ana galarraga aiestaran
Zientzia. ARGI ALDIAN

Klitoriaren mitoa, gaindituta

2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Klitoria emeen sexu-organoetako bat da, eta, emeen beste sexu-organoak eta sexualitatea bera bezala, gutxi eta gaizki ikertu da. Gutxi, arren sexu-organoekin alderatuta; eta gaizki, aurreiritziek eta ikuspegi matxistak azterketa zuzena eta zorrotza egitea eragotzi dutelako.

Hala, ez da harritzekoa hain zabaldua egotea duela gutxira arte egiatzat jo den mito nagusia, alegia, klitoriaren funtzio bakarra plazera ematea dela.

Argi gera dadila: bakarra izateak ez du esan nahi garrantzitsua ez denik. Baina zientzialarientzat ez zen nahikoa, nonbait, eta galderak egiten jarraitzen zuten: klitoriak orgasmoa lortzeko balio du; ugaltzeko, baina, orgasmoa ez da ezinbestekoa. Orduan, zergatik dute emakumeek klitoria? Azalpen onartuenaren arabera, eboluzioaren aztarna bat da, gizonen titiburuak edo juizioko haginak bezala.

Roy J. Levin ikertzaileak, ordea, klitoriak, plazera emateko ez ezik, ugalketan laguntzeko funtzioa ere baduela aldarrikatu du, argitaratu berri duen artikulu zientifikoan. Haren sarreran, Albert Szent-Györgyi Medikuntzako Nobel saridunaren 1957ko aipu bat idatzi du: «Gainerako guztiek ikusi dutena ikusteko, eta beste inork pentsatu ez duena pentsatzeko».

Hala, klitoriaren inguruko mitoak eraitsi, eta ugalketan dituen funtzioak (orain arte pentsatu ez direnak edo ukatu direnak) azaltzen ditu, xehe, berak eta beste ikertzaile batzuek egindako ikerketetan oinarrituta.

Adibidez, klitoriaren egitura osoa ezagututa ere (kanpoan zati txiki bat baino ez du), uste izan da koitoan zakilak bagina baino ez duela estimulatzen, eta, agian, baita umetoki-lepoa ere, baina ez klitoria (ezpain txikiak eta guruin bestibular nagusiak aipatu ere ez ziren egiten). Levinek ahaztutako egitura horien guztien garrantzia nabarmentzen du artikuluan, eta klitoriaren kitzikapenak garunean eragiten duela azaltzen du.

Dioenez, klitoriaren kitzikapenak garunean sortzen duen eragina berdina da bera bakarrik zein koitoaren bidez estimulatu. Eta, orgasmoaren aurretik, arlo askorekin lotutako eremuak aktibatzen ditu: berotzea, saria, oroimena, adimena, norberarekiko pertzepzioa eta portaera soziala, besteak beste.

Horrez gain, ugalketan laguntzen duten zenbait prozesu gertatzen dira: baginako odol-zirkulazioa areagotzen da, oxigeno-maila eta tenperatura igo, eta lubrifikazioa hobetu. Umetoki-lepoan ere gertatzen dira aldaketak, eta, horiei esker, espermatozoideek aukera gehiago dute obulua ernaltzeko.

Bestalde, klitoria erauzteak horretan guztian ere eragiten duela ohartarazi du. Alegia, plazera sentitzeko gaitasuna ezabatzeaz gain, ugaltzea zailtzen du. Izan ere, Levinek frogatutzat jotzen du klitoriak bi funtzio dituela, atsegin ematea eta ugalketan laguntzea, eta biak direla garrantzi berekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.