Albistea entzun

Koronabirusa. Urteko heriotza guztiak

Heriotzak lehengora itzuli dira Gipuzkoan ez beste tokietan

2020an heriotzak izugarri ugaritu ziren, eta 2021ean lehengora itzuli dira, iaz baino 2.700 jende gutxiago hilda. Gipuzkoan heriotzak ez dira hain nabarmen gutxitu, eta Iparraldean ugaritu egin dira. Grafiko interaktiboak, albistearen barruan.

Mikel P. Ansa -

2022ko urtarrilak 26

Koronabirusaren urtean, 2020an, beste inoiz baino jende gehiago hil zen urte bakarrean: 35.200 pertsona zendu ziren Euskal Herrian. 2019arekin alderatuta, %14,4 ugaritu ziren heriotzak. Urte bakarrean. Konparazio batera, Euskal Herrian inoiz ez ziren urte bakarrean 31.500 pertsona baino gehiago hil ordura arte; 2019an 30.800 heriotza erregistratu ziren, adibidez, 2020an baino 4.400 gutxiago.

Iaz, koronabirusaren osteko lehen urtean, lehengora itzuli ziren heriotzen estatistikak. Urte osoan 32.500 lagun hil ziren, 2020an baino 2.700 gutxiago (-%7,6): kopuru hori gertuago dago aurreko urteetako estatistiketatik eta batez besteko heriotzetatik.

Baina herrialde batzuetan ez da erabat onbideratu heriotzen estatistika: Ipar Euskal Herrian 2020ko heriotza kopurua gainditu dute 2021ean, eta Gipuzkoan behera egin du, baina ez Hegoaldeko beste hiru probintzietan adina. Koronabirusak, hain justu, Gipuzkoan izan du intzidentzia handien urte osoan.

2020ko datuekin alderatuta, heriotza kopurua gutxitu egin da Euskal Herrian, eta 2019arekin alderatuta, igo —1.650 gehiago—, baina herrialde bakoitzak berezitasunak ditu, heriotzetan izan den bilakaera ez baita berdina izan toki guztietan, batzuetan kontrakoa ere bai.

2017 eta 2019 artean gertatutako heriotzen batezbestekoa kalkulatzen bada, eta hori 2021eko heriotzekin alderatzen bada, ondorioztatzen da Nafarroan normalizatu dela gehien heriotzen kopurua: batezbestekoak markatutakoa baino %2,2 heriotza gehiago gertatu ziren 2021ean. Hazkunde txikia da; ezdeusa ere bai, 2020ko igoerarekin alderatzen bada —batezbestekoa baino %18 aldiz heriotza gehiago gertatu ziren urte hartan—.

Araban, batez besteko heriotza kopurua baino %3,7 gehiago erregistratu zituzten 2021ean, eta Bizkaian, %4,1 gehiago. Bi herrialde horietan 2021ean ere behar baino heriotza gehiago izan direla adierazten dute kopuru horiek, baina, 2020ko heriotzen ugaritzearekin konparatuta —%20 eta %13, hurrenez hurren—, hobekuntza nabarmena izan zen 2021ean.

Gipuzkoan ere gutxitu egin ziren heriotzak iaz, 2020arekin alderatuta, baina ez hainbeste. Batezbestekoaren aldean, 2021ean %8 ugaritu ziren heriotzak, eta 2020an, %12. Hegoaldeko beste hiru probintzietan baino gutxiago urritu dira heriotzak, beraz. Eta Ipar Euskal Herrian, batez beste baino %5 heriotza gehiago gertatu ziren 2021ean. Baina aintzat hartu behar da 2020an %3,6 izan zela hazkundea Iparraldean. 2021ean okerrera egin dute, beraz, baina Hegoaldeko probintzietan heriotzen hazkundea askoz handiagoa izan zen 2020an.

Lehendabiziko koronabirus kasuak Araban agertu ziren, eta horren arrastoa nabaritu zen 2020ko heriotzetan. Baina 2021ean herrialde horrek izan zuen intzidentziarik txikienetakoa, eta astez asteko heriotzak batezbestekoen barruan ibili ziren urte osoan, azaro erdira arte; orduan gertatu zen hazkunde txiki bat, seigarren olatuarekin batera.

2020an baino 442 pertsona gutxiago hil ziren iaz Araban, eta urteko heriotza kopurua tamaina normalera itzuli zen. 2020an izugarri ugaritu zen heriotza kopurua Araban, %21. Nafarroaren atzetik, heriotzak gehien ugaritu ziren herrialdea izan zen 2020an, eta koronabirusaren lehen eta bigarren olatuekin batera erregistratu ziren heriotza gehieneko asteak. Espero zitezkeen baino 450 bat heriotza gehiago gertatu ziren urte hartan.

Baina 2021ean lehengora itzuli zen heriotza kopurua: 2020an zortzi astetan neurtu ziren erabat ezohikoak ziren heriotza kopuruak, eta iaz, aldiz, hiru astetan, baina tamaina txikiagoan. Espero baino 100 bat heriotza gehiago soilik zenbatu ziren urte osoan. Guztira, 2.863 pertsona hil ziren Araban iaz, 2020. urtean baino 442 gutxiago (-%13).

Nafarroaren eta Arabaren atzetik, Bizkaia da 2021ean heriotza kopurua gehien normalizatu zuen herrialdea. 2020an, aurreko urtean baino 1.462 heriotza gehiago gertatu ziren (%12ko hazkundea), eta iaz, 2020an baino 1.026 heriotza gutxiago (ia %8ko jaitsiera). Herrialde horretan, guztira 13.399 pertsona hil ziren 2020an, eta iaz, 12.373.

2020an, martxo erditik aurrera, bost astez erabat ezohiko heriotza kopuruak erregistratu zituzten Bizkaian, koronabirusaren lehen olatuarekin batera. Hortik aurrera, ez zen gehiegizko heriotza asterik ia nabaritu. Espero gabeko 1.200 bat heriotza zenbatu zituzten urte osoan.

2021ean, berriz, udan nabaritu zen heriotzen hazkundea, abuztuan eta irailean, bosgarren olatuarekin batera, eta udazkenean, omikron aldaera zabaltzen hasiz geroztik, berriz hazi zen heriotza kopurua, baina uda arte heriotzen kopurua batezbestekoen barruan ibili zen. Iaz, espero zirenak baino 400 bat heriotza gehiago gertatu ziren, 2020an baino 800 gutxiago.

SARS-CoV-2 birusa Gipuzkoan zabaldu zen gehien 2021ean: intzidentziarik handiena herrialde horrek izan du azkeneko olatu guztietan. Eta horrekin batera, urteko heriotza kopurua gutxien jaitsi den tokia izan da. 2020an 7.832 pertsona hil ziren, eta iaz oso kopuru antzekoa: 7.515 —aurreko urtean baino 317 heriotza gutxiago dira horiek; beste herrialdeetan, proportzioan, askoz gehiago jaitsi da heriotzen kopurua 2021ean—.

2017 eta 2019 artean gertatutako heriotzen batezbestekoa hartzen bada —horiek izan dira heriotza gehieneko azken urteak—, argi ikusten da Gipuzkoaren joera: urteak dituen 52 asteetatik 39tan hil dira batezbestekoaren arabera hil behar zuketenak baino jende gehiago. Bestela neurtuta, 2019tik 2020ra %14 ugaritu ziren heriotzak Gipuzkoan; eta 2020tik 2021era, %4 baizik ez ziren gutxitu.

Beste datu batek ere laguntzen du ikusten Gipuzkoan heriotza kopurua ez dela normalera itzuli, Hegoaldeko beste probintzien kontrako bidean: 2020an 700 bat heriotza gertatu ziren urte osoan batezbestekoaren gainetik, eta iaz, 550 bat. Hegoaldeko beste hiru probintzietan nabarmenago jaitsi da adierazle hori.

2020an, lehen olatuan, COVID-19aren arrastorik ia ez zen nabaritu Gipuzkoako heriotza kopuruan, nahiz eta martxo erditik aurrera lau astez heriotza kopuru ezohikoak neurtu. 2020ko udazkenean hasi zen okertzen, eta 2021ean, aste santuaren ondoren igo zen heriotza kopurua, eta ordutik batezbestekoaren gainetik ibili zen ia astero, iraunkorki.

Zuberoak 14.650 biztanle ditu, eta Nafarroa Behereak, 32.000, eta kopuru horiek ez dira aski heriotzen bilakaera estatistikoa behar bezala aztertzeko. Zuberoan, esaterako, 140 heriotza baino gutxiago gertatu ohi dira urtean, eta joera aldaketa txikiek irauli egin ditzakete portzentajeak eta irakurketak. Horregatik, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietako heriotza datuak batuta aztertu ditu BERRIAk. Eta ondorioa esanguratsua da, bigarren urtez jarraian heriotzak ugaritu egin baitira. Baina hazkunde horiek, aldi berean, Hegoaldeko probintzietan gertatu direnak baino txikiagoak izan dira.

Orobat, koronabirusaren eragina apalagoa izan da Iparraldeko probintzietan, baina iaz aurreko urtean baino handiagoa. 2020an, aurreko urtearekin alderatuta, %5 ugaritu zen heriotzen kopurua, eta azaroko bi astetan izan ezik, ez zen hazkunde nabarmenik gertatu. Beste urte batzuetan hazkunde handiagoak gertatu izan dira Ipar Euskal Herrian: 2012an eta 2017an, adibidez, %7 ugaritu ziren heriotzak, aurreko urteekin alderatuta.

Ez dago koronabirusak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan izan duen intzidentzia zehatzaren daturik, baina intzidentziaren mapan argi ikusi zen bigarren olatuan asko zabaldu zela, eta horrek bat egiten du 2020ko azaroko heriotzen ugaritzearekin. 2021eko urtarrilean jarraitu egin zuen joerak. Astebetean Iparraldean 80 heriotza baino gehiago erregistratzea arraroa izan ohi da, baina 2020 azarotik 2021eko otsailera ia astero gainditu zen kopuru hori, eta 105 heriotza ere gertatu ziren aste batean.

2021eko asteroko datuetan ez da ikusten heriotzen kolpeko hazkunderik hiru probintzietan, baina urte osoko balantzeak beste zerbait esaten du: 2019an 3.787 pertsona hil ziren; 2020an, 3.983; eta iaz, azken hilabeteko datuak osatu gabe, 3.978. INSEEk otsailean itxiko du estatistika, eta ehun bat heriotza gehiago zenbatu beharko zaizkie iazko heriotzei; horregatik ezin da 2020tik 2021erako aldea kalkulatu ehunekotan. Baina agerikoa da, datu horiek faltan izanik ere, iaz baino jende gehiago hil zela 2021ean Iparraldean.

Datu guztiek erakusten dute Nafarroak izan duela heriotza estatistikarik onena 2021ean, han jaitsi baita gehien heriotzen kopurua. 2020ko joeraren erabat kontra gertatu da hori, gainera, urte hartan beste inon baino gehiago ugaritu baitziren heriotzak. 2020an %22 ugaritu ziren heriotzak Nafarroan, aurreko urtearen aldean, eta 2021ean %13 gutxitu ziren, 2020arekin konparatuta. Mutur batetik bestera egin du Nafarroak, beraz: 2020an, espero gabeko 900 bat heriotza erregistratu ziren herrialde horretan; iaz, 100 bat bakarrik.

2017 eta 2019 arteko batez besteko heriotzekin konparatzen bada, astez aste, sumatzen da 2021eko udan aste pare batean nabarmen gainetik ibili zela heriotza kopurua, eta udazkenean ere doi bat batezbestekoaren gainetik izan zirela —seigarren olatuaren eragina nabari da datu horietan—. Baina gorabehera horiek apenas eragin dioten urte osoko estatistikari, eta batezbestekoen barruan kokatu dira asteroko heriotza datu ia gehienak.

2020an 6.749 pertsona hil ziren Nafarroan —sekula ez ziren 6.000 lagun hil urte batean—. Iaz, berriz, 5.845 pertsona hil ziren —2020an baino 904 gutxiago—, eta urteroko heriotza kopurua ohiko neurrira itzuli zirela ondoriozta liteke horrela.

COVID-19a

Ez da erraza koronabirusak heriotzetan izandako pisua neurtzea, baina hurbilpen bat egin liteke. 2020an 4.100 gaixo inguru hil ziren COVID-19arekin. Iaz gutxiago izan ziren, ia erdiak: 2.300. Aurten 450 bat hil dira urtea hasi denetik; guztira, 6.800 baino gehiago. Ezinezkoa da kalkulatzea horietatik zenbat hilko ziratekeen SARS-CoV-2a agertu ez balitz, baina 2020an gehiegizko 4.000 bat heriotza gertatu zirela erakusten dute estatistikek; 2021ean, berriz, 1.400 inguru lirateke espero gabeko heriotzak.

Lehen olatuak bildu zuen heriotza gehien, SARS-CoV-2arekin hil direnen herena, gutxi gorabehera: 2.200 hildako. Eusko Jaurlaritzak eta Frantziako Gobernuak ez dute heriotzen datu xeherik ematen probintzia bakoitzarentzat, eta Nafarroakoak soilik erabil litezke alderatzeko: 2021ean 329 heriotza eragin zituen koronabirusak Nafarroan, estatistika ofizialen arabera, eta batez beste espero zirenak baino 100 heriotza gehiago izan ziren. Hegoaldeko beste probintzietan, ia 2.000 gaixo hil ziren COVID-19arekin; eta batez beste espero zirenak baino 1.850 bat heriotza gertatu ziren.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Hasi da Euskararen aldeko manifestazioa Donostian

Berria

Paul Bilbao: «Gaurko egunaren argazkia gorde beharko dugu euskararen historian»

Biriatuko ordainlekua, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

21 urteko bi gazte hil dira errepide istripuan A-63an

Berria

Goizean gertatu da ezbeharra, Biriatuko ordainlekutik gertu.

 ©BERRIA

Oinazea hileroko konpasean

Arantxa Iraola

Emakumezkoen bizitzako hamarraldi asko zedarritzen ditu hilekoak; sarri, minak jota. Abortuaren arautzea berritzeko Espainian egin duten testuaren harira, lehen lerroan da gaia

Idoia Torregarai, Kepa Sarasola eta Jose Ramon Etxebarria, UEUko hiru belaunaldi. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Mende erdia utopiaren xerka

Gotzon Hermosilla

UEU Udako Euskal Unibertsitateak gaur ekingo die Udako 50. Ikastaroei. Mende erdi honetan lan handia egin du goi mailako jakintza euskaraz garatzeko. Ikerkuntza da etorkizuneko ildoetako bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Mikel P. Ansa

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...