urtzi urkizu
Donostiako 67. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Etxebestetik Etxebestera

2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Hitzak haizeak eramaten ditu. Baina pelikulak, ez; pelikulak ez ditu haizeak eramaten.

Duela 30 urte, Antton Ezeizak zuzendutako Ke arteko egunak Donostiako Zinemaldian lehiatu zen. 1989. urtea zen, eta hurrengo hamabost aldietan ez zen euskarazko film luzerik estreinatu jaialdian. Hamaseigarrenean, agidanez: Aupa Etxebeste! Euskarazko zinemaren aro berria zabaldu zuen lanak, 2005ean. Ez zitzaien erraza egin film hura altxatzen. Dirua lortzeko ahaleginean Txepe Lara ari zen, besteak beste.

Bestelako testuinguru batean, hamalau urte geroago, Asier Altunak eta Telmo Esnalek Agur, Etxebeste! komedia ederra ondu dute orain. Aurreneko zatiko pertsonaietan, orduko aktoreak. Herria ere, lehengo bera. Eta Aupa Etxebeste! film ona zen moduan, ona da bigarren zatia ere. Irribarrerako eta hausnarketarako eszenak oparitzen dituzte pertsonaiek. Ez dakit Nagore Aranburu gidoien idazketan sartu delako den ala ez, baina Maria Luisaren pertsonaia ahaldunduta ageri da. Emakumezkoen ikuspuntu gaurkotua du istorioak. Gaur-gaurko gaiek zeharkatzen dute istorioa: ustelkeria, udaletako protokolo zentzugabeak, giza harremanetan dauden zailtasunak... Irudiz eta teknikaz pelikula berrituta dagoen arren, 2005eko lehen zatiaren espiritua eta grazia mantendu egiten dira. Aurreneko filmarekin gozatu zuten ikusleek gozatu egingo dute hari egindako keinu askorekin. Baina, edonola ere, lehen zatia ikusi ez zutenek ere pelikula independente gisa ikus dezakete, inolako arazorik gabe.

Donostiako Zinemaldian, ikuslea eztarrian korapilo batekin uzten duten filmak dezente izaten dira. Zorionez, Agur, Etxebeste!-k irribarre bat ahoan eta zapore gozoa uzten du. Eskertzekoa da. Ostiraletik aurrera aretoak beteko dituzten ikusleek zinez eskertuko dute.

Gauza asko aldatu dira hamalau urteotan, hitzak haizeak eramango ditu, baina Altunaren eta Esnalen pelikulak ez ditu zikloi batek ere eramango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.