Bertsolaritza

Zirtoa, gelarako baliabide

Aiztondoko zirto tradizioa ikertu, proposamen didaktiko bat egin, hura gelara ekarri, eta gelan izandako erantzuna aztertu dute, Pello Mari Otaño bekaren laguntzaz.

Mintzolako, Kilometroak Kultur Elkarteko eta Harituzeko kideak, herenegun, Villabona-Amasan. JON URBE / FOKU.
Miren Garate.
Villabona-Amasa
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Nola landu daiteke Aiztondoko zirto tradizioa bertako Lehen Hezkuntzako ikasleekin? Nola lagun dezake zirtoak Bertsozale Elkarteko hezkuntza arautuko proiektuan bertsolaritza lantzen? Eta, azken galdera horri lotuta, nola lagun dezake zirtoak kulturaren, hizkuntzaren eta trebetasun pertsonal eta sozialen arloetan? Galdera horiek buruan zituztela ekin zioten Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko zenbait kidek Aiztondoren zirtotsa lanari. Pello Mari Otaño ikerketa beka jaso zuten iaz, eta herenegun aurkeztu zuten emaitza, Villabona-Amasako Subijana etxean (Gipuzkoa).

Mikel Artolak, Beñat Iguaranek, Haritz Mujikak, Imanol Artolak, Oihana Iguaranek eta Unai Mendizabalek osatu dute taldea, eta lau zati nagusi izan ditu ikerketa lanak: Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirto tradizioa arakatzea, dokumentazio lan horretatik abiatuta proposamen didaktiko bat prestatzea, prestatutako materiala gelara ekartzea eta, azkenik, gelara ekartze hori aztertzea.

Pasadizo umoretsuetan agertzen diren bat-bateko erantzun laburrak dira zirtoak, erriman oinarritu ohi direnak. Txakur bati buruz ari zela Pernando Amezketarrak botatakoa da zirto bat zer den azaltzeko erabili ohi den adibiderik ezagunenetako bat: «Nola du izena?», «Pitxita», «Pitxita? Eta putzik egiten al du ipurdia itxita?». Bertsolaritza liburuak errepasatuz, bailarako hainbat lagunek esandakoak ere aurkitu dituzte Harituz-ekoek: besteak beste, Sabina Elizegirenak, Mikaela Elizegirenak, Pello Errotarenak eta Xamiel Txikiarenak.

Material didaktikoa

Zortzi bideo osatu dituzte zirtoekin, azalpen labur batzuekin lagunduta. Honela dio Sabina Elizegiren batek: «Aio, atsua», «Ni enauk atsua, demoniyo faltsua». Alabaina, aspaldiko zirtoak bakarrik agertzea ez zela aski iritzita, beraiek sortutako berri batzuk ere ageri dira bideoetan: «Amaaaa! Ekarriko al diazu manta?», «manta? Hi haiz hi alperra galanta», edo «ingo al diu tik tok-a?» «tik tok-a, zer hao, burutik jota?».

Eta material horrekin lau saioko proposamen didaktiko bat egin dute. Villabona-Amasako Zubimusu ikastolako LH4 mailan aritu dira zirtoak lantzen, Amaia Agirre irakaslearen laguntzarekin. «Helburua da elkarrizketa errimatuak egitea, zirtoak sortzea eta jendaurrean ematea», esan du Mikel Artolak, guztien izenean lana aurkeztean. Zirtoen sorkuntzan, elkarrizketa, umorea eta errima dira garrantzitsuentzat jo dituzten alderdiak. Ikastolan egindako saio horien grabaketak hartuta, hasieratik buruan zituzten alderdiei erreparatu diete: hau da, zirtoak kulturaren, hizkuntzaren eta trebetasun pertsonal eta sozialen arloetan nola lagun dezakeen aztertu dute.

Kulturari lotutako puntuan, ikusi dute zirtoa zaska-rekin lotzen dutela ikasleek. «Eta alde on bat badu horrek, identifikatzen dutelako zertaz ari garen, baina zaska zerbait mingarria ere bada haientzat». Horrek kezka puntu bat sortzen zien, adarra jotzearen eta min ematearen arteko muga lausotzeko arriskua egon zitekeelako, baina, saioek aurrera egin ahala, ikusi dute ez dela arazorik izan. Bertsolaritzaren historiaren lanketarako ere egokiak irudi zaizkie zirtoak. «Bestela, Mikaela Elizegi bat ez dugu aipatzen eskoletan, eta gisa honetara, bai».

Hizkuntzari dagokionez, ulertzea eta gozatzea elkarri lotuta doazela ondorioztatu dute. Historikoetan, geratu egin behar izaten zuen irakasleak; berriak, berriz, azkarrago ulertzen zituzten, «eta gozamena ere bat-bateakoagoa zen». Azkenik, trebetasun pertsonal eta sozialetan, iruditu zaie oso agerikoa dela sormena lantzen dela, eta bertsolaritzan ere gertatzen den kontu bat nabarmendu dute: hau da, biren artean egindakoa denean funtzionatzen dutela elkarrizketek. «Elkarrizketa bizkarrezur moduan ulertzen badugu ikas-irakas prozesuan, iruditzen zaigu aurrerapauso nabarmena ekartzen dutela zirtoek».

Atera dituzten beste ondorio batzuk ere aipatu ditu Artolak: neurriaren kezka alde batera uzten denez errima bakarrik jartzen dela erdigunean, eta horrek errimak lantzen laguntzen duela; bertsolaritzaren historia lantzeko bitarteko egokiak direla zirtoak, bertso historikoak baino errazago gogoratzen direlako; aukera ematen dutela adarra jotzeko moduak euskaraz lantzeko; errimak duen berezko erakargarritasun estetikoaz jabetzeko eta horretaz gozatzeko aukera ematen dutela, eta abar. Bertsoikasgela.eus eta bertsoeskola.eus atarietan jarriko dute sortutako materiala, nahi duenak erabiltzeko.

Hurrengo beka, erabakita

Lehen aldiz antolatu zuten iaz Pello Mari Otaño beka, Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean Villabona-Amasako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen laguntzarekin. Aurten segida ematea erabaki dute, eta, Kilometroak antolatzeko ardura Gipuzkoako Goierri eskualdeko ikastolena izanik, Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito ikastolen eta eskualdeko Gerriko Kultur Elkartearen babesarekin antolatu dute beka.

Proposamenak jasotzeko epea amaituta, nork jaso duen ere jakinarazi dute: Maialen Akizuk eta Eresti Oiarbidek aurkeztutako Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.