«Saioek aurrera egin ahala, arropak gutxitzen hasi ziren»

arantxa iraola
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Emakume biluzien argazkiak paretetan. Mirari Oñatek kontatzen duenez —asmatutako izen-abizenak dira—, halakoak ohikoak izaten ziren Kote Cabezudo argazkilariaren estudioan. Andreak ustezko portaera erotikoetan, kamerari begira. «Nolabait ere, sentitzen zenuen haiek zirela onenak, kutunenak; hura zela bidea». Orain dela 18 urte inguruko gogoetak dira. Nerabea zen bera orduan, 16-17 urte inguruko neska, eta hainbat argazki saio egin zituen egun abusuak egiteagatik auzitan sartuta dagoen argazkilariarekin. Hark izena eta ospea bazituen orduan. Modeloei argazkiak egiten zizkien profesional ezaguna zen Gipuzkoan.

Nerabezaroan estreinakoz modelo gisara egin zizkioten argazkiak gordeak ditu. Ederrak dira. Tristura oroitzen du Oñatek, ordea, haren begien ninietan: sakonean. Ez ziren garai onak. «Nire gurasoak banandu berriak ziren; bulimia batean sartu nintzen». 16 urte zituela aurkeztu zen, lehenbizikoz, nesken edertasuna baloratzen zuen lehiaketa batera, amak animatuta. Hantxe ezagutu zuen Cabezudo. «Nigan fijatu zen; zerbait ikusi zuen». Egun susmoa du ninien atzean zer zegoen ikusi zuela: «Zeinen kaltebera nintzen antzeman zuela uste dut». Argazki saio bat egiteko proposamena egin zion. Ederki joan zen, arazorik gabe, eta egindako erretratuak oparitu egin zizkion argazkilariak. Handik urtebetera, berriz aurkeztu zen edertasun lehiaketara Oñate gaztea. «Nire fisikoak aldaketa agerikoa izan zuen urtebetean: dezente argalagoa nengoen, uste dut gehiago gustatzen hasi nintzaiola».

Berriz egin zion Cabezudok estudiorako proposamena. Ongi hasi ziren saioak. Erotismo puntu bat iradokitzen zuten argazkiak izaten ziren zenbaitetan, iradokitzaileak, baina hortik apartekorik ez zuen antzematen oraindik modelo gazteak. Gurasoak beti ondoan izan zituela nabarmendu nahi du: «Estudiora eramaten ninduten; jasotzen ninduten». Eta haiei lasai aski erakusteko moduko argazkiak ziren lehenbiziko haiek; argazkilariak berak harro erakusten zizkien. Gurasoentzat oro ziren, gainera, losintxak. «Munduko gizonik jatorrena balitz bezala agertzen zen Kote haien aurrean. 'Zuen alaba zoragarria da argazkiak egiten', 'eder-ederra da'... Halakoak ohikoak izaten ziren: gehiegizkoak ere bai». Erretratuak egiteko orduan atzemanak zituen neskak zenbait keinu artegagarri, baina ez zien aparteko garrantzirik eman. «Esaterako, esprai bat botatzen zigun titiburuetan, tente jar zitezen». Ukitu iheskorren bat izaten zen halakoetan, baina atzematen ere zaila. Berehala igarri zuen, ordea, aldaketa. «Saioek aurrera egin ahala, arropak gutxitzen hasi ziren». Bazirudien, halaber, gero eta erotikoagoak zirela, iradokitzaileagoak. «Baina era oso sotilean egiten zuen guztia. Oso ondo zekien egiten». Pagatu egiten zion Oñateri argazki horiengatik, eta, gero, bere blogean ipintzen zituen. Ustezko normaltasun baten barruan. Adingabea zen oraindik.

Egun batean, ezustean, argazki saiora joan, eta guztiz biluzik zegoen neska gazte batekin egin zuen topo modelo hasiberriak. Harrituta geratu zen; izan ere, ordura arteko saio guztietan bakarrik egon zen, eta jantzita. «Depilatu al zara?». Iltzatua du modelo ohiak Cabezudoren itauna. Saioetara beti zangoak eta besapeak depilatuta joan ohi zela azaldu du. Harago egin nahi zuen, ordea, argazkilariak: «Ez al dituzu depilatu aluko ileak?». Erdi haserretu egin zitzaiola oroitu du, eta depilatzeko apar poto batekin heldu zela agindua: «Ken ezazu dena; ez dadila hor ile bat ere geratu». Eskuan potoa eta depilatzeko gailuekin oroitzen da: galduta. «Ez nuen ezer ere ulertzen, negar egin nuen». Baina agindua bete zuen, eta argazkiak egin zituen: esaneko. Tankera horretako irudiak egiteko proposamenik ez zuela inoiz jaso azaldu du, ustekabean iritsi zela guztia. Orain ulertu du zergatik. «Halakoak egiten zituen ja haren kaiolan zintuenean. Aurretik, minutu batzuk lehenago, jator-jatorra zen zure amarekin. Behin estudioko atea igaro eta gero, ordea, berak agintzen zuen. Eta ez dakizu nola, baina egin egiten zenuen hark esaten zuena. Gainera, mundu guztiak hitz egiten zuen hari buruz: 'Kote Cabezudo, modelo guztien argazkilaria!'. Ez duzu pentsatzen denak gauza txarrak onartzen ari direnik. Justu kontrakoa. Garai hartan, gainera, arrakastaren gailurrean zegoen: gorenean».

Isildu egin zuen gertatutakoa. «Gurasoei nik inoiz ez nien kontatu zer gertatu zen. Ahaztu egin nahi nuen, besterik ez. Gainera,Kotek esan zidan argazki horiek ez zirela zabalduko; Bartzelonarako zirela, erakusketa baterako: han bakarrik ikusiko zirela. Ni guztiz blokeatuta nengoen, eta,bestela ere, banituen nire blokeo emozionalak. Horrek guztiak horiek handitu egin zituen; oraindik ere okerrago sentitzen hasi nintzen neure buruarekin». Argi utzi nahi du gurasoek ez zekitela ezertxo ere egoera horretaz: engainatuta zeudela. «Jakin izan balute, ez zuten inoiz horrelakorik onartuko: inoiz ere ez». Saio horren ostean, handik bolada batera, anorexia-bulimiarekin lotuta zuen nahasmenduak okerrera egin zuen, eta ospitalean sartu behar izan zuten. Garai hartan, guztiz eten zituen modarekin zituen harremanak, medikuaren aginduz. Egin zuen, ordea, hobera, ikasketak amaitu zituen, eta aro berri batean sartu zen.

Eta berriro agertu zen Cabezudo. «19 urte nituela berriz hots egin zidan; hainbat argazkilarik parte hartuko zuten saio baterako zela». Ezezkoa izan zen neskaren lehen erantzuna: azken saioak lagatako gomuta garratza izan zuen hizpide. «Oso ezberdina izango zela esan zidan». Animatu egin zen. «Pentsatu nuen aurrekoan harekin geratu zitzaidan arantza hura kentzeko era bat izan zitekeela...». Argazkilari asko inguruan kameren klisken artean; halaxe oroitzen da saio hartan. Ongi zihoan dena. Ikastaro antzeko bat zirudien. «Une batean, Kotek esan zien gainerako argazkilariei uzteko kamerak, argazki hori berak bakarrik egingo zuela. Orduan, kenarazi egin zidan jantziaren goiko aldea. Eta berriz blokeatu nintzen; berriz egin nion kasu: haren esanetara». Keinu harekin, argazkiak egiten ez ezik, pertsonak «nahierara» erabiltzen ere irakatsi nahi izan zuela sentitzen du Oñatek. «Eta aurretik ez zizun egia esaten; beti egiten zuen ja atzera egin ezin zenuenean... zapla!».

Hortxe amaitu zuen argazkilariarekin harremana: betiko. Baina ezin izan zuen alboratu guztiz haren itzala. Izan ere, handik urte batzuetara lankide baten bidez jakin zuen Interneten zeudela adingabea zenean biluzik egin zizkion argazkiak. «Irudi haiei buruz solastatzen hasi zitzaidan lankide hura. Nik ez nekien horiek inoren bistan zeudenik. Shockean sartu nintzen horren berri izan nuenean». Kexaka joan zen Cabezudoren estudiora, eta promesa egin zion hark: kenduko zituela irudiak. Baina erdizka bete zuen hitza, izan ere, argazki horiek gerora ere eskura jarraitu zuten Interneten: ez edonon, argazki erotiko eta pornografikoetara zuzendutako eremuetan aurkitu izan dituzte. Orain ja erretiratuta daude argazki guztiak. Baina kasuaren inguruan azkenaldian sortu diren albisteek piztu egin diote Oñateri jazotakoa kontatzeko gogoa. Eta salaketa jarri du berriki, Mario Diez abokatuarekin. «Gizon sendoa ikusi dut, behingoagatik argazkilari horren kontra egiteko borondatea ikusi diot».

Orain erantzun bat espero du justiziaren partetik. Egindako minarentzako ukendu bat. Izan ere, iruditzen zaio ezingo dituela inoiz guztiz erauzi orduan jazotakoak eragindako ondorioak. «Halako zerbaitek zure sexualitatea hil egiten du. Gizonekin harremanak izateko orduan, zu ez zara ezer: objektu bat zara. Eta horrela funtzionatzen ez baduzu, ez dakizu funtzionatzen, horrela tratatu zaituztelako lehen harremanetan, bortxatu egin dutelako zure intimitatea». Izan ere, andrazko biluziz betetako estudio hartan, haur oroitzen da oraindik, sexu harremanetan oraindik hasi gabea, eta modu guztiz okerrean erabilia. Arrastoa utzi zion horrek. «Zenbat aldiz esan izan ote didate: 'Baina, zer duzu? Zergatik ezin zara izan zoriontsu? Zergatik? Zergatik?'. Bada, ezdeusa sentiarazi izan nautelako, eta ez naizelako. Horrexegatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.