Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

«Behin-behineko galdeketa bat», eta gero hauteskunde plebiszitarioak

Kataluniako Gobernuak azaroaren 9ko galdeketa egiteko asmoari eutsi dio, baina Kontsulta Legea ez den beste oinarri juridiko batekin.Antolaketa guztia Generalitatearen esku geratuko litzateke

Ia bi orduko prentsaurrekoa eman zuen Artur Mas Kataluniako presidenteak atzo, Generalitatearen Jauregian. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Samara Velte.
2014ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Adostasun gutxiagorekin», baina aurrera doa azaroaren 9an Kataluniako herritarrei independentziaren inguruan galdetzeko asmoa. Hemendik aurrerako urratsak, dena den, Kataluniako Gobernuak erabakitakoak izango dira, eta ez diote jarraituko alderdi subiranistek adostutako bide-orri ofizialari.

Artur Mas presidenteak eman du gobernuaren asmoen berri: Generalitateak ez ei du modurik ikusten azaroaren 9ko galdeketa Kontsulta Legean oinarrituta egiteko. Arau hori eta haren ondoren onartutako dekretua irailaren amaieratik etenda daude behin-behinean, Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuaren helegiteak onartu zituenez gero. Ordutik, Kataluniako alderdi subiranistak buru-belarri aritu dira, Madrilek jarritako oztopoak nola gainditu asmatu nahian. ERCk, ICVk eta CUPek gogor egin diote Masi azaroaren 9ko konpromisoari eusteko, baina ezin izan dute hitzartu nola erantzun Auzitegi Konstituzionalaren debekuari. ERC eta CUP Espainiako legeari desobeditzearen alde agertu dira; CiUk eta ICVk, nork bere erara, berme demokratikoen beharra nabarmendu dute.

Herenegun goi bilera erabakigarria egin zuten alderdiotako buruzagiek; bi astean hirugarrena. Kopetilun atera ziren Pedralbes jauregitik: filtrazioetatik zabalduta zegoen Masek azaroaren 9rako proposamen urardotu bat jarri ziela mahai gainean, eta ez zirela ados ipini.

Masek biharamunean argitu zuen: «Aurrera goaz oraindik. Oraingoz ez lehen bezain elkarrekin, baina aurrera goaz. Ez dugu atzera egingo, eta ez zaigu burutik pasatu ere egiten kontsulta bertan behera uztea». Azaroaren 9an galdeketa bat antolatuko dute, beraz: «Hautetsontziak eta orritxoak egongo dira, eta 16 urtetik gorako guztiek parte hartu ahal izango dute». Deialdiaren oinarria, ordea, ez da Kontsulta Legea izango, Generalitateak lehendik zeuzkan bestelako eskumenak baizik: «Dekretu hori etenda dago; beraz, praktikan, ez da existitzen: hari eustea galdeketari uko egitea litzateke». Ez du zehaztu, dena den, zein oinarri juridiko erabili asmo duten: «Kontua ez da Espainiako Estatuari [debekua] erraztea».

Antolaketaz Generalitatea bera arduratuko da: Kataluniako Gobernuaren egoitzak erabiliko ditu bozkaleku gisa, eta 20.000 boluntario bildu nahi ditu galdeketa egunean lan egiteko, funtzionarioek ez dezaten inhabilitaziorako arriskurik izan. Errolda erabili ezin dutenez, hautesleen erregistroa botoa emateko unean bertan egingo dute, eta herritarrek aurrez adostutako galdera bikoitz berberari erantzun beharko diote: «Kataluniak estatua izan behar al luke?»; eta, erantzuna baiezkoa bada, «Estatu horrek independentea izan behar al luke?». Guztia behatzeko, Parte hartze Kontseilu Nagusia izendatuko du gobernuak; hura arduratuko da botoak zenbatzeaz, eta biharamunean jakinaraziko du behin-behineko emaitza.

Promesaren beste aldea

Kataluniako Gobernuaren proposamenak baditu ifrentzua eta aurkia. «Azaroaren 9ko galdeketa ezin da behin betiko kontsultatzat hartu», adierazi du Masek: «Hori guztiok genekien, eta hala izango zatekeen Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi izan ez balu ere». Presidentearen ustez, behin betiko galdeketa bat plebiszitu erako hauteskundeen bidez baino ezin daiteke egin: «Bozetara deitu eta erreferendum bihurtu behar ditugu, independentziaren aldeko alderdiek zerrenda eta programa bakarra osatuta. Hori da aitorpena lortzeko modu bakarra». Bloke horrek hauteskundeak irabaziko balitu, emaitza erreferendumaren baliokidetzat hartuko luke gobernuak, baina ez du zehaztu zein litzatekeen hurrengo urratsa.

Hauteskundeek ez dute galdeketa ordezkatuko: parlamentuari independentziaren alde lan egiteko agindua emango diote. Edozein moduz, galdeketa eguneko parte hartzea izango da faktore erabakigarria. «Gobernuak ez du atzera egingo bere asmoetan, baina proposamenari eusteko, beharrezkoa da jende askok botoa ematea azaroaren 9an, gerorako hauteskundeak erreferendum bihurtu ahal izateko».

Oposizioaren zalantzak

Gai delikatua izan da orain arte hauteskundeak aurreratzearena. Duela bi urte ere antzeko jokaldi bat erabili zuen CiUk bozetara deitzeko. Garai hartan, Mas kritika gogorrak jasotzen ari zen bere gobernuak PPren babesarekin onartutako murrizketa neurriak zirela medio. Diada eguneko manifestazio historikoaren ostean, independentziaren aldeko eskari zabal hark maila parlamentarioan zegokion ordezkaritza behar zuela argudiatu zuen, eta bozak aurreratu zituen. Gobernuko koalizioak kanpaina handia egin zuen «gehiengo sendoa» eskatuz, baina, espero zuenaz beste, ez zuen gehiengo osorik lortu. Parlamentuko bigarren indarrarengana jo zuen babes bila, eta, harrezkero, ERCren laguntza behar izan du gobernuko egonkortasunari eusteko. Hura gertu izan du beti, baina baldintza argi batekin: galdeketa egitea.

Bi urte geroago, beste alderdiekin adostutako bidetik aldentzea erabaki du CiUk bere kabuz, eta beste hauteskunde batzuk proposatu ditu, berriro herritarren eskari bat parlamentura eramateko. Zerrenda bakarra osatzea, ordea, oso bestelako kontua da; horregatik, Oriol Junquerasen taldeak errezeloz hartu izan ditu gobernuan sartzeko gonbidapenak. Masen hitzetan, «adostasunaren izenean» utzi dute hauteskundeen auzia adierazpen ofizialetatik kanpo; kameren atzean, ordea, nahiko zabalduta zegoen CiUk asmotan zerabilena, eta horrek gainerako alderdiekin eragiten zion gatazka.

Orain, Masen proposamenak ataka zailean utzi ditu gainerako alderdi subiranistak, soka berarekin lotu baititu azaroaren 9ko galdeketa eta hauteskunde deialdia. CiUrekin zerrenda osatu nahi gabe ere, presidenteak badaki gainerako alderdi subiranistek ezinbestean babestuko dutela Generalitateak antolatutako galdeketa: «Nekez irudika ditzaket galdeketaren aldeko alderdiak azaroaren 9an botorik ez emateko eskatzen». Hala ere, onartu du zerrenda bakarra osatzeko ideia «heldu gabe» dagoela oraindik: «Atzoko [herenegungo] goi bileraren une batean, bazirudien posible zela ados jartzea. Azkenean, ez genuen lortu, baina horrek ez du esan nahi aukera galduta dagoenik».

«Etsaia», Espainian

Nekatuta suma zitekeen Kataluniako presidentea atzoko agerraldian; hala ere, ia bi orduz aritu zen azalpenak ematen. Alderdi zehatzik aipatu gabe, besteei egotzi zien gobernua «pixka bat bakartuago» geratzearen errua. Adostasuna «pitzatuta» dago, baina ez hautsita: «Kontsentsua derrigor berreskuratu beharko dugu; bestela, ez dugu lortuko. Horregatik, ez dauka zentzu handirik orain jendea banan-banan seinalatzen hastea».

Hitz gogorrenak Espainiako Gobernuarentzat izan ditu. «Ez dugu ahaztu behar benetako etsaia ez dagoela Katalunian, Espainiako Estatuan baizik», ohartarazi die gainerako alderdiei. «Bestela ere faktore asko geneuzkan aurka, eta orain beste bat daukagu. Beste alderdiek erabaki beharko dute adostasuna lortzeko prest dauden edo ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.