Clement Pottier eta Barthelemy Mottay. Irakasle eta FSU Snuipp sindikatuko kideak

«Hezkuntzan dauden arazoak kukutzeko, polemika faltsuak sortzen dituzte»

Frantziako Hezkuntza ministro berri Gabriel Attal «komunikatzaile hutsa» dela salatu dute. Uste dute hezkuntza «gaizki» doala, eta Frantziako Gobernuak polemika «erreakzionarioak» sortzen dituela aterabideak eman ordez.

Clement Pottier eta Barthelemy Mottay. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Eskola publikoko irakasleak dira Clement Pottier (1980, Marseilla, Okzitania) eta Barthelemy Mottay (1991, Donibane Lohizune, Lapurdi). Mauleko eskolan ari da bata, Lekornekoan (Lapurdi) bibestea. FSU Snuipp sindikatuko kideak dira biak, eta Baionako lan burtsan duten bulego tipian elkartu dira eskola sartzearen bilana egiteko. Frantziako Hezkuntza ministro Gabriel Attalen neurri berriez, irakasleen lan baldintzez eta hezkuntzaren erronkez aritu dira, Frantziako Gobernuaren «komunikazio estrategiei aurre egiten» entseatuz.

Erraterako, Attalek abuztu bukaeran abaia jantzia debekatu zuen eskoletan, laikotasunaren izenean. Polemika handia sortu zuen horrek Frantziako hedabideetan, eta sindikatuek —FSU Snuippek barne— salatu zuten neurri islamofoboa dela. Bestalde, Attalek hezkuntza sistema «hobetzeko» neurriak aurkeztu zituen uda bukaeran, baina sindikatuek arrakalak handitzeko arriskua ikusten dute neurri horietan. Besteak beste, lizeo profesionalen erreforma eta Irakasle Itun berria dituzte jomugan; Pottierrek eta Mottayk proiektu horien nondik norakoak azaldu dituzte.

Eskola sartzetik bi aste pasatu dira. Nola iragan da eskola sartzea?

CLEMENT POTTIER: Iruditzen zait zerbait berria gertatzen ari dela hezkuntzari dagokionez. Duela guti arte, irakasleak haur mainontzi batzuen gisan tratatzen gintuzten, sekula ez ginela kontent, beti eskean ari ginela... Pixkanaka jendeak ulertu du zinezko arazo bat badela, eta gure aldarriek beren bidea egin dute: ez da postu aski, ordezkoak nolanahika kontratatuak dira....

Alta, Frantziako hedabide nagusietan, hezkuntza gaien artean,abaia jantziaren debekuak sortu du polemikarik handiena.

POTTIER: Horretaz arrunt futitzen gara. Hori da beste gaiak ez aipatzeko sortzen duten polemika faltsua. Hain zuzen, garrantzia hartu duten gure aldarriak isilarazteko azken entsegu bat da. Ez dute luzaz halakorik egiten segitzen ahalko; hezkuntza gaizki doa, eta denek badakite.

Zeintzuk dira irakaslen aldarriak?

BARTHELEMY MOTTAY: Lansarien gaia luzaz tabua izan da.[Jean Michel] Blanquer [Frantziako Hezkuntza ministro ohia] garaia hain katastrofikoa izan da hezkuntzarentzat, non lortu duen irakasle guziek bat egin dezaten haren kontra; besteak beste, lansarien gaia mahaigaineratuz. Blanquer baino lehen, jendeak ez zuen ikusten irakasleak gaizki pagatuak zirela, baina, haren agintaldiaz geroz, denek bat egiten dute gaizki pagatuak garela.

POTTIER: Bi alde badira: gure lan eskubideak, eta ikasleenak. Biak batzen dituen aldarria da irakasle kualifikatuak behar direla. Horretarako, kualifikatuak diren jendeak irakaskuntzara bideratu behar dira. Etau horretarako, lanbidea bera erakargarri bilakatu behar da.

Frantziako Gobernuak dio publikoko irakasleen lansariak %10 igo dituela.

MOTTAY: Batetik, ez da batere galdetzen dugunaren heinean. Eta, gainera, ez dute soldata igo. Saria bai, baina soldata ez. Erran nahi du sari gehigarriak baditugula, baina horiek ez dira kontuan hartuak kotizazio sozialetarako, erretretarako, gizarte segurantzarako...

POTTIER: Gehituko nuke %10eko emendatze hori ez zaiela irakasle guziei aplikatu: %30 gazteenei soilik. Besteok emendatze tipiagoak ukan ditugu, inflazioaren mailara iristen ez direnak. Hau da, Frantziako Gobernuak irakasleen saria hobetzeko sekulako indarrak egin dituela dio, baina errealitatea da inflazioaren ondorioz lehen baino pobreagoak garela.

Salatu duzue ikasgeletan ikasle gehiegi badela.

POTTIER: Bai. Batez beste 35 lizeoan, 30 kolegioan, eskolan 25... Hori da araua. Ez da bakarrik irakasle eskasiarengatik. Hezkuntzan jartzen duten buxeta murriztu dute. Urtero erraten dute emendatzen dutela, baina gezurra da: zenbaki absolutuetan hala izango da, baina ez da proportzionalki Frantziako Estatuak metatzen dituen aberastasunen araberakoa. Hortaz, hezkuntzari doakion buxeta apaltzen doa.

MOTTAY: 25 ikasle izatea, berez, ez da katastrofikoa, baina kontuan hartu behar da ere inklusioaren gaia. 25 ikasletik bat autista bada, besteak elbarritasun fisikoa badu, eta anitzek eskolako zailtasunak badituzte... Ez da gauza bera.

Inklusioaren gaiari dagokionez, baliabide eskasia salatu duzue maiz. Zer gertatzen da?

MOTTAY: Egun, ikasle guziak hartu behar ditugu, elbarritasun bat dutenak ere bai. Berez, gauza biziki ona da. Arazoa da hori egin ahal izateko baliabide gehigarririk ez dutela jarri. Atzean zera dago: dirua aurrezteko zentro berezituak hetsi dituztela, eta eskolara igorri dituztela, baina baliabiderik gehitu gabe. Elbarria duten ikasleak kudeatzeko ez dugu formakuntzarik. Geroz eta laguntzaile gehiago daude, baina baldintza biziki prekarioak dituzte—800 euro hilabetean—, formakuntza arras guti —60 oren, denetara—, eta, ez dugu formakuntzarik elkarlanean aritzeko. Ikasleen arteko desberdintasunak areagotzen ditu horrek, eta geroz eta desoreka handiagoak dira. Eta hori dena duela hamar urte baino gehiago izoztua den lansari batengatik egin behar dugu.

Gabriel Attal izendatu dute Frantziako Hezkuntza ministro, eta berehala heldu dira neurri berriak. Abaia jantziaren debekua, Historiako irakasgaien aldaketa... Zer diozue?

POTTIER: Komunikatzaile hutsa da, ez du neholako arazorik izanen eztabaida erreakzionarioak bultzatzeko; ondoko urteei begirako paisaia politikoaren arabera eginen du dena, eta ez batere hezkuntzaren beharren arabera. Attalek hitz eginen digu abaiaz, laikotasunaz, autoritateaz, uniformeaz... Bazterrera utziz egiazko arazoak. Bitartean, Macronek zerbitzu militarra ezarri nahi du berriz, lizeo profesionalen erreformaren bidez adingabeen soldatapeko lana bultzatu nahi du...

MOTTAY: 2027an gogoratu beharko dugu zein izan diren Attalen lehen neurriak eskuin muturraren kontrako boza ematera deituko gaituztelarik. Irakasle eskasiari, baldintza kaskarrei, abaiaren debekuarekin erantzun die.

Frantziako presidente Emmanuel Macronek Frantziako hedabideetan erran du ikasleen maila apaltzen ari dela. Zuek ere hala uste duzue?

MOTTAY: Ez. Gezurra da. Ez da oro har maila apaldu. Zaurgarrienen maila apaldu da, eta dirudunena igo. Hortaz, arrakalak handitu dira. Sistemak ikasle jakin batzuei baizik ez die mesede egiten. Hori da arazoa.

Lizeo profesionalen erreforma eraman nahi du Macronek, ikasleei enpresetan denbora gehiago pasatzeko aukera emateko.Zuen sindikatuak adierazi du erreforma «arriskutsua» dela. Zergatik?

MOTTAY: Lizeo profesionaletan adingabeak soldatapeko lana egitera bideratu nahi dituzte. Hori eginen duten ikasleak zein dira, ordea? Pobreenak. Ez baitezpada aukera profesional hori hautatu dutenak. Langile diziplinatuak izatera bideratzen dituzte. Eskola jada ez da emantzipaziorako lekua.

POTTIER: Ororen buru, guti formatuak diren gazteak izango ditugu. Hemendik hamar urtera lanean ari diren sektorea erortzen bada, ez dute beste gauzarik egiteko gakorik izanen. Haien irudiko, langile klaseak ez du jakintza gehiegi izan behar.

Frantziako Gobernuak, bestalde, Irakasle Ituna plantan ezarri nahi du, irakasleen sariak hobetzeko lan oren gehigarriak egiteko aukera emanez. Zer da zuzen?

POTTIER: Helburua da boluntarioki irakasle batzuek onar dezaten oren gehigarriak egitea zailtasunak dituzten ikasleak laguntzeko, edo falta diren irakasleen orenak betetzeko. Funtsean, gehiago lan egitea, gehiago pagatua izateko.

MOTTAY: Ez da ahantzi behar batez ere lehen mailan irakaskuntza biziki femeninoa dela: irakasleen %85 emazteak dira. Horietarik %12k lanaldi murriztua dute, gaur egun oraindik etxeko karga dutelako bizkar gainean. Hortaz, gisa horretako egitasmoak, argiki gizonentzako abantailatsuak dira. Genero arrakala handitzen dute.

Zer mobilizaio antolatu dituzuen hurrengo egunetarako?

POTTIER: Urriaren 13an sindikatuen artekoa eta lan arlo desberdinen artekoa izanen den mobilizazio bat izanen da Baionan, inflazioaren ondorioz lansarien emendatzea galdetzeko.

MOTTAY: Urriaren 3an, ahalmen urriko ikasleen laguntzaileen lan baldintzak salatzeko elkarretaratze bat izanen da. Prekarioak dira, eta sostengu behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.