Arantxa Elizondo.
Koronabirusa. BERDINTASUNA PENTSALDIAN

Telelanaren zama

2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Beti izango dugu gogoan 2020ko martxoaren 15a, gure bizitza goitik behera aldatu zeneko eguna. Egun batetik bestera etxean giltzapetuta geunden, ustez bi asterako, baina askoz luzeago izango zelako susmoaz. Hurrengo hilabeteetarako gure asmo guztiak bertan behera utzi behar izan genituen, eta Europa osoan bizimodu ezezagunari ekin genion. Jende asko langabezian gelditu zen, eta beste hainbatek telelanaren bidea hartu zuten, bat-batean milaka telelangile berri agertuz. Hamar aste pasatu direnean, gogoeta egiteko beta dugu, ditxosozko normaltasun berriaren atarian.

Eurofound fundazioaren arabera, COVID-19aren krisiak eragindako telelangileak Europan lanean ari direnen %37 inguru dira. Randstad enpresak egindako azterketaren arabera, Espainian, langile guztien %22 dira, eta Euskadin, %24,5. Portzentajea %50era igotzen da lan tekniko, zientifiko eta intelektuala egiten dutenen artean, eta bestelako sektoretan, aldiz, askoz murritzagoa da: arlo administratiboan, %20, eta beste batzuetan, askoz ere gutxiago.

Baina nola egiten da ustekabeko telelan berri hau? Zentzuzko baldintza eta ordutegiekin? Zer eragin du honek emakume eta gizonen arteko berdintasunean? Denboraren erabilera genero rolen banaketa enpirikoki aztertzeko ikerketa-lerro emankorra izan da Soziologian. Eustaten Denbora Aurrekontuen Inkestaren arabera, konfinamendua baino lehen Euskadin etxeko lanetan emakumeek egunean hiru ordu eta 6 minutu ematen zituzten; gizonek, ordea, ordu bat eta 55 minutu. Emakumeak egunean etxeko lagunen zaintzan bi ordu eta 41 minutuz aritzen ziren, eta gizonak, bi ordu eta 3 minutuz. Bi jarduerak batera emakumeentzat egunean bost ordu eta 47 minutu ziren, gizonentzat baino ordubete eta 49 minutu gehiago, zainketa-arrakala nabaria finkatuz.

Testuinguru honetan konfinamendu garaiko telelana etorri zen. Umeak etxean dituztenentzat edo edadetuen ardura dutenentzat, lana eta familia bateragarri egitea oso nekeza bilakatu da, eta emakumeentzat zama bereziki astuna da. Valentziako Unibertsitateko Cristina Benlloch, Empar Aguado eta Anna Aguado soziologoak egoera honetan emakumeek egiten duten telelana ikertzen ari dira. Ikerlariok, denboraren erabilera aztertu, eta ondorioztatu dute konfinamenduak emakume askori lanaldi bukaezin eta nekagarriak ekarri dizkiola eta estres mailak gora egin duela kasu askotan. Egia da gizon askok etxeko hainbat zeregin maizago egin dituztela berrogeialdian, hala nola erosketak, arropa garbitu edo umeekin jolastu. Goiz da honen inguruko datu fidagarriak eskuratzeko, baina, tamalez, egoera berezi hau amaitutakoan betiko egoerara itzultzeko probabilitatea handia da; alegia, emakumeek jarraituko dutela zainketa eta etxeko lanen zama nagusia bere gain hartzen. Sinetsita nago konfinamenduan nahiz normaltasun berrian, Virginia Woolfek eskatzen zuen norberaren gelak baino, norberaren denborak desira eskuraezin handiena izaten jarraituko duela emakume askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.