Hutsune guztiak bete arte

Euskara sustatzeko hainbat egitasmo gauzatzen ari dira Estellerriko Erriberan. Berriki, kale izenak ele bitan jarri dituzte, eta, orain, Porrusalda plataforma sortu berriaren bidez, euskarazko kultur jarduerak antolatu nahi dituzte.

Lodosa Bizirik taldeko kideak, Lodosako kaleen izenak gazteleraz eta euskaraz jarri eta gero, plaka berriei eusten. BERRIA.
Ane Etxandi.
Iruñea
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun

Lodosan (Nafarroa), kaleen izenak ele bitan jarri dituzte berriki. Herria eremu ez-euskaldunean dagoenez, ez dituzte kaleen izenak derrigorrez bi hizkuntzetan jarri behar. Hala ere, Lodosa Bizirik elkarteko kideek, Sartagudako ereduari jarraikiz —iazko maiatzean jarri zituzten kaleen izenak ele bitan—, proiektu bat aurkeztu zuten udalean, eta, uztailaren 7an, udalbatzak onetsi egin zuen. Urrats bat egin dute euskara ikusarazteko.

 

Urtebeteko prozesua izan da. Elkarteak 2021eko irailean aurkeztu zuen proiektua. Martxoan, Euskarabidea kaleen izenen zerrenda prestatzen hasi zen Euskaltzaindiaren laguntzarekin, era egokian euskaratzeko. Horrez gain, Lodosa Bizirik taldeko kideek herriko karrika guztiak zenbatu behar izan zituzten. Finantzaketari dagokionez, Errigorak babestu du proiektua, eta Euskarabideak ere diru laguntza eman du.

Lodosa Bizirik elkarteak urteak daramatza lanean, euskarak presentzia izan dezan herrian eta inguruetan. Adibide argia da kaleko izenekin egin berri duena. Hala ere, oraindik lan handia dutela uste du Maite Pellejerok, taldeko kideetako batek: «Hizkuntza aldetik, badugu gauza dezente: badugu euskaltegia, ikastola, D eredua... Baina DBH eta Batxilergoa egiteko, adibidez, Lizarrara joan behar dute gazteek; hor hutsune bat dago».

Haatik, euskararen falta, gehienbat, kulturan sumatzen dute: «Administrazioak kulturaren arloan euskarara jotzea falta da, kultur ekintza gehiago euskaraz egitea». Horri irtenbide bat emateko, Porrusalda izeneko plataforma sortu dute. Lodosa Bizirik elkarteaz gain, Sartagudako Nafarroa Aurrera-k, Mendabiako Euskara Taldeak eta Andosillako herriko gazteek osatzen dute plataforma berria. Estellerriko Erriberako herrietako elkarteak dira, eta eremu horretan euskararen presentzia bermatzeko antolatzen dira.

Urtarrilean indarrak batu zituzten proiektu berri horretan. Haien egiteko nagusia kultura arloko ekitaldiak antolatzea da, haur, gazte eta helduek aukera izan dezaten aisialdian euskaraz bizitzeko. Aurkezpen ekitaldia Lodosan egin zuten, eta talde guztietako ordezkariak bildu ziren. Euskararen normalizaziorako bidean «aurreiritziak alde batera» uztearen eta «ikuspegi zabala» izatearen garrantzia nabarmendu zuten, eta aurtengo prestatutako agenda aurkeztu zuten. Musika oso presente egon zen aurkezpenean: txalaparta jo zuten, bertsotan aritu ziren, eta Ibaialde ikastolako ikasleek Lingua Navarrorum abestia kantatu zuten, besteak beste.

Elkarte horiek, iaz, Udalbiltzak antolatutako Geuretik Sortuak proiektuan parte hartu zuten. Proiektu horretan, Euskal Herriko hainbat artistari eskatu zieten sormen lan bat egiteko herri jakin batzuei lotuta. Hala, Maialen Akizu Andosillan, Lodosan, Sartagudan eta Mendabian izan zen hamabost egunez, eta eleberri motz bat idatzi zuen gero: Eszenatokia. Proiektu horren barruan, herrietako elkarteek aukera zeukaten kultur ekintzak herrietara eramateko. Antzerkiak eta ikuskizunak izan dituzte martxoaz geroztik. Horrez gain, aurtengo Korrikaren harira ere, euskarak bestelako presentzia izan du herrian, Pellejeroren hitzetan: «Hala ere, hemen euskaraz daukagun kultura guk egiten edo ekartzen dugulako daukagu. Udalak ez digu eman aukera hori oraindik».

Eskubideak urratu

Izan ere, Nafarroan, zonifikazioaren ondorioz, eremu ez-euskaldunean dauden herriek are zailtasun gehiago dituzte euskaraz bizitzeko. Argi ikusten da hori Estellerriko Erriberan: udalak antolatzen ez dituenez, herriak antolatu behar ditu jarduerak. Pellejerok adierazi du zonifikazioak «eskubideak mozten» dizkiela, eta «ez administratiboki ez aisialdiari dagokionez» ez dutela aukerarik euskaraz egiteko. Horregatik, Porrusaldaren gisako egitasmoak oso garrantzitsuak direla uste du, haiek gabe euskarak ez lukeelako presentziarik; eta Errigoraren babesa ere eskertu du. Hala, Porrusaldako kideak datorren urterako beste agenda bat prestatzen ari dira, aurten egin duten bezala, hutsune guztiak bete arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.