Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. Andoni Sierra. Andra Mari abesbatzaren zuzendaria

«Musika klasikoak beste batzuek eskaini ezin dutena ematen du»

Donostia
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Hamazazpi urterekin hasi zen Andoni Sierra (Errenteria, Gipuzkoa, 1971) zuzendari lanetan. Hamabi urtez Donostiako Orfeoian abeslari aritu zen, eta egun Andra Mari abesbatzako zuzendaria da, besteak beste. Gaur, abesbatza hori zuzenduko du, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin (EOS) batera arituko da, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. Pablo Sorozabal konpositorearen Euskal suitea interpretatuko dute, Kursaalean, 20:00etan.

Zer du berezirik Sorozabalen obrak?

Tenorrentzat oso lan gogorra da. Obra idatzi zuen garaian Alemanian ikasten ari zen; han hainbat korronte hartu eta bere erara landu zituen arren, euskal musikaren sustraia hor dago. Gaztea zela idatzi zuen, eta oso ondo, gainera. Ezin da esan garai horretako Sorozabal gerora ezagutuko dugun bera izango denik, baina hori ere Sorozabal da; nahiz eta ez den bereziki ezaguna.

EOSekin lehenago ere egin duzu lan.

Bai, askotan. Robert Treviño zuzendariarekin, berriz, bigarren aldia da. Esperientzia oso polita izaten ari da; maisu ona eta talentu handikoa da. Guretzat, beraz, plazer handia da.

Zer da zuretzat Musika Hamabostaldia?

Jaialdi izugarri garrantzitsua, gure jaialdia da; eta parte hartu ahal izatea ohore handi bat da.

Zer aldatu da zuzendari lanetan hasi zinenetik gaur egunera?

Denok aldatzen gara [barreka]. Baina zuzendari munduan gaur egun lehen baino profesionaltasun handiagoa dago. Orain, eskakizunak handiagoak dira eta jendea ere prestatuago dago. Lehen zegoen jende asko ez dakit nola moldatuko litzatekeen gaurko egoeran.

Nola ikusten duzu musika koralaren egoera?

Musika koralean klasikoan bezala gertatzen da: diziplina exijitzen du, lanean jarraitutasuna mantentzea. Zoritxarrez, ordea, balio hauek ez daude modan. Denok dena momentuan eta modu errazean nahi dugu, eta musika honek beste dinamika batean jartzen zaitu. Musika klasikoak beste musika mota batzuek eskaini ezin dutena eskaintzen du. Adibidez: kontzertu honetan entzungo diren obrak sortzeko, interpretatzeko eta ulertzeko esfortzu bat egin behar da; beste musika horietan baino askoz ere handiagoa. Baina ahalegin horrek gero bere saria ere badauka.

Zer proiektu dituzu aurrera begira?

Urtea bukatu arte, hainbat kontzertu. Jose Luis Ansorenari omenaldia egingo diogu, eta badira beste kontzertu batzuk ere herri musikarekin, folklorearekin... proiektu ugari eta ezberdinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.