Hiltzea «normala» denean

Zaballako kartzelan aurten hildako hirugarren presoak agerian utzi ditu espetxe sistemaren arrakalak. Zigorgabekeriak, opakutasunak eta osasun arta eskasak bat egiten dute Arabako presondegian

Hiltzea «normala» denean.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Etenik gabekoa da heriotzen jarioa Zaballako espetxean (Araba). Datu hotzek ematen dute egoeraren neurria: joan den urtean, adibidez, bost preso zendu ziren kartzelan, eta aurten, urtarriletik irailera, hiru. Azkena, joan den astean: 32 urte zituen, eta urkatuta agertu zen ziegan. Ezinegona, samina eta kezka eragin dute heriotzek, bereziki hildakoen senide eta gertukoengan, baina baita presoen eskubideen alde ari diren eragileen artean ere. «Espainiako Espetxe Erakundeen ardurapean preso gehien hiltzen den kartzeletako bat da Zaballakoa». Cesar Manzanos Arabako Salhaketako arduradunaren hitzek erakusten dute nolakoa den egoeraren larria.

Beldurra. Zigorra. Drogen eta botiken kontrolik gabeko mugimendua. Gaindosiak. Opakutasuna. Osagai horiek guztiek bat egiten dute Arabako espetxearen errealitatean. Eta, horien guztiekin batera, edo horien ondorioz, beste batek ere bai: presoen osasun arreta kaskarrak. Espetxe sistema osoaren gaitzak isla dauka, beraz, bere krudelean, Zaballan.

Gaur egun, 700 preso pasatxo daude Zaballako espetxean. Kartzela zigorra ari dira betetzen gehien-gehienak (%90), eta gainerakoak behin-behinean daude, epaiketaren zain. Sexuari dagokionez, hamarretik bederatzi gizonak dira. Izatez, gaur arte Arabako espetxean zendutako preso guztiak gizonezkoak izan dira, eta gehienak, 30 urtetik beherakoak.«Barruko egoera ezagutzen baduzu, normala da espetxean hiltzea. Izan ere, normala ez dena da baldintza horietan bizirik irautea». Silvia Encina abokatuak gertutik ezagutzen du Zaballako presondegia; arreta juridikoa ematen die bertako presoei, Arabako Abokatuen Elkarteko beste hainbat abokaturen laguntzarekin. Encinak argi dauka espetxearen barruan ez dela eskubiderik errespetatzen. Gordin mintzo da egoeraz: «Bizitzeko eskubideaz hitz egiten da, baina ez bizitza duina izateko eskubideaz. Espetxean ez dago bizitza duinerako eskubiderik». Ohartarazi du Zaballarako ez ezik beste espetxeetarako ere balio duela gogoetak.

2011ko abenduan hasi zen Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusia presoak Langraizko espetxe zaharretik Zaballako espetxe berrira eramaten. Eta hasiera-hasieratik azaldu zuten kezka presoen eskubideen aldeko taldeek eta sindikatuek: salatu zuten modulu gutxitan pilatuta zeuzkatela presoak. Orduz geroztik, handitu egin da kezka bertako presoen egoeragatik, eta, bereziki, osasunerako eskubide gabeziagatik. Presondegi berria ireki eta gutxira agertu zen hilik lehen presoa: 2012ko ekainean.30 urteko gizonezko bat zen, gipuzkoarra, eta ziegan topatu zuten, hilotz. Ordutik, kartzelatu bat hil den bakoitzean jokabide berbera izan dute Espetxe Erakundeek: heriotzei buruzko informazio oso gutxi ematen dute.

«Logika bat da nagusi kartzelan: zigorgabetasunarena». Arabako Salhaketako ordezkariaren kritika da hori. Elkarte horrek urteak daramatza Arabako espetxearen egoera publikoki salatzen. Espetxe instituzioen «axolagabekeria», heriotzen ikerketarik eza, suizidioak eragozteko protokolo baten falta, presoen osasun arta eskasa... Manzanosek bat bestearen atzetik zerrendatu ditu Zaballan bat egiten duten arazoak. Eta etsita mintzo da: «Hildakoak zenbatzeaz nazkatuta gaude».

Kartzela «opakua» da. Iluna. Eta nagusi da inpunitatea. Oztopoak daude espetxe barruan zer gertatzen den jakiteko eta heriotzei buruzko informazioa jasotzeko. Horixe seinalatu du Salhaketa elkarteko kideak. Ikertu eta argitu gabeko heriotzak baitira, ia bere osotasunean, Zaballakoak. «Heriotza bat gertatzen den bakoitzean, kartzela blindatu egiten da».

Trabaz beterikoa izaten da presoen sendiek ibili behar duten bidea. Aski arazotsua eta etsigarria. Espetxeak ez du jarrera aktiboa izaten gertakariak argitzeko prozesuan, ezta fiskaltzak ere. Autopsia txostena eskuratze hutsa bide malkartsua da Zaballan zendutako presoen senideentzat. Abokatu baten laguntzarekin ez bada, nekez lortzen dute dokumentu hori. Ondorioz, sarri askotan, ez dute modurik izaten egiaztatzeko zein izan den heriotzaren zergatia. Eragotzi egiten diete. Familien «kalbarioa» presondegiko deia jasotzen duten unetik bertatik hasten da, Encinak azaldu duenez: «Telefono dei hotz batekin ematen dute heriotzaren berri, edozein modutan, eta begirune apurrik gabe». Abokatuak ohartarazi zuenez, familiak bakarrik uzten dituzte, babesik gabe, inolako arreta psikologorik gabe. «Familiak hutsaren hurrengoa dira espetxeko arduradunentzat: gaizkileak balira bezala tratatzen dituzte», erantsi du Manzanosek.

Gorpua ikusteko ere zailtasun franko izaten dute, Encinak azaldu duenez: «Senideak shockean iristen dira epaitegira, eta han oso gaizki tratatzen dituzte. Askotan ezin dute euren hurkoaren gorpua ikusi ere egin, eta autopsia egiteko aukera ukatzen diete». Preso bat hiltzen denean, espetxe sistemaren «logika» ezartzen da: «Menpeko harreman bat dago, errepresioan oinarritua, eta presoak beldur dio gehiegikeriak salatzeari». Manzanosek esplikatu du espetxe guztietan gertatzen dela hori, baina are gehiago Zaballakoaren gisako makrokartzela batean. Eta horregatik hiltzen direla preso gehiago kartzela handietan, txikietan baino: «Kartzela handietako segurtasuna errepresio egiturekin bermatzen da, eta begi bistakoa da zeintzuk diren horren ondorioak».

Osasunerako arriskua

Lau hormen artean hiltzen diren presoen kopuruak erakusten du espetxe barruko baldintzak ez direla bateragarriak osasunarekin. Osabideak, osasun eskubideen aldeko sendagileen eta legelarien elkarteak, argi dauka: Zaballako heriotzek agerian uzten dute gaur egungo zigor sistemak «gaixotu» egiten duela. Elkarteko kide Nahia Aiak azaldu du osasuna kanpoko faktoreek baldintzatuta dagoen «prozesu dinamiko bat» dela, eta ondorio batera iritsi da: egungo zigor sistemak edo kartzela ereduak gaixotzeko arriskua handitzen du, eta gaixotu egiten du. «Kartzelan, osasun eskubideen gainetik jartzen da zigorra».

Zaballako presoen heriotzen kausa ofizialak hiru izan ohi dira: suizidioak, gaindosiak eta «arrazoi natural» gisa izendatzen dituztenak. Azken horien atzean, baina, gaizki artatutako gaixotasunak egoten dira, Aiak ohartarazi duenez: «'Heriotza natural' direlako horiek, maiz, ez dira izaten bat-bateko edo ezusteko heriotzak. Gehienetan, gaixotasun aurreratuak eta kronikoak dituzten presoak dira, konplikazioak izateko arriskua daukatenak». Horregatik guztiagatik, Osabideak elkarteko kideak uste du ezin direla «naturalizatu» presondegi barruan gertatzen diren heriotzak. «Bakarrik, askatasunik gabe eta ziurrenik modu desegokian artatuta hiltzen den eri bat ezin da parekatu aske, lagunduta eta artatuta hiltzen den batekin».

Aditu guztiak bat datoz: kartzela arrisku larria da osasunerako. GESEP Espetxeetako Erizainen Espainiako Elkarteak emandako datuak dira horren isla: bi presotik batek du patologia kronikoren bat. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, halako gaixotasunek eragiten dituzte heriotzen %60. Presoen osasunari buruzko ohartarazpenak egin ditu EAEko Arartekoak ere maiz: kartzelak okertu egiten duela giltzapean daudenen buru osasuna, eta ez dela eremu egokia buruko gaixotasunak artatzeko.

Haizea de la Llosa de Dios Fedeafes buruko erien elkarteen federazioko psikologoa da, eta astean hirutan sartzen da Zaballara, presoak artatzera. «Kartzela ez da leku egokiena buruko gaitzak artatzeko». Ohartarazi du, gainera, buruko gaitzen garapena «areagotu» egiten duela espetxeak.

Buruko eritasun larriak dituzten presoekin lanean ari da psikologoa, Ateak Zabaldu programaren barruan. Arabako kartzelan berrogei preso inguru artatzen ditu. Nahasmendu psikotikoak, eskizofrenia eta nortasun nahasmenduak diagnostikatuak dituzten presoei ematen die arreta, eta uste du horrelako eritasunak dituztenek kartzelatik kanpo egon beharko luketela, ospitalean edo zentro berezietan. «Bidean horrelako pertsonak galtzen ari gara administrazioak ez duelako baliabide nahikorik jartzen».

Joan den astean Zaballan hil zen 32 urteko presoak bi aldiz eskatua zuen zerbitzu psikologikoa, baina ukatu egin zioten, Salhaketaren arabera. Encina abokatuak berretsi du buruko gaitzak dituzten presoen osasun arta ez dela aski: «Preso gehienen kexa da arreta psikologikorik ez dutela jasotzen, are gutxiago bakartuta daudenek». Osabideak elkarteko kidearen ustez, berriz, espetxe barruko zein kanpoko arta medikoa hobetzea bezain garrantzitsua da espetxeratzeak ez diren «bestelako bitarteko edo birgizarteratze neurriak» ezartzea.

Espetxe barruan badira osasuna bermatzeko moduak. Baita heriotzak saihestekoak ere. Protokoloak indarrean jartzeko eskatu du Manzanosek: «Suizidioak saihesteko, gaixotasunak artatzeko, drogak kontrolatzeko...». Aiak uste du ezinbestekoa dela «ikuskaritza sistema bat» eratzea presoen eskubideak babesteko eta gehiegikeriak eragozteko. Osasun arretari dagokionez, uste du osasun publikoko mediku independenteek hartu beharko luketela preso gaixoen arta: «Osasun balorazioak egiteko protokolo estandarrak behar dira. Gardentasuna bereziki aldarrikatu behar da giza eskubideen urraketak gerta daitezkeen eremuetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.