Etiopia. Tigrayko gerra

Etiopia, gerraz gaindiko krisian

Iazko azaroan hasi zen gerra Etiopiako iparraldean, Tigrayn. Harrezkero, estatuko beste zenbait eremutara zabaldu da, eta gosetea eta inflazioa eragin ditu. Gerraren kalteei gehitu zaizkie hondamendi naturalek sortutakoak. Ondorioz, herrialdea larrialdi humanitarioa pairatzen ari da.

Tigrayko errefuxiatuak Sudango kanpaleku batean ura biltzen. M.A.O./EFE.
Maria Ortega Zubiate
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Urtebete eta bi hilabete daramatza gerrak Etiopian. Tigrayko Gerra ere esaten zaio, eskualde horretan hasi baitzen gatazka. Baina borrokak ugarituz joan ahala, jatorrizko mugak gainditu ditu, eta beste eremu batzuetara zabaldu da.Tigrayko matxinoen indarrak beren eskualdera itzultzen hasi eta aste gutxira, herrialdeko egoera kinka larrian dago: arestian Afrikako herrialderik egonkorrenetakoa zena gosete larriak, inflazioa, gerraren krudelkeria eta hondamendi naturalak ari da pairatzenegun. Tigray da kalterik handieneko eremua, baina gainontzeko lurraldeek ere nabaritu dute gerraren eragina, zeharka bada ere; herritarrek bake hitzarmen bat lortzean dute jarrita itxaropen osoa.

2020. urteko azaroan piztu zengerra. Etiopiako Gobernuko indarrek eraso egin zioten TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteari, argudiatuta fronteak eraso egin ziola aurretik armada federalaren base bati. Ordutik, muturreko egoera bizi du eskualdeak; Amnesty Internationalek eta NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu dute bi aldeetako soldaduek samaldaka bortxatu dituztela emakumeak, eskolak eta banketxeak itxita daude, komunikazioak moztuta. Hildakoak milaka dira,eta 4,3 milioi lagunek ikusi dute beren burua barne lekualdatzeetara behartuta; beste 60.000k Sudanera egin dute ihes, errefuxiatu gisa. «Ez daude eremu seguru batean, ez dute elikagairik, ezta osasun arretarik ere. Malnutrizioa jasaten dute bost urtetik beherako haurrek eta haurdun edota edoskitze aldian dauden emakumeek», azaldu du Abebak, herrialdeko Pastoralist Concern GKEko kideak asmatutako izena da, ez du berea eman nahi izan segurtasun arrazoiengatik.

NBEk gaur egungo elikadura krisirik handien gisa definitu du Tigraykoa. Nazioarteko erakundearen datuen arabera, Etiopia iparraldean 9,4 milioi lagunek ez dute elikadura segurtasunik. Horietatik, 5,2 milioi daude Tigrayn. Datua ulertzeko: eskualdeko biztanleen %90 daude ziurgabetasunean. Badira elikagai behar larriagoa duten herritarrak: NBEk ohartarazi du 400.000 lagun baino gehiago ari direla gosea pairatzen.

Gauzak horrela, nazioarteko giza laguntzaren premia larria da Tigrayn, baina ez dago hura helarazteko modurik, giza laguntza banatzeko bideak itxiak baititu gobernu federalak. Esther Cano Medicus Mundi Gipuzkoako kooperantearen esanetan, «Tigrayn elikagaiz hornitutako 112 kamioi behar dituzte egunean, gosete kronikoa dagoelako. Baita gatazka armatua zabaldu den eremuetan ere. Baina giza laguntzarik apenas sar daitekeen lurraldean, gobernuak laguntza sartzeko bideak itxi zituelako Tigrayn: orain bide bakarra dago zabalik, Afarkoa, Tigrayrekin mugakidea den eskualdekoa». Canoren iritziz, bideak ixteko erabaki horren atzean baliteke zera egotea, inkomunikazioak sortu duen ziurgabetasuna, lurraldean sartutako horien nondik norakoen berri ezin jaso ahal izatea: «Sartzen zirenak gero ezin ziren irten. Ez zekiten oso ongi zer gertatzen zen kamioi horiekin, beldur ziren matxinoek laguntza hori ostuko ote zieten».

Hain zuzen ere, MEP NBEren Munduko Elikadura Programak jakinarazi du eremu horretako bi herritan laguntza eten zuela joan den abenduan, talde armatuek elikagaiak zituzten bi biltegiri eraso egin eta gero. MEPek TFLPri egotzi zion eraso hori.

Gatazkaren larria agerikoa zen hasieratik, borrokak hasi bezain pronto gehitu baitzen lekualdatuen kopurua. Etiopia barneko desplazatuen zenbatekoak gora egin du nabarmen. NBEk jakinarazi dituen 4,3 milioi lekualdatzeetatik gehienak inguruko eskualdeetan gertatu dira. «NBEren txostenek diote milaka pertsona lekualdatu direla. Tigray inguruko lurraldeetara joan dira, gatazkarik ez zegoen lekuetara. Baina gatazka bertara zabaldu denean, beren jatorrizko eremuetara bueltatzea beste aukerarik ez dute izan, ez baitzegoen alderik bi lekuen artean», adierazi du Canok.

Gerra, hegoalderantz

Horrela, Tigrayko Gerra izenekoak gerra zibil itxura hartu du beste lurralde batzuetara ere zabalduta. Iazko uztailean Amhara eta Afar eskualdeetara heldu ziren borrokak, eta Addis Abebarako bidea hartu zuten matxinoek. «Eremu geoestrategikoetan kokatu dira. Borrokarik gogorrenak Addis Abebara eta Djibutira doazen errepideetan izan dira. Azken hori da Etiopiak erabiltzen duen portu nagusia, herrialdean ez baitago porturik. Eremu hori kontrolpean izanda, hiriburuko hornikuntza kontroladezakete».

Borroka horietan milaka lagun hil dituzte bi aldeek, eta sarraskiak leporatu dizkiote elkarri. NBEk gerraren «muturreko bortizkeria» salatu du, eta iragarri du bertan gertatutakoa aztertzeko ikerketa bat zabaldu duela, bi aldeei «gerra krimenak» egozteko frogak dituela ziurtatuta.

Egoera gaiztotuz joan da borrokak hegoalderantz zabaldu ahala, eta joan den azaroan salbuespen egoera ezarri zuen gobernuak herrialdean. Ordutik, 5.000 eta 7.000 atxilotu artean izan dira; gehienak tigreak. Tentsioak gora egin du herrialdean, Canoren hitzetan. «Eskualde bateko gatazka izateaz gain, gatazka etniko ere bihurtu da, eta gorroto mezu asko zabaldu dira Tigrayko jendearen aurka: salatu egiten dituzte, atxiloketa masiboak egon dira, haietako asko hirietatik desagertu dira... Horrek tentsioa sorrarazten du, noski».

Ondorio ekonomiko larriak ere ekarri ditu gatazkak. Inflazioa areagotu da Etiopian: %30 egin du gora. Biztanleen erosahalmenean eragin du horrek, eta askok oinarrizko elikagaiak erosteko zailtasun handiak dituzte. «Jendearen erosahalmena lehen ere ez zen oso handia, baina inflazioarengatik okerrera egin du. Zenbait lagunek oinarrizko elikagaiak erosteko dirurik ere ez dute, eta, ondorioz, kalean areagotu egin dasegurtasun falta. Produktuen horniketak gabezia nabarmenak ditu, eta gatazkak horiek handitu ditu».

Klima larrialdia

Egoera kaxkar horretan, klima larrialdiaren ondorioek ere jo dute Etiopia. Hegoaldean eragin ditu kalte gehien, batez ere Somali eskualdean, Somaliarekin mugan. Lehorte batek jo du hango lurra. Canok azpimarratu du ohikoak direla horrelakoak, baina lehen lau urtean behin jasaten zutena orain bi urtetik behin edo urtero heltzen dela. «Somali eskualdeko zenbait herrik 50 kilometrora dute iturririk hurbilena, eta horri lehortea gehituz gero, bada milioika lagun gelditu dira urik barik». Egoera are larriagoa eragin du xartalen izurrite batek. «Nekazaritzarako lurrak galtzen ari dira, eta abeltzainen animaliak ahul daude: lehorteak kaltetu ditu, baina kalte handiagoa egin die baliabide nahikoa ez izateak, ez baitute behar duten beste elikagai», nabarmendu du kooperanteak.

Somalin egiten dute lan Abebak eta Canok, emakumeen ugalketa eta sexu eskubideen alde. Baina egungo egoerak beren lanari gaina hartu dio, eta proiektuetako asko momentuko egoera arintzera zuzendu dituzte. «Guk ez dugu laguntza humanitarioan lan egiten, baina larrialdiren bat suertatzen denean jartzen ditugu martxan horrelako esku hartzeak, biztanleriaren oinarrizko beharrizanak betetzen ez badira ezin baitaiteke beste mota bateko proiekturik garatu. Ezinbestekoa da larrialdia arintzea», dio Canok.

Hain zuzen ere, horretan ari dira Abeba eta haren lankideak: ur eskasia arintzeko lanetan. «Lehorte handi batean gaude, eta, horren ondorioz, zenbait eskola itxiko dituzte. Gure lanaren zatirik handiena, momentu honetan, horri erantzutera bideratzen ari gara: ura lortzera. Gatazkak ere eragina izan du, inflazioa sortu duenez, are zailagoa delako lehorteari aurre egitea».

Canok azpimarratu du eremu horietako lana areagotzen ari zaiela, ez bakarrik klima larrialdiagatik, baizik eta desplazatu asko heldu direlako: «Guretzat ia ezinezkoa da gatazka eremuan zuzenean lan egitea. Horregatik, eta herrialdean barne lekualdatzeak izan direla kontuan hartuta, gure lana indartzen dugu emakumeak hartzen dituzten eremuetan, behar beste baliabide izan ditzaten heltzen direnen premiak asetzeko. Eta, halaber, jendea hartzen duten eremu horietan gatazkak ez areagotzeko».

Herrialdeko egoera larria dela uste du Canok. Gerrari hondamendi naturalak gehitu zaizkio, ekonomiak pairatu du kolpe hori, eta, ondorioz, herritarrek jasan behar dute kalterik handiena. «Egoera gainez egitear da».

Abebak itxaropentsuago hitz egin du bere herrialdeaz, zailtasun horiek guztiak dituztela jakinik, baina «egunerokoa» mantentzeko gai direla azpimarratuta. Gerra amaieran du jarria itxaropena: «Espero dugu hau laster bukatzea, eta gerra aurreko egoerara bueltatu ahal izatea ahalik eta bizkorrena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.