Gerra Ukrainan. Raul Sanchez Cedillo. Saiakeragilea eta itzultzailea

«Gerra apartekoa da antolaketa sozial bat ezartzeko»

Gerra erregimenaren eskema gobernatzeko eredu gisa aplikatzeak eragiten dituen egoerez eta ondorioez ohartarazi du Sanchez Cedillok 'Esta gerra no termina en Ucrania' liburuan.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Igor Susaeta.
Iruñea
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun

«Zur eta lur» dago Raul Sanchez Cedillo (Madril, 1969) saiakeragilea, itzultzailea eta aktibista, Ukrainan gerra bat izanda ere ezkerrak ez direlako «mugitzen» ari, «neutralizatuta» daudelako Europan. Komunen Fundazioko kideak Errusiaren inbasioari buruzko artikulu batzuk kaleratu zituen, eta Katakrak gunetik planteatu zioten liburu bat idaztea. Iruñeko etxeak plazaratutako Esta guerra no termina en Ucrania (Gerra hau ez da Ukrainan amaitzen) saiakera da emaitza. Lehengo astean Iruñean aurkeztu zuen, eta gaur Basauriko Txarraska gaztetxean (Bizkaia) izango da (19:00). Gerraren kontrakarrean, «bake konstituziogile bat» aldarrikatzen du: «Bakea da ikuspegi narratibotik batasun bat eragin dezakeena».

Gerra erregimenaren kontzeptua dezentetan aipatzen duzu liburuan.

Gerra erregimena da laguna-etsaia eskema ezartzea Europako Batasuneko estatuen testuinguruan; alde bateko zein besteko alderdien arteko harreman politiko normalei, oinarrizko auziei —batez ere borroka sozialei—, protestei orokorrean, estatuaren abantailei eta komunikazioari.

Eremu euroatlantikoaren apustua da gatazka hau eramatea Ukrainako independentziaren auzitik haratago, eta planteatzea inperioen arteko gatazka erabakigarri baten gisara. Horrek esplikatzen du liburuaren izenburua.

Energiaren eta baliabide naturalen bukaera; muturreko gertakari klimatikoak; sistemaren zaurgarritasuna agerian uzten duen pandemia bat... Zure diagnostikoaren arabera, kaos ekosistemikoak blaitzen du testuingurua. Gerrak nola eragiten die krisi horien kudeaketei eta ondorioei?

Pandemiaren ondoren, transformazio horien guztien kostu soziala elementu garrantzitsuenetako bat zen Europako Batasunean. Pandemiaren ostean, erreakzio bat gertatu zen Europako Batasunean, hazkundean emandako zuloak depresio bat eragin zuelako, ezin sinetsizkoa XXI. mendean. Sarraski sozial bat gertatu da, eta hori ez da egitate soil-soilik objektibo bat. Pentsa dezagun pandemia kudeatzeko moduan. Beste bortxa edo erabaki molde batzuen pean, Txinan askoz ere jende gutxiago hil da. Hemen utzi zaio, neurri handi batean, merkatu askeari funtzionatzen, jendeak jarrai dezan lan egiten bizi ahal izateko, nahiz eta gaixo edo kutsatzeko arriskuan egon. Aldi berean, ez dira txikituta zeuden osasun sistemak indartu.

Logika horrek diru sarreren polarizazio bat eragin du, Atzeraldi Handiak ekarri zuena baino okerragoa. Orduan, Europako Batasunak pentsatu zuen ireki behar zela inbertsio berde eta sozialeko une ezohiko bat.

Kontua da trantsizio energetikoaren bueltako new deal-a egitea sarraski sozial bat eragin gabe; fabrikak itxi eta langabezia tasa handiak eragin gabe. Eta gerra aukera bat da muturreko zentro neoliberal oligarkiko europarrarentzat, ez hartzeko arrisku handiko konpromisoak indar sozialekin.

Gerrarekin zer saihestu nahi du muturreko zentro neoliberal horrek?

Esango nuke klaseen arteko borroka saihestu nahi dutela. Inposatu nahi dute kapitalaren aginduek baldintzatutako trantsizio molde bat. [Ursula, Europako Batzordeko presidentea] Von der Leyen esaten ari da gerra honetan jokoan daudela Europako zibilizazio eredua —ez dakigu hori zer den...—, demokrazia eta trantsizio berdea. Hau da, [Vladimir, Errusiako presidentea] Putinengan kontzentratutako etsaiak sinbolizatzen du txarra den guztia; izan ere, erregai fosilen bidez lortutako diru sarreretan oinarritzen den potentzia bat da.

Klima aldaketari buruzko panelaren [IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea] azken txostenak, iazkoak, modu nahiko argian esan zuen kapitalismoak eten egin behar duela. Horrek guztiz hausten du neoliberalismoaren kontakizun nagusia, zeinaren arabera kapitalismoa den sistema txar posible guztietan onena. Orduan, gerra apartekoa da auzi hori saihesteko eta antolaketa sozial bat ezartzeko etsai baten oinarriaren gainean.

Uste duzu AEBak eta EB Europako Batasuna ari direla gurutzada zibilizatzaile bat xaxatzen, eta, horretarako, gerrarako gogo bizia adierazten. Antolaketa sozial bat ezartzeko nahiari erantzuten dio?

Zalantzarik gabe. Liburuaren bigarren zatian planteatzen dut propagandatik haratago badagoela pandemian sortutako pasio hilgarrien kanalizazio bat; eta hori bideratzen da de facto bloke euroatlantiarreko oligarkien etsaiak direnen aurkako gurutzada zibilizatzaile batekin.

Errusia potentzia nuklear bat da, eta hango erregimena, hango oligarkia politikoa eta finantzarioa, bizirik irautea ari da jokoan jartzen.

Neoestalinismo zonbiaz mintzo zara. Zer esan nahi duzu?

Kontzeptu hori erabiltzen dut gerra honetan Putin babesten dutenak izendatzeko; iruditzen zaie gerra justu bat dela hau, eta iruditzen zaie Putin inperialismoaren aurkako lider bat dela.

Putin antikomunista bat da; ez du inoiz ezkutatzen. Gerra justifikatzeko esan zuen Ukrainako arazo hau Sobietar Batasunak sortu zuela, boltxebikeek hain zuzen, ahalbidetu zutelako Ukrainaren nortasun nazionala garatzea.

Harremantzen duzu korronte edo pentsamolde hori, nolabait, ezkerreko faxismoa esaten diozunarekin. Zergatik?

Ez dira gauza bera, baina bat egiten dute. Oinarrian dute interes komun bat zentratzeko bataila politikoa eta orokorra gatazka geopolitiko batean.

Zer ezaugarri ditu, beraz, mintzagai duzun ezkerreko faxismo horrek? Nola jokatzen ari da kasu honetan?

Ari da gainean jartzen klasea eta arraza. Nolabait, finantzak arrazializatzen dituzte, pentsatu beharrean azpiegitura sozial bat direla. Aldi berean, klasearen arrazializazio bat ematen da. Ikuspegi horren arabera, benetako klaseak homogeneitate lerro batzuk ditu kulturalki, arrazialki eta identitarioki; eta kontrakoa, klase ertainak— posmodernoak-eta—, kosmopolitak dira, eta ez dute pentsatzen klasearen ongizatean eta biziraupenean.

Ikuspegi horretatik ez dute galdetzen, ordea, ea egun zer den esplotazio kapitalista; nola zatikatu dituen klaseak; zer esan nahi duen langileria klaseak... Eta Errusiara eramanda, pentsatzen dute Putin objektiboki aurre egiten ari zaiela herria, nazioa, txikitu duten elite globalizatzaileei.

Ukrainako gerra balio izaten ari da maskara batzuk kentzeko?

Zalantzarik gabe. [Gerra] Baliatzen ari dira eremu ez soilik geopolitikoan zeuden faxistizazio joera gutxi-asko lurpekoak legitimatzeko: gorrotoa transei, gorrotoa maritxuei, beltzei... Hori da erresuminaren politika.

Gertatzen ari da etsaiaren arrazializazio bat. Faxismoa eta kolonialismoa batera doaz beti, eta ikusten ari gara Europako kontakizun supremazista baten berreraikitze prozesu bat: paternalista obeditzen dutenekin, baina etsaikeria transmititzen duena. Harreman sozialak militarizatzen direnean, basati bihurtzen, estatuak herritarren kontra erabiltzen duen indarkeria jarrera normal bat bihurtzen denean eta salbuespena arau bilakatzen denean, eremu egokiena da ukitu faxistako irtenbide errazek aurrera egin dezaten

Eta gerrak dakarrena da errepresio horren legitimitatearen blindatze bat, indartze bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.