Hezkuntza. PISA txostena

Bikain batek, ez-nahiko besteak

Zientzietan eta matematikan inoizko emaitza txarrenak izan dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eginiko azterketek. Nafarroako ikasleek, berriz, OCDEko eta EBko batezbestekoak gainditu dituzte

Bikain batek, ez-nahiko besteak.
Maite Asensio Lozano.
Donostia
2016ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Azterketa eta hausnarketa askorako abiapuntua jarri dute PISA txostenaren 2015eko emaitzek. Duela hiru urte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan egindako argazki txukunari orbanak agertu zaizkio oraingoan: zientzietan eta matematikan inoizko emaitza txarrenak izan dituzte, eta irakurmenean ere soilik 2006an izan zituzten datu okerragoak. Era berean, Hego Euskal Herriko bi hezkuntza sistemen arteko aldea azaleratu du PISAk: EB Europako Batasuneko eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko batezbestekoetatik nabarmen gora kokatu dira Nafarroako ikasleen emaitzak, baina distantzia handira ageri dira EAE Euskal Autonomia Erkidegoko estudianteenak.

2015eko maiatzean 15 urteko ikasleei egindako azterketen emaitzak argitaratu zituzten atzo. Hiru urtean behin egiten du PISA txostena OCDEk berak, hiru eremu neurtzeko: gaitasun zientifikoa, gaitasun matematikoa eta irakurmena. Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeen emaitzak 2012koak baino txarragoak dira hiru eremuotan; gainera, hiru aldagaiotatik bitan ageri dira OCDEko datuen azpitik.

Zientzietan, 483 puntu erdietsi dituzte. Hain justu, historikoki esparru horretan izan dituzte oztopo handienak EAEko ikasleek, baina duela hiru urte gainditu egin zuten ikasgai hori: 506 puntu lortu zituzten. Oraingoan, berriz, gaitasun zientifikoan izan da beherakadarik handiena: 23 puntu gutxiagorekin, OCDEko batezbestekotik hamar puntu behera daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskolak.

Matematikan, 500 puntu baino gutxiago lortu dituzte lehen aldiz: 492, duela hiru urte baino hamahiru gutxiago, baina OCDEko batezbestekoa gaindituta. Irakurmenean ere, kolpea: 491 punturekin —zazpi galduta—, OCDEren batezbestekoaren azpitik geratu dira EAEko eskolak.

Guztiz kontrako aurpegia erakutsi du Nafarroako hezkuntza sistemak: hiru ikasgaietan 500 puntu baino gehiago erdietsi dituzte bertako ikasleek, eta OCDEren batezbestekoak nabarmen gainditu dituzte. Gaitasun zientifikoetan 512 puntu lortu dituzte, 2013an baino bi puntu gutxiago, baina OCDEko zifren gainetik: hemeretzi puntu gehiago. Matematikan, berriz, 518 puntu erdietsi dituzte, aurreko ebaluazioan baino bat gehiago. Handiagoa izan da gorakada irakurmenean: 514 puntu izan dituzte, 2012an baino bost gehiago.

Euskarri digitalean

EAEko emaitzak azaltzeko hitzik gabe agertu zen atzo Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua prentsaren aurrera —Nafarroako Gobernuak ohar bidez eman zuen datuen berri—. «Emaitzek azterketa sakona behar dute. PISAk argazki finko bat eskaintzen du, eta eskertzekoa da, baina datuak testuinguruan kokatu behar dira. Goiz da behar bezalako balorazioak egiteko; datozen asteotan egingo dugu lan hori».

Edonola ere, emaitza baxuagoak zerk eragin dituen esplikatze aldera, 2015eko etsaminek izan zuten berritasun bat aipatu dute Jaurlaritzako arduradunek: lehen aldiz euskarri digitalean egin zituzten probak ikasleek. «Aldaketa sakona» da, ISEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko arduradun Xabier Aizpuruaren arabera. Batetik, formatu berriak ariketa berriak ere ekarri dituelako. Eta bestetik, jarrera «inpultsiboak» agertu dituztelako ikasleek: «Gazteek batez ere jolasteko erabiltzen dituzte teknologiak, baina ikasketetan, erabilera erreflexiboagoa izan behar da. Euskarri digitalean, erantzun tasa asko handitzen da, baina okerren tasa ere bai, eta okerrak zigortuta daude».

Gogoetarako garaia ireki du gobernuak orain; izan ere, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak berak onartu du «autokritika» egin behar dutela. Hala eskatu diote oposizioko taldeek ere. PISA txostenak emandako datuekin kezkatuta agertu da EH Bildu: «murrizketei» eta «inbertsioaren jaitsierari» egotzi dizkie emaitza «txarrak», eta hezkuntzako politika publikoak «berraztertzea» galdegin du.

Nafarroan, bikaintasunaz

Bareago dago giroa Nafarroan. Emaitza akademikoetan ez ezik, ekitate aldagaietan ere datu onak erdietsi dituzte. Adibidez, maila sozioekonomikoaren indizean Europan 2020rako ezarritako helburua lortu dute. «Nafarroan, ikasleen maila sozial, ekonomiko eta kulturalaren arabera espero diren emaitza akademikoen gainetik daude PISAko datuak. Eraginkortasuna eta ekitatea ondo uztartzen ditu gure sistemak», adierazi du gobernuak. Dena den, erantsi du bikaintasunaren alorrean ahalegin handiagoa egin behar dutela: «Talentu onenak aprobetxatu behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.