Pretty Yende sopranoarekin hasiko da opera sasoia Bilbon

OLBE elkarteak urriaren 23an abiatuko du denboraldia, Bilbon, eta Yenderen zapatuko emanaldia aurrerapen gisako bat izango da

Pretty Yende soprano hegoafrikarra larunbatean izango da Bilbon. OLBE.
Inigo Astiz
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Denboraldia martxan jartzen hasterako kolpean gelditu behar izan ziren Operaren Lagunen Bilboko Elkarteko zuzendaritzako kideak iaz; koronabirusaren eraginez, orokorrean, eta, aretoetako eserlekuei ezarritako mugengatik, zehazki. Itxaropentsuagoak dira iragarpenak 2021-2022ko denboraldirako, eta, okerrik ezean, urriaren 23an hasiko da sasoia, Jacques Offenbachen Les contes d'Hoffmann operaren estreinaldiarekin. Aurrez, larunbatean, Pretty Yende soprano hegoafrikarraren emanaldia atondu dute Euskalduna Jauregian, Michele d'Elia piano jotzailearen laguntzarekin eta 1.500 ikuslerentzat.

Egungo musika klasikoan izar moduko bat da Yende, OLBEko arduradunek ziurtatu dutenez. 2011n garaile suertatu zen Operalia jaialdiko kategoria guztietan. 2013an New Yorkeko Metropolitanen txalo zaparrada jaso zuen Juan Diego Florez tenorearekin batera eskainitako saioan. 2017an bakarlari baten grabaziorik onenaren Nazioarteko Opera Saria jaso zuen A journey izeneko lehen diskoarekin, eta 2018an, Opera Awards sarietan, urteko grabaziorik onenarena Dreams izenekoarekin. Kritikak maite du, eta haren izena ezaguna da publiko zaleenarentzat.

Bellini, Rossini eta Liszt

Lehen aldia izango du Bilbon, eta antolatzaileek aurreratu dute 11 piezako programa eskainiko duela: besteak beste, Belliniren, Donizettiren, Rossiniren eta Liszten eszena eta ariak eskainiko ditu. Michele d'Elia piano jotzailea izango du ondoan horretarako.

OLBEk esan du sarrerak «prezio eskuragarrietan» jarri nahi izan dituztela: 20 eurokoa izango da merkeena, eta 60 eurokoa garestiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.