Albistea entzun

Euskara. Hizkuntza politika Nafarroan

Nafarroako dekretuaren mataza: nor-nori-nork

Euskarak lan deialdietan izan beharreko puntuazioa arautuko du Nafarroako Gobernuak, Funtzio Publikoko dekretuan. «Atzerapauso onartezina» dela esan du euskalgintzak, arauak ez baitu euskara meritutzat hartuko eremu ez-euskaldunean. Erro sakoneko arazoa da.

BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko otsailak 3

Ez da euskararen dekretu bat propio, baina arautuko duena da, besteak beste, euskararen ezagutzak zer pisu izan behar duen lan deialdietan. Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko Departamentuak iragan astean aurkeztu zien sindikatuei administrazioko sarbiderako merezimenduen dekretua, eta, ardatz nagusiak aurretik ezagunak izanagatik ere, kalapita handia eragin du kontuak.

Ikusi gehiago: Auzitegien «oldarraldiari» baturik erantzutea nahi du Kontseiluak

Euskalgintzak salatu du «atzerapauso onartezina» dela, 2017ko arauarekin alderatuta eskubide gutxiago aitortuko dizkielako euskaldunei; batez ere, Nafarroako erdialdean eta hegoaldean. Are, dekretu berriaren aurrekari eta erreferente nagusia UPN-CDN koalizioaren garaiko arau bat da. Hona hemen zenbait gako, dekretuaren matazatik tiraka, korapiloa desegiten hasteko.

NOR/ZER

Zer da dekretu berria? Eta, batez ere, zer ez da? Funtzio Publikoko Departamentuak ondutako zirriborroari «euskararen dekretua» deitu izan zaio askotan, epaileek aurreko euskararen dekretua kamustu ostean arau berri honek ordezkatuko baititu bertan behera utzitako puntuetako batzuk. Hala ere, ez da hori: 2017ko dekretu hura indarrean da oraindik (baliogabetu ez zituzten artikuluak bederen), eta orain aurkeztu dutena askoz murritzagoa da: erreferentzia egiten die, soil-soilik, administrazioko lan deialdietako merezimenduei. Alegia, zehazten du zer den meritua eta zer ez, eta zenbat puntu dagozkion hautagai bakoitzari meritu horiengatik.

Hala ere, merezimenduak ez dira lan deialdi guztietan aplikatzen, ezta gutxiago ere. Berez, hiru deialdi mota arautzen ditu dekretuak: oposizio lehiaketak (15. artikulua), lekualdatze lehiaketak (9. artikulua) eta mailaz igotzeko lehiaketak (20 bis artikulua). Horiek, baina, gutxiengoa dira. Gainerako oposizio eta lan eskaintza publikoetan, euskara izan daiteke eskakizuna (lanpostuak hizkuntza soslaia ezarria badu), edo ez. Nafarroako administrazioan, Hezkuntza Departamentua kenduta, postuen %4 inguruk dute profil hori ezarria (2015ean %0,4 inguru ziren). Gobernuak esana du lanean ari dela euskarazko lanpostu horien kopurua gradualki handitzeko, beste bide batetik: departamentuetako euskara planen bidez.

NORI

Hortaz, nori eraginen dio dekretu berriak? Funtsean, oposizio lehiaketa batean parte hartu nahi duten hautagaiei eta, administrazioan lan eginda, postuz aldatu edo mailaz igo nahi dutenei. Dekretuak propio aipatzen ditu Foruzaingoko lan eskaintza prozesuak eta Osasunbidekoak. Prozesu horietan guztietan, meritu asko hartzen dira kontuan (administrazio publikoko postuetan eskarmentua izatea, formakuntza, aurkeztutako txostenak...), baina atal bakar batean ematen dira puntu gehiago ala gutxiago eremu geografikoaren arabera: euskararen balorazioan.

Hala, eremu euskaldunean, gehienez ere 11,5 puntu eskuratu ahalko dira oposizio lehiaketetan, eta 4,6 puntu lekualdatze prozesuetan. Eremu mistoan, 6,9 puntu lehen kasuan, eta 2,76 bigarrenean, baina ez kasu guztietan: jendaurreko lanpostu batzuetan bakarrik. Egoera makurrena, ordea, eremu ez-euskalduneko deialdietan gertatuko da, euskara jakitea ez baita puntuatuko inolaz ere. Gainerako hizkuntzekin ez da halakorik gertatzen: frantsesa, ingelesa eta alemana menperatzea merezimendutzat hartuko da, neurri berean, Nafarroa osoko deialdietan.

Dekretuak zuzenean eraginen duenaz gain, zirriborroa bi urtez atzeratu izanak eragina izan du azken bi urteotan argitaratu diren oposizio lehiaketa guztietan. Izan ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2019an baliogabetu zituen euskararen merezimenduari buruzko puntuak, eta, ordutik, hutsune handi bat egon da araudian: 2020 eta 2021eko oposizio lehiaketetan, 0 puntu eman zaizkio euskarari sistematikoki, eremu ez-euskalduneko eta mistoko deialdi guztietan. Anomalia hori «konpontzera» dator dekretu berria, nahiz eta, eragile eta talde politiko ugariren esanetan, arazoa «betikotu» besterik ez duen eginen. Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok berak esana du «konponbide partzial bat» izanen dela.

NORK

Egungo egoeraren oinarrian subjektu asko daude: UGT eta SPA sindikatuek eman zuten lehen kolpea, euren abokatuak, Juan Jose Lizarbek —PSNko idazkari nagusi izandakoak— 2017ko Euskararen Dekretuaren kontra aurkeztutako helegite baten bidez. 2019ko urriaren 1ean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ontzat jo zuen helegitea, euskara meritutzat hartzea (eremu euskalduneko erreserbatik kanpo) «baztertzailea» eta «neurrigabea» zela argudiatuta.

Helegitea aurkeztu zutenean, PSN oposizioan zegoen, eta diskurtso suharra zuen Uxue Barkosen gobernuaren hizkuntz politikaren aurka. Sententzia heldu zenerako, ordea, PSN gobernuan zen Geroa Bairekin. Hor hasi ziren lehen tirabirak. Sententziari helegitea aurkeztearen alde azaldu zen Geroa Bai; PSNk, berriz, epaia bere horretan uztea erabaki zuen, gobernu bazkide nagusiari bizkarra emanda.

Urtebetez aritu ziren bi alderdiak arau berri bat negoziatzen. «Bilera horietan defenditu genuen, besteak beste, euskararen ezagutza aintzat hartu behar zela eremu ez-euskalduneko lan deialdi guztietan, gutxienez atzerriko hizkuntzen pare», azaldu zioten BERRIAri Geroa Baiko iturriek iaz. Azkenerako, baina, PSNk atzera egin zuen, eta proposamen are murriztaileagoa aurkeztu: «Zaplazteko izugarria izan zen guretzat», aitortu zuen Geroa Baik. Ordutik, agerikoak izan dira bi bazkideen arteko desadostasunak hizkuntz politikaren alorrean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea gaurko prentsaurrekoan ©Irekia

Zupiriak esan du Osakidetzaren lan ildoarekin «erresistentzia» agertzeagatik izan direla kargugabetzeak

Edurne Begiristain

Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatu du, Donostialdeko ESIaren egoera azaltzeko.

Donostiako ospitalaren atarian gaur goizean egindako protesta bilkura ©Javier Etxezarreta / Efe

Donostia ospitaleko 150 langile inguru batu dira gaur ESIko zerbitzuburuen elkarretaratzera

Edurne Begiristain

Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa salatzeko protesta bilkura jendetsua egin dute goizean ospitaleko atarian. ESIko zerbitzuburuek arratsaldean eskainiko dute prentsaurrekoa.

Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu zuten uztailean, Urduñako hilerrian ©Monika Del Valle / FOKU

Urduñako espetxe frankistako hogeita hamar presoren gorpuzkiak aurkitu dituzte herriko hilerrian

Berria

Aranzadi zientzia elkartea ari da desobiratze lanetan. Gogora Institutua biktimen senideekin harremanetan jarri da.

Kontseiluko kide diren eragileetako ordezkariak, atzo, Durangoko San Agustin kulturgunean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eskisabelek adostasuna eta «letra larriko politika» aldarrikatu ditu

Julen Aperribai

Euskararen biziberritzea «justiziari eta kohesio sozialari» lotutako auzia dela adierazi du idazkari nagusiak, eta aurreratu du balio horiekin bat egiten duten guztiekin ados jartzea izango duela xede.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...