Bilboko Azkuna zentroak hiru erakusketa hartuko ditu aurten

Beste 200 jarduera baino gehiago programatu ditu, eta sorkuntza sustatzea izango du ardatzetako bat. Egoera kontuan hartuta, 2020aren balantze positiboa egin du zuzendariak

Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendaria eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
«2020. urtea eraldaketa urtea izan da, eta 2021a, berriz, trantsizio urtea izango da». Hala deskribatu du Bilboko Azkuna zentroaren egoera Fernando Perez zuzendariak. Aurten, bi ildo nagusitan jarriko dute arreta bereziki: sorkuntzari laguntza bideratzean eta nazioarteko ikuspegia lortzean. Horretarako, 200 jardueratik gora eta hiru erakusketa programatu ditu zentroak. «Inoiz baino beharrezkoagoa da sorkuntza artistikoa bultzatzea, sorkuntza prozesuak sustatuz eta pertsonei beren proiektuak garatzen lagunduz». Zentroa esperientziak eta sorkuntzak «elkartzeko, harremanetan jartzeko eta trukatzeko» leku bat izatea nahi dute, eta, horretarako, sorkuntza laguntzeko programak indartuko dituzte.

Aurten hiru erakusketa egongo dira ikusgai Azkuna Zentroan. Lehenengoa, dagoeneko zabalik dagoena, apirilaren 11ra arte egongo da ikusgai: Mabi Revuelta artistaren Acrómatica, una partida inmortal. Revueltaren ibilbide artistikoa berrikusten du, eta, aldi berean, erakusketari izena ematen dion haren proiektua aurkezten du.

Maiatzean, berriz, Ana Laura Alaez artistaren Todos los conciertos, todas las noches, todo vacío jarriko dute ikusgai. Nazioartean ezaguna den euskal artistaren azken lanetako batzuk bilduko ditu erakusketak.

Horiez gainera, Espainiako Akademia Erroman AECID erakundeak eta Azkuna zentroak lehen aldiz elkarlanean antolatutako erakusketa bat hartuko du Bilboko zentroak: 2019 eta 2020 urteen artean beka hori izan duten 22 sortzaileren eta ikerlariren proiektuak bilduko ditu. Aurtengo urriaren 28tik datorren urteko otsailaren 27ra arte ikusi ahal izango da erakusketa hori.

Era berean, erakusketa aretoetan ikusgai egongo diren bilduma horiez gainera, beste hiru erakusketa programatu dituzte BAT Lantegiko gunean: Ivan Gomezen La prospección de Kairós; Elena Aitzkoaren Lendia Song eta Irati Inorizaren Nadie se baña dos veces en el mismo río sino en el pantano mismo erakusketa bikoitza; eta Elssie Ansareo artistaren BIO-Int-Día izenekoa.

Bestetik, zentroak 2019-2023 Programa Proiektua garatzen jarraitu du: Mediateka BBK eta Lantegia biltzen ditu egitasmoak. Horrez gainera, AZ artxiboarekin ere aurrerapausoak eman dituela azaldu dute arduradunek, eta 2021ean proiektu berriak martxan jartzeko oinarriak finkatu dituztela. Tartean, AZ Irratia sortzekoa; hamar saioren bidez, zentroaren programazioari eta gaurkotasunari lotuta ez dagoen irratsaioa sortzea dute helburu.

Halaber, aurtengo proiektuen artean egongo dira, besteak beste, Gutun Zuria —martxoaren 23tik 27ra egingo dutena—, Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia, eta Prototipoak Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa, ekainean izango dena. Horiez gainera, eszenAZ arte eszenikoen denboraldia ere finkatu dutela adierazi dute. «Urte hau loturak sortzeko urtea izango da, publiko komunitate berriak erakarri eta konplizitate berriak sortzekoa», adierazi du zentroko zuzendariak.

Urtero legez, zinemak eta ikus-entzunezkoek ere izango dute pisua programazioan. Alde batetik, Zinematekak Pier Paolo Passoliniri eskainitako zikloa egingo du. Horrez gainera, otsailaren 9an hasiko da BIdeOtik saioaren beste aldi bat. Eta, ohi bezala, Azkuna Zentroko aretoetan Bilboko jaialdi esanguratsuenetako lanak proiektatzen jarraituko dute: Zinebi, FANT, Zinegoak... baita Golem Alhondigako zinema aretoen programazioa ere.

Itxialdian martxan jarri zuten AZ Etxean kanal birtualaren arrakasta ikusita, aurten ere kanal hori mantentzeko erabakia hartu dute. Hala ere, zentroa «presentzialki» bisitatzeko gonbidapena ere egin du Bilboko alkate Juan Mari Aburtok: «Kanal birtualak zailtasun garaietan lagunduko digu, baina ez dago bertara zuzenean joatea baino gauza hoberik».

Balantze «pozgarria»

Joan den urteko balantzea «pozgarria» da, Bilboko alkatearen hitzetan. «2020. urtea zaila izan da, baina aldi berri hau ilusioz eta konpromisoz bideratzeko gai izan gara», gehitu du Perezek. 80 egunez itxita egonda ere, pozik daude 2020ko bisitari kopuruarekin: «Bi milioi bisita baino gehiago izan ditu zentroak guztira; protokolo guztiak betez eta segurtasun osoz». 2019ko datuekin alderatuz gero, iaz behera egin zuen bisitari kopuruak —3,5 milioi bisita izan zituen aurreko urtean—. Hala ere, beherakada hori«logikoa» dela iritzi diote, egoera kontuan hartuta.

Guztira ehun artistatik gora izan ziren zentroan proiektuak aurkezten. Iaz programatutako ekitaldietan 36.300 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte, eta aretoak «behin baino gehiagotan» bete zituzten —gehienezko edukiera errespetatuta, betiere—; besteak beste, Loturak programan, eta Janet Jonasen eta Mercedes Peonen kontzertuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.