Albistea entzun

Begiradetan ere sumatzen dute

Sare sozialetan zabaltzen diren albiste faltsuek eta kontakizunek etorkinengan zer eragin duten aztertu du SOS Arrazakeriak, eta ondorioztatu du eguneroko bizimoduan nabaritzen dutela, bai beren eskubideak betetzeko zailtasunetan, bai pertenentzia sentimendua garatzeko ezintasunetan.
Emakume bat, Bilbon, George Floyden hilketa salatzeko protesta batean.
Emakume bat, Bilbon, George Floyden hilketa salatzeko protesta batean. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2022ko urtarrilak 19

Alemaniako Kolonia hiriak asaldatuta abiatu zuen 2016. urtea: Urtezahar gauean sexu erasoekin lotutako mila salaketa jaso zituen Poliziak, eta bortizkeria horren susmagarritzat jo zituzten ehunka gizon antolatu, tartean asilo eskatzaile asko. Errefuxiatuen krisi betean, Europa osoan zabaldu zen albistea, baina, aste batzuen buruan, gezurtatzeak ez zuen izan halako oihartzunik: erasoen erdiak lapurretak izan ziren, eta identifikatutako 58 gizonetatik hiru baino ez ziren asilo eskatzaileak. Ordurako, ordea, berandu zen: ZDF telebista katearen inkesta baten arabera, galdetutakoen herenek onartu zuten iheslarien inguruko iritzia aldatu zitzaiela, %60k esan zuten Alemaniak ezin zituela hainbeste errefuxiatu jaso, eta %70ek adierazi zuten etorkinen iritsierak kriminalitatea areagotuko zuelako ustea. Ondorio politikoak ere izan zituen: Angela Merkelen gobernuak zorroztu egin zituen delitugile atzerritarren kondenak, eta azkartu haien aberriratze prozesuak. Izan ere, egia oharkabean pasatua zen.

Aurreiritzi arrazistek elikatutako albiste faltsuek izan ditzaketen ondorioen adibide paradigmatikoa da Koloniakoa, baina ez bakarra. Eta halakoek zuzeneko ondorioak dituzte etorkinen eta pertsona arrazializatuen bizitzan, eskubideetan eta pertenentzia sentimenduan, SOS Arrazakeriaren Del Maine a las RRSS (Maine-tik sare sozialetara) ikerlanaren arabera. «Galdetu diegu beren ustez nola ikusten dituen gizarteak. Kezkagarria da: ohartzen dira migrazioari buruzko iruditeria negatiboa dela. Inpaktu handia eragiten die orokortzeko joerak, fenomeno konplexua izaki», esan du Ines Huarte Gonzalezek.

Cecilia Themmerekin eta Mikel Araguasekin batera, txostenaren koordinatzaile izan da Huarte, baita ikertzaile nagusietako bat ere. Migrazioaren inguruko desinformazioaren eta gezurrezko albisteen inpaktuak aztertzea izan dute xede: «Elkarrizketa askotan errepikatu da begiraden garrantzia, hor ere sumatzen dutelako: begirada sexualizatuak izan daitezke, edo kriminalizatzaileak, deshumanizatzaileak... Batzuek diote: 'Sentitzen dut pertsona bat ez banintz bezala begiratzen nautela'».

Besteak beste, SOS Arrazakeriako Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako taldeek parte hartu dute ikerlanean, eta elkarrizketa sakonen bidez jaso dituzte migratzaileen iritziak. Huartek azaldu duenez, etorkinei buruzko estereotipoak aztertu dituztenean hiru kontakizun mota antzeman dituzte: ustiapenarena, mehatxuarena eta gutxiespenarena. «Batetik, pertsona migratuak hartzen dira gure baliabideen ustiatzaile gisa, gure sistemaz aprobetxatzera etorriko balira bezala; kalte handia egiten die laguntza sozial asko jasotzen dituztela dioen zurrumurruak. Bestetik, migrazioa askotan inbasioaren edo arriskuaren ideiarekin lotzen da, eta gizarteak mehatxu gisa irudikatzen ditu, ez soilik baliabide materialen inguruan, baizik eta gure ohituren eta bizimoduaren aurkako mehatxu gisa; irudi kriminalizatzaile bat sustatzen da. Azkenik, paradoxikoki, gutxiagotzat ere hartzen dira: uste da ez dutela formakuntzarik eta ezagutza kulturalik, egoera sozioekonomiko apalagoa dutela...».

'Gu versus haiek' elikatzen

Horrek guztiak etorkinak estigmatizatzea dakar, eta haien bestetasuna indartzea: «Gu versus haiek ideia elikatzen da, eta, lehia horretan, pertsona migratuak etsai gisa ikusten dira: bi taldeen arteko diferentziak sustatzen dira, eta bestea homogeneizatu egiten da. Eguneroko bizimoduan, elkarbizitza zailtzen du horrek, harreman horizontalak eraikitzea». Aldentze sozial hori eguneroko tratuan nabaritzen dute: begiradetan, keinuetan, iruzkinetan... «'Joan zure herrira', esan izan diete, edo panchito, moro eta halakoen bidez izendatzen dituzte», gaitzetsi du Huartek. Hizlariek ahotan izan dituzten emozioak ere jaso dituzte ikerlanean: «Kezkagarria da gehien aipatzen dituztenak beldurra, amorrua eta frustrazioa izatea».

Baina migratzaileen bizimoduan bestelako ondorioak dituzte haien inguruan eraikitako kontakizunek eta estereotipoek: haien eskubideak betetzeko ahalmena murrizten dute. Etxebizitzaren alorrean, adibidez, argi ikusi du Huartek: «Askok aipatu dute zailtasun handiak dituztela jabeen eta etxe agentzien aurreiritzien erruz: izen-abizenak, azentua, itxura eta azal kolorea oztopo bihurtzen dira etxe bat alokatzean edo erostean. Ondorioz, etxebizitza prekarioetan bukatzen dute, erdigunetik urrunago eta eskakizun ekonomiko handiagoekin. Oso gogorra da emantzipatu nahi duten gazteentzat : ez dute lortzen etxerik». Lan merkatuan, antzera: «Hautaketa prozesuetan, nabaritzen dute jatorria, azal kolorea edo erlijioa dela aurrera ez jarraitzeko arazo nagusia. Eta hala sortzen dira lan eremu espezifikoak: horietara bideratzen ditugu, eta sistema ere horretaz baliatzen da».

Azkenean, autoestimura iristen da albiste faltsuen, estereotipoen eta iruzkinen inpaktua, Huartek berretsi duenez: «Beren burua irudikatzeko moduan eragiten du, eta identitatea eraikitzeko moduan». Eta hor korapilo handi bat aurkitu dute: «Pertenentzia sentimenduaren falta sumatzen da orokorrean: gehienek esaten dute ez direla sentitzen bizi diren lurraldearen parte. Bertakoek ez badituzte bertako sentiarazten, nola sentituko dira haiek?». Sentipen hori bereziki konplexua da hemen jaiotako pertsona arrazializatuengan eta txikitan iritsi zirenengan: «Batzuk herri honen parte sentitzen dira, eta hala adierazten dute, baina haien pertenentzia auzitan jartzen da: 'Baina zu ez zara hemengoa'. Askok diote aberrigabe sentitzen direla: hemen esaten zaie ez direla hemengoak, eta, aldi berean, ez dute ia loturarik beren jaioterriarekin». Nerabezaroan azaleratzen da gatazka hori, identitatea lantzeko garaian. «Askotariko identitateak sustatzera jo beharko genuke: gizartea aberastuko lukete», ondorioztatu du Huartek.

Hedabideen pisua

Kontakizun, estereotipo eta ikuskera horien zabalpenean, ordea, funtsezko rola dute hedabideek. «Errealitate soziala eraikitzen dute, eta gure agenda publikoak baldintzatzen dituzte. Migrazioari dagokionez, iruditeria horiek sortzen, sustatzen eta iraunarazten dituzte», gogoratu du Huartek. Egun komunikabideen mundua oso zabala den arren, migrazioaren berri ematean «patroi batzuk» nabaritu dituzte SOS Arrazakeriako ikerlariek: «Sotilago edo argiago, migrazioa hondamendi naturalekin edo gerrekin konparatzen da, gai jakin batzuk aukeratzen dira (paterak, heriotzak, bidaia arriskutsuak...), jatorria azpimarratzen da delitu batzuez aritzean...».

Txostenak, halere, bereizi egin ditu desinformazioa eta albiste faltsuak: fake news direlako horiek unean unekoak dira, baina desinformazioak informazio fluxu jarraituago bat behar du, «antolatuagoa, jasotzen dutenentzako sinesgarriagoa». Ez dira fenomeno berriak, ikerlariek azpimarratu dutenez, baina albiste faltsuak zabaltzeko joeran, Interneteko sare sozialek goitik behera aldatu dituzte joko arauak. «Informazioaren abiadura eta hedapena pila bat handitu dira; edukiak biralki zabaltzen dira, eta ematen du kontrolaezin bihur daitezkeela. Gainera, arretaren ekonomian, erabiltzailea estimuluz bete behar da, eta hortik dator infoxikazioa: hainbeste informazio dagoenean, zailagoa da iturria kontrastatzea, eta arrisku handiagoa dago desinformazioa jasotzeko eta zabaltzeko. Eta, desinformazio hori asko hedatzen denean, hedabide tradizionalek ere erreproduzitzen dute».

Bada beste alde kualitatibo bat, Huarteren hitzetan: «Edonor bihur daiteke komunikatzaile. Hedabide tradizionaletan bitartekariak eta filtroak daude, baina, sare sozialetan, politikoki zuzena denaren muga ez dago hain argi. Eskuin muturrak hor aurkitu du hedabide tradizionaletan ez daukan askatasuna». Ohartarazi du sare sozialetan gertatzen dena kaleko errealitatearen isla bat dela nolabait, eta garrantzirik ez kentzera deitu du: «AEBetan Trumpek eta Brasilen Bolsonarok sare sozialetan irabazi zituzten hauteskundeak, neurri batean».

Hainbat estrategia

SOS Arrazakeriako ikertzaileak aitortu du diagnosia ezkorra dela, baina gaineratu du ez dela hori elkarrizketetan parte hartu dutenen jarrera: «Pertsona migratuek eta arrazializatuek bestelako pertenentzia modu batzuk bilatzen dituzte, eta beste ahalduntze bide batzuk». Hain justu, horixe zen egitasmoaren xedeetako bat: albiste faltsuen aurkako estrategiak aztertzea eta berriak asmatzea.

Adibidez, leku askotan abiatu dituzten zurrumurruen aurkako kanpainak ebaluatu dituzte: «Beharrezkoak dira, baina susmoa dugu ez direla iristen iritsi beharko luketen eremu guztietara; hori da erronka». Gainera, erantzutea ez da nahikoa: «Kanpaina horien funtsa da gorroto diskurtsoen kontrako argudioak ematea. Baina elkarrizketetan proposatu dute narratiba propioak ere sortzea: ez zerbaiten aurka, baizik eta diskurtso berri bat eratzeko. Migrazioaren inguruko iruditeria positiboa sustatu behar da, pertsona migratu eta arrazializatuei protagonismoa emanez, ez soilik bizipenez hitz egiteko, baizik eta beste eremuetan aditu gisa aritzeko ere».

Ez dago estrategia bakarra, beraz, bide bat baino gehiago marraztu dute eztabaida taldeetan. Txostenean zazpi lan ardatz jarri dituzte, eta hainbat neurri proposatu: herritartasun kontzeptu zabalagoa sustatzea; eskoletan hezkuntza antirrazista txertatzea; kazetariak eta migranteak elkartzeko eta trebatzeko guneak sortzea; sare sozialetan gorroto diskurtsoak salatzeko moduak jartzea; etorkinentzako antolaketa eta ahalduntze guneak eratzea... «Kolektibitatearen indarra aipatu dute, bai militantziari eta bai prozesu berdina igaro dutenekin elkartzeari begira», azaldu du Huartek. Alde horretatik, garrantzi handia eman dio komunitatean jarduteari: «Estrategia orokorrak izango ditugu, baina komunitatean eta auzoetan eragin behar dugu, bertako mugimendu sozialekin. Zurrumurruak erraz hedatzen dira tokian toki, baina ekintza komunitarioen bidez ere moztu daitezke».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miravalles-Redin ikastetxe, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroak batxilergoko ituna eten die ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei

Ion Orzaiz

Hezkuntza Departamentuaren esanetan, Opus Deiren bi eskolek, Miravalles-Redinek eta Irabia-Izagak, «ez dituzte betetzen itunerako baldintzak»

Pilar Alegria PSOEko eledun eta Hezkuntza ministroa, gaurko agerraldian. ©FERNANDO ALVARADO / Efe

Sexu askatasunaren legea aldatzeko proposamen bat aurkeztuko du PSOEk Espainiako Kongresuan

Maite Asensio Lozano

'Soilik baietz da baietz' legearen aurreko zigorrak berreskuratu nahi ditu Espainiako Justizia Ministerioak, baina Berdintasun Ministerioko iturriek zehaztu dute erreforma batek ez dituela geldiaraziko kondena berrazterketak, eta legea ondo aplikatzean dagoela giltza; horretarako, «premiazko» neurri sorta bat proposatu du. 

Haurren futbol partida bat. ©Maialen Andres / FOKU

«Arrazakeria» salatu dute Arrigorriagan jubenilen futbol partida batean gertatutakoarengatik

Edu Lartzanguren

Haur sikh bati buruko zapia kenarazi nahi izan dio epaileak, eta Federazioak 300 euroko isuna jarri dio taldeari

Donostia ospitaleko zerbitzuburuen protesta, abenduan. ©Jon Urbe / FOKU

Donostia ospitaleko zerbitzuburuek protestan segituko dute negoziazioa «bideratuta» egon arte

Julen Aperribai

Elkarretaratzea egin dute gaur ere Donostia ospitaleko atarian. Azken bileraren aktarekin batera, «kronograma» bat bidali zioten Osakidetzako zuzendaritzari, eta erantzuna jasotzeko zain daude.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.