Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Beñat Gaztelumendi

«Ez nuen asmatu nire ahotsa ateratzen»

Naiara Elola.
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Sentsazio «gazi-gozoa» utzi dio igandeko lehiak Beñat Gaztelumendiri (Donostia, 1978). Gozoa, bertsolaritzarentzat «astinaldi handia» izan delako finala, eta hiru-lau bertsolarik mailarik «onenean» egin zutelako bertsotan. Batez ere, Maialen Lujanbio txapeldunak egindako lana goraipatu du. «Plazako jardunagatik ere bazegokion txapel hori Lujanbiori». Baina, pertsonalki, sentsazio gazia du, saio osoan «nahi eta ezinean» aritu zelako, bertsotan bere tokia bilatu ezinik. «Oso lotuta aritu nintzen, ez nuen nire ahotsa ateratzen asmatu». Horrez gain, «BECeko olatua» hartzea ere kosta egin zitzaiola uste du. Zenbaitetan olatua aurka zetorkiola ere sentitu, eta horrek «txiki» bihurtu zuela dio. Hala ere, baikortasuna bidelagun duela, okerretatik ikasteko prest dago.

Parte hartu zuten zortzi bertsolarietan gazteena da Gaztelumendi, eta bigarren aldiz lehiatu da finalean. 2013ko finalean egotearekin nahikoa zuela dio, helburua beteta iritsi zela, alegia. Herenegun jokatutakoan, aldiz, bertsotan egiten dakiena erakusteko asmoa izan arren, ez zuela lortu dio. «Egun guztiak ez dira berdinak izaten. Buelta handirik ez diot eman nahi. Irakaspen batzuk atera ditut txapelketatik, eta joango gara hobetzen», dio baikor.

Txapelketa ez du zerbaiten hasiera edo amaieratzat, eta horrek zama arintzen dio. «Finala beste saioak bezalakoa da. Tamaina eta pisu handia du, baina, azken finean, saio bat da». BECen gertatutakoa onartu eta txapelketa osoan egin duen lana errepasatu nahi du orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.