauka diskoetxeko postuan Huntzako taldekideak zeuden, eta, lehen diskoa kaleratu zuten urtean, behin baino gehiagotan etorri zitzaizkidan sinadura eskatzera, ni ere Huntzako kidea nintzela pentsatuta [irriak].

P.O.: Ez nuke nik kontatu beharko, baino esango dizut. Kalea nindoala, emakume talde bat gurutzatu nuen, eta horietako batek esan zidan harro zegoela gure kulturaren ordezkariak horren guapoak izateaz [irriak]. Ez da nik kontatu beharko nukeen zerbait, baina hori etorri zait burura.

Azoka aldatu da, zuen ustez?

O.S.: Ez dut perspektiba nahikorik azokaren aldaketei buruz aritzeko. Baina irudipena dut azkenaldian joera handiagoa dagoela pertsona ezagunekin argazkiak ateratzeko, haien diskoak erosteko baino. Diskoak erosteko ohitura galtzen ari da.

P.O.: Hobera, zalantzarik gabe, eta atsegin handia ematen dit. Gazte asko ikusten dira, eta esangura handia du horrek guretzat.

Durangoko Azoka gehiago behar ditu euskal kulturak buruestimua igotzeko?

O.S.: Niretzat, oso plaza garrantzitsua da. Egia da, gaur egun, sare sozialek zaleen feedbacka jasotzeko aukera ematen dutela, baina zure lana noraino iristen den erakusten dizu azokak; zure errealitatera gerturatzen zaitu. Inguruko jendearekin eta musikariekin harremanak izateko eta sarea osatzeko ere garrantzitsua da; eta, nola ez, euskal kulturari bultzada emateko. Edonola ere, egia da euskal kulturaren kontsumoa ezin dela hona mugatu.

P.O.: Hau egotea ez dago gaizki, baina urte osoan dauden bestelako ekitaldiak ere indartu behar ditugu. Euskaraldia pasatu berri dugu, eta Korrika ere etorriko da berehala. Halako hitzorduak oso garrantzitsuak direla uste dut.

Norekin hartuko zenituzke trago batzuk?

O.S.: Gonbidatzen nauen edonorekin [irriak]. Xabi Bandinirekin. Haren ibilbide artistikoa jarraitu dut, baina ez naiz sekula aurrez aurre berarekin izan.

P.O.: Poteoa bainoago, bazkaltzeko aukera izaten dugu urtero.

Urteotako guztiotako kantu bat eta liburu bat?

O.S.: Danele Sarriugarteren Erraiak [Elkar] izugarria iruditu zitzaidan. Kantua, Madeleine musika taldearen Nahi on bat abestia aukeratuko dut.

P.O.: Iparraldeko kantari gazte bat aipatuko dut: Mattin Lerissa. Liburua: aurten irakurri dudan Patria -k bereziki markatu nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.